15/02/2020

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Enpatia testuinguru digitalean

AEBetan egindako ikerketa batek dioenez, azken hogei urteotan gazte estatubatuarren artean enpatia gaitasuna %40 jaitsi da. Gaitasun galtze horretan eragin handia dute teknologia berriek ahalbideratu dizkiguten, edota mugatu dizkiguten, komunikatzeko eta harremantzeko era berriek. Izan ere, ukaezina da gure haur eta nerabeek geroz eta gazteagotatik eskura-eskura dituzten teknologia berriek iraultza ekarri dutela artean ezagutu, eta praktikatu, ditugun harremanak eraikitzeko moduetara.

Inolako zalantzarik gabe, teknologia berriek, eta pantailek, batez ere, denbora berriak eskatzen dizkigute. Denboraren berrantolaketa egin beharrean aurkitu gara, askotan, lehen egiten genuen zerbait aparte utziz. Lehia horretan, tarte egite horretan, idatzizko komunikazioak indarra kendu dio ahozkoari.

Aurrekoan Myrta Chokler aditu argentinarrak esandakoak aipatu genituen, «teknologiek inbaditu gaituzte eta eraldatzen ari gara. Mundu birtualak, existitzen ez denak, liluratu gaitu». Era berean, haurraren garapen emozionala eta psikologikoa aintzat hartzen badugu, haur txikiak «ez du inongo aukerarik fikzioa errealitatetik bereizteko» ohartarazi zigun. Hortaz, gero eta gehiago komunikatzen bagara bestea aurrean izan eta ikusi gabe, gero eta aukera gutxiago dugu besteen lekuan jartzeko. Eta enpatia hori da, hain justu, besteen lekuan jartzea, bestearen azalean.

Enpatia urritzen joan ahala, gero eta aukera gehiago sortzen dira mina eragiteko, errazago azalduko da bazterkeria. Badirudi enpatia txikitzen den neurrian handitzen dela ziberbullying-a gertatzeko aukera: ez baitugu ikusten besteak zer sentitzen duen esaten/idazten dugunarekin.

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniari, hezkuntzan doktore eta unibertsitateko irakaslearen jakin-min iturri izan da haurren eta nerabeen arteko jazarpenaren gaia. Ondorio batera iritsi da bera, «enpatia da teknologien erabilera arduratsuaren giltza». Finean, «balioetan heztea litzateke gakoa, teknologia gabeko aroan bezala, baina beste testuinguru batean gaudela abiapuntu hartuta». Izan ere, teknologiaren aurrekoa izanik ere jazarpena, aukera berriak zabaldu zaizkio.

Esnaolak idatzi zuen «Enpatia teknologien erabilera arduratsuan» artikuluan zioenaren arabera, teknologia berrientzat denbora irabaztea, sormenerako eta irudimenerako denbora galtzearen bizkar egiten da. Beste ikerketa batzuek, berriz, pantailei denbora egiteko bazter uzten diren jarduerek zerebroaren eta intelektualitatearen garapenerako ezinbestekoak direla erakutsi dute.

Oharkabean, bizitza errealitatearekin konexioa galtzen ari den garai hauetan, «fisikoki hemen nago baina hemen ez dagoen jendearekin egon nahi dut, nire mundu errealean ez daukadana nahi dut, pantailetan aurki dezaket. Horrek guztiak izugarrizko eragina du egunerokotasunean», Esnaolaren esanetan. Facebook, Twitter, Instagram eta beste zenbait aplikazio gehiagoren martxa jarraitu nahi dugu aldi berean. Eta, gainera, kokatuta nagoen testuinguru fisikoan arreta jarri behar dut, erabakiak hartu, kudeatu... Ez al dira buru gehiegi txapel bakarrarekin estaltzeko? Pentsa zer den hori hezkuntzaren esparrura ekarrita!

Ikerketetan aurkituko dugu erantzuna berriro, denean egoteko gai garela pentsa dezakegun arren, frogatu dute arreta banatuta dagoen unetik arreta ez dagoela inon. Hala eta guztiz ere, batzuk zein besteak bat datoz ideia berarekin: galera horiek berreskuragarriak dira. Esposizio denborak erregulatzean dago koska.

Guregandik jasotzen ari diren eredua, zain egotea, mugak, balioak, harremanen kalitatea, arreta. Bada hamaika hari nondik tira egin. Hezigune batzuetan hasi dira gurasoak bildu eta seme-alabek pantailekin zein harreman izatea nahi duten hausnartzen. Horra hor gakoa: erabaki zein harreman izan nahi dugun mugikorrarekin. •