15/02/2020

Gorka Elejabarrieta
Irlanda

Egungo Irlanda zer dago, 1998ko Irlandarekin konparatzen badugu, batasunetik hurbilago edo urrutiago? Garaian irakurketa egokia egin eta erabaki zuzena hartu zutela dudarik ez dago

Ostiral Santuko bake akordioa 1998ko apirilaren 10ean sinatu zen. Akordio horren zenbait gako aipatu nahi nituzke. Gerra irabazteko aukerarik gabe, baina galtzeko arriskurik gabe, gerraren bidez helburu politikoak eskuratzea ezinezkoa zela jabetu eta gatazkaren konponbidea eta ondorioz helburu politikoak beste modu batzuen bidez lortzen saiatzeko joko araudi berria ezarri zuen Ostiral Santuko akordioak. Joko arau demokratikoak. Alde guztiek Onespen Printzipioa ere onartu zuten, eta, printzipio horren arabera, Irlandaren batasuna eskuratzeko batasunaren aldeko gehiengoak beharrezkoak dira uhartearen hegoaldean eta iparraldean. Bi subjektu politiko egon badirela onartzen zuen printzipio horrek.

Bidea, beraz, argia: hegoaldean zein iparraldean gehiengo elektorala eskuratu eta horrekin batera uhartearen batasunaren aldeko iritzia hegemoniko bihurtzea. Hori gabe Irlanda zatitua jarraitzera kondenatzen zuen Ostiral Santuko akordioak. Aldiz, batasuna eskuratzeko bidea argitzen eta posible egiten zuen akordioak berak ere. Arriskuz eta aukeraz beteriko akordioa. Sinn Feineko lidergoak eta oinarriek harturiko erabakia ausarta eta arrazionala izan zen aldi berean, denbora gero eta argiago frogatzen ari den bezala. Egungo Irlanda zer dago, 1998ko Irlandarekin konparatzen badugu, batasunetik hurbilago edo urrutiago? Garaian irakurketa egokia egin eta erabaki zuzena hartu zutela dudarik ez dago.

Baina, esan bezala, erabaki egokia hartzeak ez zien ziurtatzen bide berrian gauzak ondo egingo zituztenik eta, ondorioz, agertoki berriaren aukerak profitatu eta haien helburu politikoen lorpenera hurbilduko zirenik. Arerioek ere jokatzeko aukera zuten zelai berrian eta trebatuago zeuden eta eskarmentu handiagoa zuten borroka elektoralean. 1996ko Ipar Irlandako Legebiltzarreko hauteskundeetan, hau da, akordioa baino bi urte lehenago, Sinn Feinek bozen %15,5 lortu zituen, SDLP, UUP eta DUP alderdien atzetik. Hegoaldera begiratzen badugu egoera are latzagoa zen, 1997ko hauteskunde orokorretan Sinn Feinek bozen %2,5 eta diputatu bakarra eskuratu baitzituen. Emaitza horiek hasiera puntu bezala izanik, estrategia berria aplikatuz helburu zaharren lorpenari ekin zioten. Hauteskunde emaitzak begiratzen baditugu Sinn Fein igo baino ez da egin geroztik, hauteskundez hauteskunde, aurreko astean Irlandako hegoaldeko hauteskunde orokorretan alderdi bozkatuena bilakatu arte.

1998an, agertoki berria, joko arau berriak, arrisku eta aukerak agertzen ziren, baina oso gutxik pentsatuko zuten hogei urte geroago alderdi bozkatuena bilakatuko zenik Sinn Fein hegoaldean. Uhartearen batasunaren aldeko babesa ere goraka joan da, gazteen artean bereziki; gazteen gehiengoa batasunaren alde dago eta zaharrenen artean bakarrik nagusitzen da unionismoaren aldeko hautua. Brexitaren kontra bozkatu zuen Irlandako iparraldeko biztanleen gehiengoak eta horrek ere, duda barik, batasunaren aldeko babesak igoaraziko ditu datozen garai hurbiletan. Bi ondorio nagusi amaitzeko. Sinn Feinek bi gauza lortu ditu. Batetik iparra zein hegoaldea gobernatzeko babes nahikoa eskuratzerik baduela frogatu du. Bere oinarriari zein bere herriari frogatu dio hori, biek ala biek garaipena posible dela sinestea beharrezkoa baita. Borroka politiko elektoralean ere hoberena, babes gehien eskuratzen dituena izan daitekeela frogatu du. Eta horrekin batera Irlandaren batasunaren aldeko babesa geroz eta handiagoa da, iparrean zein hegoaldean. Baliteke, ziurrenik esango nuke, datozen urteetan gauzatzea. Gero eta gehiago dira irlaren batasuna denbora kontua besterik ez dela diotenak. Izan bedi. •