15/02/2020

Pello Otxandiano
Zaldibar

Urkulluk jendarte otzana nahi du, hauteskundeetan boza eman eta politikaz paso egiten duena. Ez du beste ezer nahi bera eta herritar bakartuen artean

Zaldibarko gertakarien harira ikusi eta entzun ditugunak esperantzarako baino etsipenerako tarte gehiago uzten digute euskal herritarrok zabortegi handi bat den mundu honetako txoko apartatu honetan erreferentzia berri bat, berdinzalea, justizia sozialean eta garapen eredu orekatu eta jasangarrian oinarritua, sortzeko gai izan gaitezkeela uste dugunoi. Halaxe da, izan ere, etsigarria, Urkulluk hezurmamitzen duen politikagintza eta lidergo eredua.

Izugarria da kolapso ekologikotik gertuegi gauden garaiotan halako hondamendi ekologiko baten aurrean Eusko Jaurlaritzak adierazi duen arduragabekeria, lan istriputzat eta zorigaitz naturaltzat joz gertatutakoa, ardura politiko oro ukatuz. Deitoragarria da ikuspegi askotatik, hildako langile bi eta milaka kaltetu tarteko, lau egunez herritarren eta oposizioko taldeen eskaerei muzin egin eta adierazpen bakar bat, keinu sinple bat egin ez izana. Gertaeren ondorengo lehen agerpen publikoa hauteskundeak deitzeko baliatzea, argibiderik emateko inolako asmorik gabe, erregimen autoritarioenen pareko nagusikeria eta harrokeriaz jokatzea da. Zer esan komunikabide nagusien boterearekiko subordinazioaz eta PNVk ETAren komodina atera izanaz.

Modu askotan izendatu daiteke Urkulluren lidergo instituzionalak hartu duen jite hau. Niri horrelako politikagintzak geure herri gaitasunetan duen eragin kaltegarriak kezkatzen nau gehien. Izan ere, sinetsita nago badagoela humus berdinzale bat herri honetan. Badaukagula sen komunitarioa, gaitasun autoeratzaile bat gaurko eta biharko erronka sozialei erantzun berritzaileak emateko, Euskal Herria eta gure egiteko modu komunitarioa munduan posizionatzeko anbizioa izan dezakeena.

Irudi luke Urkulluk anbizio hori itzali nahi duela, hain zuzen. Jendarte otzana nahi du, hauteskundeetan boza eman eta politikaz paso egiten duena. Ez du beste ezer nahi bera eta herritar bakartuen artean. Mespretxatu egiten du jendarte antolatua, politizatua. Eta haserre plantak eginaz erantzuten du herritarrek edo kazetariek interpelatzen dutenean.

Euskal egitasmoak –deitu burujabetzea, deitu naziogintza; finean, Euskal Herria komunitate gisa autoeratu nahi duen politikagintza– lidergo politiko sendoa behar du. Gure balio komunitario berdinzaleak hauspotuko dituena, inspiratuko gaituena, anbizioa proiektatuko duena, geure gaitasunak askatzen lagunduko diguna. Horren guztiaren kontrako lidergo eredua da Urkullurena. Irudi luke, gainera, planifikatua ere badela, intentzionalitate bat dagoela euskal jendartea intelektualki eta moralki pobretzekoa. Horrela, denak bere horretan jarrai dezan, eta, berak, zabor mendiaren gailurrean, goitik behera begiratuz herritarroi.

Herriak Urkullu maite du Urkulluk herria baino gehiago. Ez gaitezen itsutu, ordea. Badakigu zer ez dugun egin behar, nola ez dugun jokatu behar. Badu gauza on bat Urkulluren nagusigoak: kultura politiko alternatibo baten eraikuntzarako tarte zabala uzten duela, lidergo berriak irudikatzeko antitesi bat eskaintzen digula.

Sinn Feinen emaitzek esperantzara lotzen gaituzte, joera bat konfirmatzen baitute: ezkerreko subiranismoa sendotzen ari dela eragile eraldatzaile gisa Europa mendebaldean. Hauteskundeak deitu ditu Urkulluk apirilaren 5ean. Hilabete eta erdi eskas alternatiba badagoela ikusarazteko. Garaiko erronka kolosalek bestelako lidergoak eskatzen dituztela adierazteko, herri sektore aurrerazale, abertzale, soberanistekin konektatu eta proiektu partekatu bat eskaintzeko. •