Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Soinujolea eta euskalduntasuna

Iturgaitz? Bai, bai, Iturgaitz. Jode. Benetan? Ez da broma? Ez. Kar-kar-kar». Pentsa daiteke elkarrizketa hori behin eta berriz gertatu dela aurreko astean zehar. Batzuek bete-betean gogoratuko dute. Beste askori haur edo gaztetxo gineneko politikaren oroitzapenak ekartzen dizkigu. Ernaikoek orain deskubrituko dute.

Oso atmosfera astuna izan zen 1990eko hamarkadaren erdialdetik 2000ko lehen urteetara. Tentsioa handia zen, horrela erabaki zuen ezker abertzaleak. Atentatuen berriak eguneroko ogia ziren eta koordenadak Euskal Herria vs Espainia mailan kokarazi ziren. Ikurrinak eta kale borroka alde batean, polizia eta ilegalizazioak bestean. Albo batean, Elkarri, Gesto por la Paz... Ez zen inor garaile atera. Bueno, bai, jeltzaleen alderdia, beti bezala. Iturgaitz orduko pertsonaia politikoa da. Zurruna, sinplista. Ia-ia karikatura bat. Egin dituen lehen adierazpen publikoen artean, Vox oso ondo dagoela. Nostalgiko bat. Eta badakigu Espainian “nostalgiko” hitza zeren eufemismoa den.

Halere, beti erakarri nau gauza batek. Iturgaitzek euskaraz ikasi zuen. Izugarrizko zailtasunarekin hitz egin du beti, baina, posizio guztiak inoiz baino urrunago zeuden unean, PPko EAEko buruzagiak publiko aurrean eta medioetan euskaraz hitz egiten zuen. Iturgaitzen euskara mailarekin barre egitea nahiko furfuriatsua iruditzen zait (nerabe nintzenean ez bezala, egia esan). Euskaraz aritzea, euskal jendartearekiko erabateko deskonexioa ekiditeko sinbolo bat izan zen nire ustez. PPk egin behar izan zuena. Oraindik 1970eatik zetorren olatu euskaltzalean geunden. Eta naziogintza ere bizi-bizi zegoen. Gogoratzen euskal selekzioaren partiduak? Giroa, egia esan, nahikoa futbolero zegoen, oso “hooligandua” agian. Kalea beti kartelez beteta, baita institutuetako pasilloak ere, kamiseta erreibindikatzaileak genituen gehienok...

Oso bestelakoa da egun egoera. Markatzaile politiko agerikoenak desagertu egin dira gure arropatik. Politika ez da, oro har, nerabeen elkarrizketetan agertzen, ez bada politikarien aurkako ohiko klixe kontserbadoreetan. Eta euskararen erabilera eta harekiko abegikortasuna maldan behera doaz. Agian, ez dakit, revival txiki bat ez zaigu gaizki etorriko. Espainiartasun erresumindua eta biziki kontserbadorea dugu berriro aurrean. Erabateko boterea ez izatea jasanezin zaiona eta ezberdinari errezeloz, beldurrez eta modu oldarkorrean erantzuten diona.

Beharko dugu horren aurrean euskalduntasuna adierazi. Eta oraingoan euskalduntasun oso heterogeneo bat proiektatu beharko dugu, oldarraldiari nagusitasunez erantzun ahal izateko. Mundu osotik etorritako jendea barnebiltzen duen euskalduna eta erroak hemen eta orain dituena. Euskalduntasunaren erantzunak ez baitaude Antso III.ean, ez bada filmetarako. Portzierto, film epiko on bat ere ongi letorke, Fredi Paiak beti eskatu duen gisan. Baina bestela, orain bilatu beharko ditugu euskaltasunaren gakoak. Prekariatuari bizitza duina emango dion euskalduntasuna, sexuen arteko arrakala gaindituko duen euskalduntasuna, emakumeak kaletik beldurrez ibiltzearekin bukatu duen euskalduntasuna, eskola segregazioa desagerraraziko duen euskalduntasuna, ingurunearekiko oreka lehentasun izango duen euskalduntasuna, norbera eta gainontzekoak maitatzeko eskubidea defendatuko dituen euskalduntasuna. Euskara hizkuntza alai eta lagunarteko bezala biziberrituko duen euskalduntasuna. Eta hortara goaz. Iturgaitz, kaixo eta agur. •