Itzea Urkizu Arsuaga

Lehen musua

Ez dakit gai ote garen, dena noiz hasi zen zehazteko; noiz piztu zen lehen haserrea, edo noiz sentitu genuen geure burua, besterentzat deseroso. Egia esan, ez du garrantzi handiegirik ere, ekitea baita kontua. Zerbaitek begirada behin altxarazi baldin badizu, presta zaitez, erretina gero eta zorrotzago baten jabe izateko. Nik neuk ez dut sekula argi izan, baina, kasualitatez, pandemia madarikatu honen albiste zaparradatik, egunotan oroitzapen bat erori da nire aterkira. Akaso, hura izan zen feminismoari lehen musua eman nionekoa.

Batxilergo garaia zen, guztia berria eta ia guztia amorragarria zitzaigun garai hura. Heltzen ari ginela uste genuen, etorkizuna nolabait aukeratzen; mundu zabalera paraxutik gabe salto egiten. Jauzi horretan gidari genuenetako bat soinketako irakaslea zen. Emakumea, nire gurasoak baino zertxobait zaharragoa. Klase orduetan, gelako mutilak futbolera bidaltzen zituena, neskoi “denbora librea” barre ironiko artean emanez. Berak, bitartean, tabakoari heltzen zion.

Ikastetxeak neurriak hartzea erabaki zuen, jolas-orduetan inoiz sortutako ika-mikak arintzeko, eta hara: ikasle guztiok –sexu-generoen araberako– taldetan banatu, eta futbol txapelketatxo bat antolatu zuten, bere final eta guzti. Ia dena zitzaidan amorragarri 16 urterekin, baina, batez ere, ni baloi eta oinen jokora behartzea bezalakoak. Soinketako irakasleak hartu zuen txapelketatxoaren ardura, nola bestela, eta Gabonen aurretik zehaztu zituen finalak. Bi zati, atsedenaldi batekin. Emakumeen finala aurretik, eta gizonena ondoren; lehenengoak 20 minutu, bigarrenak 30. Batxilergoa, aisialdia, bullying-aren aurkako helburuz antolatutako txapelketa. Paraxutik gabeko hezkuntza sistema.

Eta, gaurtik ordukoari begira, gogoz kontra bada ere, eskerrak eman beharko dizkiot soinketako irakasle hari, nigan lehen haserre horietako bat piztearren. Lagun izan zituen, 16 urterekin haurdun geratzea emakumeon “azken hitzaren” errua zela esan zigun tutorea, edo 13rekin gelako neska guztioi ipurdia ukitzen zigun mutila guk probokatzen genuela baieztatu zuen irakaslea. Guztiak, nire lehen musuaren konplize, eta zorionekoa ni.

Zorionekoa, urte, giro, irakurgai, pertsona, obsesio eta jenio txarrek bizipen anekdotiko horiek garatzeko leiho bat eman didatelako. Handik ikusten ari naizelako, gure zenbait kezka hutsaren hurrengoa direla, munduko beste hainbat emakumerenekin alderatuta. Baina, guztiak lapiko berean sartu, eta salda zaporetsu bat edatea beste irtenbiderik ez dugula, inoiz gerra eternal honen bonba hotsak isilduko badira.

Elkartu, antolatu, indarrak batu; horretarako deia dugu biharkoa. Azken urteotakoari gatza bota, eta borborka ari den salda horretatik denok batera edatekoa. Lapikoa mikaztu nahi duten koilara erraldoiak aldatzekoa, salda guk geuk eragiten dugun bitartean. Irakinaldiz irakinaldi, ahosabai zenbait erretzen jarraitzekoa. Eta, nire lehen musua beste horrena baino konprometituagoa izan zela pentsatu beharrean, denok musu berak maitemindu gaituela ospatzekoa. Batu borroka feministara! •