Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Nire barruko gizonaren dekalogoa

Berriz ere ate-joka dugu gizon (ustez) sentiberok urduritzen gaituen eguna, historikoa izanik non jokatu jakiten ez dugun eguna eta (horrek urduritzen gaitu gehien) gu kokatu ez arren historiko izateari uzten ez diona. Hauxe da itxuraz –itxuraz baino ez– urte osoan zehar ezkutuan edukitzen dudan barruko gizon hegemonikoaren Martxoaren 8rako dekalogoa.

1.- Ez dut nabarmendu nahi, baina nabarmendu dadila ez dudala nabarmendu nahi. Egon beharra sentitzen dut, norbaitek esan diezadala manifestazioan non jarri. Atzean jarriko naiz aurrekoengandik doiki urrunduta, hor nagoela ikusteko moduan.

2.- Gaur ez da nire diskurtsoa botatzeko eguna, baina nabaritu dadila badudala diskurtso bat. “Ondo ari zarete” esango dut behin eta berriz, aitakeria ahal dela disimulatuz, baina ondoren, txikikeria moduan, iradokizun tekniko batzuk egingo ditut oholtzako megafoniaren edo ekitaldiko eskaletaren inguruan, ekitaldigintzan aditua banintz bezala.

3.- Balioa emango diot egiten dudanari. Urte osoan zehar itzalean geratzen diren lanak egingo ditut: haurrak zaindu, gurasoak bisitatu, etxea garbitu eta otorduak prestatu, adibidez. Eta, batez ere, kontatu egingo dut egunean zehar egin dudana: nabarmendu dadila zeinen ongi egin ditudan lanok eta, ahal dela, inor ez dadila ohartu zeinen gutxitan egiten ditudan.

4.- Beste gizonengandik bereiziko naiz. Indarkeria matxistak nola aztoratzen nauen kontatuko dut; nola amorratzen naizen bileretan hitza jabetzan hartzen dutenekin, beti arrazoi dutenekin. Ni ez naizela halakoa azpimarratuko dut, halakoa ere banaizen arren.

5.- Emakume militanteekiko nire konplizitatea erakusten eta, batez ere, konplizitate horren garrantziari balioa ematen ahaleginduko naiz. Eta, ahal dela, inori ez diot kontatuko nire kuadrillan denok gizonak garela eta joan zen asteburuan sagardotegira joan ondoren Hernaniko taberna guztiak guretzat hartzen ahalegindu ginela.

6.- Behin eta berriz aldarrikatuko dut nire burua deseraikitzen ari naizela; lau haizetara zabalduko dut nire pribilegioei uko egin diedala. Hori ere nire pribilegioei eusteko bide bat baita.

7.- Deseroso nagoela esango dut, nire kontraesanak sentitzen ari naizelako. Ahal dela ez diot inori kontatuko benetan deseroso jartzen nauena inork nire funtzio eta protagonismo-premiei garrantzirik eman ez izana dela.

8.- Ez dut ekintza konkretuez hitz egingo, kontzeptu abstraktuak erabiliko ditut. Ahal dela nire bibliografia feministaren aberastasuna agerian uzten saiatuko naiz, baina nabarmendu gabe: esaldiko autore bat asko jota.

9.- Sare sozialetan Martxoaren 8ari buruzko edukiak zabaltzen eta, batez ere, ni ere hor egon naizela erakusten saiatuko naiz.

10.- Martxoaren 8ari buruzko artikulu bat idatziko dut kolaboratzen dudan egunkari, aldizkari edo argitalpenean. •