Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurralde zaharra

Nork ez du inoiz auto baten aurrealdeko foku, matrikula eta kapotean giza-aurpegi bat irudikatu? Inguratzen gaituzten objektuei gizaki bizidunen kualitatea gaineratzeak izen bat du, antropomorfismoa. Humanoide-zentrismoaren eri seinaletzat har litekeen arren, errealitate materiala marrazki bizidunen pantaila barnean egongo bagina bezala irudikatzea ariketa enpatiko bat bezala ere har genezake, gizakia ez den gainontzekoarekin harremantzeko modu baten giza-trikimailua, sentikortasun-maila handitzeko bide edo. Irudimen-jolas horrekin hasita, lurraldeari begira jar gaitezen eta lurraldea atso baten gisa imajina dezagun. Gorputz nekatua, mindua, geldo ibiltzen dena; iragan luzekoa, etapa ezberdin askoren esperientzia jaso duena; askotarikoak esateko interesa duena, heldutasunaren lasaitasunean dagoena. Heriotzarik ezagutuko ez duen lurraldea; behin denboraren neurgailuaren patuan jarrita, gaztetasuna urruti duela besterik ez luke esan nahiko, jaiotzatik denbora-distantzia luzera; zehaztu ezineko edadeko gorputz bat izango litzateke, iraganeko bizi esperientzian aldaketak jaso eta ezberdin aritzen dena. Erraza da lurraldea zahartzaroan irudikatzea eta sentikortasun gutxi beharko dugu haren oihua ozen entzuteko; zaindua izatea, errespetatua izatea, kontutan hartzea arren eskatuz.

Gure adinduei bozgorailua ahoan jarriko bagenie, aldirietatik zentrora eramango bagenitu, ikasketa handiak lortuko genituzkeelakoan nago. Eta ez iragan den gertakizun eta memoria berreskuratzeko, etorkizuneko klabeak ezagutzeko baizik. Zahartzaroa, ezer bada, behatoki boteretsua delako garenaz ohartarazteko. Adinduak nola zaintzen ditugun eta zein paper ematen diegun gertutik begiratuz gero, gure gizartearen hainbat hutsunez konturatuko ginateke. Zaharren bizitza abagunea da: gaztetasunaren indarra, atraktiboa, produktibotasunaren zama apaltzen denean, gorputzak beste erritmo bat eskatzen duenean, aldarri desberdinak azaleratzen direlako, ez hobeak ez okerragoak: bestelakoak. Izan ere, gorputzaren ahuleziak beste eragite esparru batzuk zabaltzen ditu, aukera denbora delako.

Lurraldea gazte balitz bezala pentsatu, antolatu eta zaintzen dugu, zahartzeko aukera irudikatu gabe, datorkigunari alboz begiratuta. Lurralde zaharrean eragiteko egoera ezezaguna eta arrotza zaigu, zahartzaroa galdera ikur handi bat zaigulako oro har. Lurraldea gaztetasunaren izaerarekin eraikita dago: azkar ibiltzeko, distantzia luzeak korritzeko, aktibitate aktiboa garatzeko espazioak eskainiz, autonomia indibidualtasunean oinarrituta ulertzen duten etxeak eta kaleak eratuz. Indibiduoen isolamendua ez da gai existentzialista bat soilik, hiriak eraikiak dira indibiduoak indartsu eta bakarrik funtzionatzeko, unitate afektibo eta funtzional nagusia familia izanik. Behin familiaren gotorlekua deseraikita, indibiduoa afektiboki eta fisikoki isolatuta agertzen da, eta zahartzaroak errealitate gordin hori ikusarazi besterik ez du egiten. Espazio indibidual eta isolatuak malgutzeko eskakizuna nabaria da, lurraldea zaharkitu ez dadin. Lurraldeak eta adinduek sonotonea jartzeko eskatzen badigute, obedi dezagun. •