Oihane Larretxea de la Granja

Erbiak burutxoa atera du

Besoetatik askatzen hasi zara, urrats ttipiak, biziak eta baldarrak. Beldurrez eta tentuz batzuetan, ausardia itsuz besteetan. Beti irri urduriz. Gordelekutik atera du burutxoa erbiak. Eta ez du atzera egin nahi. Zapatatxoen gomazko zolaren azpian sentitu du, lehen aldiz, munduaren larruazala.

Bidaia luzearen lehen pausoak, deskubrimenduarenak, inozentzia eta ontasunarenak. Noiz edo noiz besoetara, «etxera» itzuliko da, baina dagoeneko abiatua du bere bide propioa. Eta hala behar du. Munduaren larruazala oraindik xamurra zaio.

Begiez ikasi eta ikusi, eta 80 zentimetro eskaseko perspektiba horretatik logikak eraiki, arrazoiak ulertu eta erantzunak bilatu. Eta galdetu. «Zergatik?». Jarri zalantzan susmagarri zaizuna, aldatu gustuko ez duzuna, kendu bidetik kalte egiten dizuna. Jarrerak eramango zaitu, urratsez urrats, aurrerantz.

Eta ez konformatu. Inoiz ez konformatu aldez aurretik eginak iritsiko zaizkizun arauekin eta ereduekin. Ez konformatu emanda datorrenarekin, ez eta inposatutako eskemekin ere. Defendatu eta borrokatu libre sentitzeko-izateko modua. Zurea. Horrek utziko dizu gauero lasai lo egiten.

Burua pentsatzeko eta bihotza sentitzeko; batzuetan bihotzaz arrazoitu eta buruaz sentitu. Oin bat lurrean eta beste bat ilargian izatearen desorekak ekartzen du, maiz, oreka.

Defendatu maite duzuna eta izan dadila zure burua gehien estimatzen duzun hori. Maitasun horrek ahaldunduko zaitu. Maitatu askatasuna eta askatasunaz maitatu, taburik gabe, betorik gabe, konplexurik gabe.

Hegan egiten duzula sinistu, baina ulertu batzuetan ezingo duzula. Eta ez ahaztu, bihotzatxo, lehen urrats ttipi eta narras haietan zegoen inozentzia eta ontasuna. Hori ere bagara. •