Gaizka IZAGIRRE BROSA
JENDARTEA /

BARRURAKO PLANAK . Askotariko telesailak, edonora ihes egiteko

Etxeko egonaldi behartuan norberak bere ihesak topatu behar. Plataforma digitalen bat eskura duenak, horietan arnas pixka bat topa dezake. Eskaintza hain denez zabala, egoki arrantzatzea ez da beti erraza izaten. Hona hemen pista batzuk.

t

«The Outsider» / 18 urtetik gora / HBO

Beldur eta misterio dosi apur batez hasiko dugu itxialdirako gomendioen zerrenda hau. 2020. urtean estreinatu den telesail honek ileak puntan jartzeko gaitasuna erakutsi baitu lehen segundotik. Izen bereko Stephen King idazlearen eleberriaren moldaketa, hamar ataletan zehar, kasu aztoragarri eta sinestezin bat izango du ardatz. Esango nuke Stephen Kingek ez duela zorte gehiegirik izan pantaila txikiaren eremuan, zineman maisulanak bilakatu diren filmak egin diren arren bere lanekin, telesailen arloan moldaketa nahiko inozoak topatu baitaitezke. Hanka sartzeko beldurrik gabe esango dut, beraz, “The Outsider” telebistarako Kingen inoizko eleberri moldaketarik onena dela.

Kasu aztoragarria aipatu dut, eta zergatia galdetzen ariko zarete. Frankie Peterson umearen hilketa basatia ikertzen hasiko dira Ralph Anderson detektibea (Ben Mendelsohn) eta Holly Gibney (Cynthia Erivo). Lehen atalean hilketa horren erantzulea nor den oso nabaria den arren, minutuak igaro ahala froga esplikaezinak eta ulergaitzak sartuko dira jokoan, Stepehen Kingen munduan hain ezagunak egin diren naturaz gaindiko elementuak tartekatuz.

Betiko thriller klasikoaren zantzuak dituen arren, True Detective telesailaren atmosferaz baliatzen da, nordic noir forma duen genero poliziakoaren eremuan murgilduz, beldurraren inguruko erradiografia paregabea eraikitzeko. Eskandinaviatik jaio den kontakizuna dirudi, baina “It” filma ekuazioren barruan sartuz. Bortitza, iluna, itogarria eta boteretsua.

«Years and Years» /

12 urtetik gora / hbo

Koronabirusaren eztanda honen baitan irmotasunez gomendatzen dizudan izenburua, bertan ikusiko dituzun irudiak fikzio hutsa diren arren, zoritxarrez, geroz eta ezagunagoak egingo zaizkizulako. Hamabost urtean zehar Lyons familiaren istorioa jarraitzeko aukera izango duzu, urte horietan gizarte britaniarrean –eta munduan– ezinbestekoak izango diren gertaera politiko, ekonomiko eta teknologikoek izango duten eragin ikaragarria kontua izanda.

Sinopsia drama familiar arrunt baten inguruko istorio jasanezina eta errepikakorra irudituko zaizun arren, topatuko duzuna guztiz kontrakoa izango da. Errazago azaltzen saiatuko naiz. Hartu irabiagailua eta sartu: “Black Mirror” telesailaren xafla batzuk, “Sense8” eta “This is Us” telesailetako pertsonaien mamia, drama, umore beltza eta distopia esentzia apur bat. Alexa, Brexita, transhumanismoa, errefuxiatuak, gidoi biraketa harrigarriak eta erritmo frenetikoa. Guztia ongi nahastu. Emaitza, HBOn ikusgai daukazun “Years & Years” telesaila. A ze harribitxia!

«Dark» / 16 urtetik gora / Netflix

Urrutiko agintearen tekla sakatu aurretik ohar garrantzitsua: telesail berezi honen trama labirintikoa jarraitzeko, kalkulagailua, bolaluma eta koadernoa gertu izatea gomendatzen dizut, une askotan nahasmenean erortzeko arriskua izango baituzu. Txundigarria irudituko zaizun istorio honen muina Alemaniako herrixka batean gertatzen da. Askok, helduentzako “Stranger Things” gisa etiketatu duten arren, ikuspuntu eta atmosfera askoz ilunagoa duela iruditzen zait eta ildo horretan gertuago dago “Twin Peaks” telesailetik. Lau denbora-tarte erabiliz (1952-1986-2019-2052), bi umeren desagerpen misteriotsua azalduko duen istorio bikain eta harrigarriaz gozatzeko aukera izango duzu.

Misterioz beteriko telesail mamitsua, istorioaren protagonistek nahasten eta harilkatzen duten misterioa. Ikusleari ematen zaion informazioa oso zehatz neurtuta dago, eta, tramaren korapiloak askatzen zoazen neurrian, muinean, mendekotasuna sortzen duen gidoi xurgatzaile batekin egingo duzu topo. Erabat zoratuta eta txundituta amaituko duzu.

«The Night Of» / 18 urtetik gora / HBO

Izen bereko telesail britainiar baten moldaketa da gomendatzen dizudan telesaila. Neska ezezagun batekin oheratu ostean, hurrengo goizean esnatzean, neska hilda eta labankadaz josia dagoela ohartzen da protagonista. Protagonista ez da ezertaz gogoratzen eta ihes egitea erabakitzen du. Hortik aurrera xehetasunez jositako ekoizpen milimetriko bat ikusteko aukera izango duzu, gurutzatzen joango diren azpi-trama desberdinen eta flashback ugarirekin denboran joan-etorriak egiten dituen narrazio baten eraginez batik bat.

Hasieran, Nasir Naz Khan ikus dezakegu –Riz Ahmed aktore ingelesak modu bikainean gorpuztua–, Queens auzoan bizi eta pakistandar jatorria duen erdiko klaseko ikaslea. Aitari baimenik eskatu gabe, familiako taxia hartu eta Manhattanen antolatu duten festa batera joatea izango du helburu. Hainbat bidaiariri autora igotzea ukatu ostean (ezin du taxiko in service mezua itzali), Andrea Cornish izeneko neska bat igoko da autora. Paseo, droga, alkohol eta hainbat sedukzio jokoren ostean, protagonista, neskaren sukaldean esnatzen da hurrengo goizean. Etxeko eskailerak igo eta agurtzera doanean, ordea, neska ohearen erdian, labankadaz josia, hilik aurkituko du. Momentu horretatik aurrera bere bizitza betiko aldatuko da.

Drama penal desberdin, ausart eta batez ere kritikoa aurkituko duzu harribitxi honetan. Arrazismoa, justizia, politika, arau kulturalak, agintaritza, konformismoa edota borroka bezalako gai sentikorrak ukituz. Helmuga baino, garrantzitsuena bidea dela konturatuko zarete. Hori bai, bide hori, benetako maisulanak iruditzen zaizkidan lehen eta azken atal zoragarrien artean babesturik. Aktoreak, pertsonaiak, gidoia, erritmoaren erabilpen paregabea eta, logikoa den bezala, HBO delako, alderdi tekniko zoragarria.

«When they see us» / 16 urtetik gora / NEtflix

Hasierako tituluen musika hipnotikoa, ikustear zauden mirari txiki honen aurrerapen paregabea irudituko zaizu. Berrogeialdian egoteko beharra izango ez bazenu ere, ziur nago telesail honi heltzen diozun unetik ez zarela etxeko lau hormen artetik mugitu ere egingo. Iaz estreinatu zen lan hau gomendatu nahi dizut, azken urteetako telesail zaparradaren azpian, ezkutuan, ostrazismoan geratu den izenburu horietako bat iruditzen zaidalako. Familiari, aberastasunari eta botereari buruzko ikuspegi oso entretenigarri, mingarri eta autentikoa eskaintzeaz gain, umore beltz ukituak dituen melodrama shakespearetar paregabea iruditzen zait. Lehen segundotik erabat harrapaturik utziko zaituen ekoizpen zoragarria.

Pertsonaia jasanezin eta gorrotagarriak baina era berean maitagarriak sortzearen meritua dauka Jesse Armstrong sortzaileak. Baina pertsonaia horiek ez ditu zentzurik gabeko atalen artean sartu, gidoi biribil eta sendo baten laguntza izan baitute, beraien garapena txundigarria eta ia perfektua bilakatzeko.

«Succession» /

16 urtetik gora / HBO

Zoritxarrez, oso gertukoa sentituko duzun kontakizuna da honakoa, Altsasuko gazteek bizi duten bidegabekeriarekin zuzeneko lotura berehala egingo baituzu. Benetako kasu batean oinarrituriko ekoizpen honek, AEBetan Central Park Five (“Central Parkeko bostak”) bezala ezagututako gazteek sufritu zutenaren inguruko erretratu latza erakusten digu, kartzelatu zituzten bost gazte errugabe. Kasu horren baitan, gainera, ezinbesteko elementuak jartzen ditu mahai gainean, testuingurua beti delako garrantzitsua horrelako gertaerak ulertzeko; polizia basakeria, transfobia, Amerikako botere judiziala, arrazakeria, politika, justizia soziala.

Lau zatitan eraikitako kontakizun gordin honen hasierak protagonistak nolakoak diren ezagutzeko balio digu. Auzo xumeetan bizi diren nerabe arruntak, adin tarte horretan loratzen diren egonezinekin, batzuk besteak baino zentratuagoak, baina guztiak bihotz onekoak. Sortzen den enpatia azkar horri esker, Ava DuVernay sortzaileak ikusleari erraietara iristen zaion kontaketa mingarri eta larria osatzea lortzen du.

Egiturari dagokionez, telesailak lau zatiak erabiltzen ditu gazteon etapa oso konkretuak islatzeko: galdeketen gaua, epaiketa, erreformatorioko egunak eta, azken gaztearen kasua, larriena eta bidegabeena.

«Trollhunters» /

haurrak bereziki / Netflix

Hamabost eguneko itxialdia eta umorezko telesailik ez? Lasai, komediaren arloan inoiz egin den telesailik onenetarikoaren inguruko sarrera irakurtzen ari zara eta. Halaxe da irakurle maitea, 2005tik 2013ra AEBetako NBC telebista katean eman zuten bederatzi denboraldi eta 188 ataleko telesail honek txoko pribilegiatua betetzen du nire lan kuttunen kutxan. Dokumental faltsu formatuan grabatua, Dunder Mifflin paper enpresaren egunerokoa islatzen du. Tira, enpresarena baino, bertako langile xelebreena. Pertsonaia sorta zoragarriaren artetik, Michael Scott nagusiarena nabarmenduko nuke, Steve Carell aktoreak gorpuztua. Mundu guztiak nagusitzat izan nahiko lukeen pertsona den arren, langile guztien amesgaizto bilakatuko da. Andy Bernard, Dwight Schrute, Pam , Jim, Stanley, Angela, Kevin… “Succession” telesaileko protagonistak bezala, guztiak maitatu eta gorrotatuko dituzu.

Binge watching edo atalak bata bestearen jarraian irensteko sail aproposa iruditzen zait, 30 minutu inguruko atal oso dibertigarriak eta arinak direlako, baina, batez ere, minutu horietan gertatuko zaizkien egoera surrealistek barrez leherraraziko zaituztelako. Amaitu aurretik oharra: lehen denboraldia ikusten hastean, denok izan dugun sentsazio bera izango duzu, «ez zait gehiegi gustatzen, ez da oso barregarria…». Pazientzia apur bat eskatu nahi nizuke, atal gutxi batzuk igarotzean guztiok sentitu dugun lotura hori loratuko delako eta une horretatik aurrera «That's what she said» esaten amaituko duzulako.