28/03/2020

Crónica
 
ETXEKO LEIHOAK NATURAREN BEHATOKI

Gizakia etxean sartu da, eta «bereak» ziren eremuak libre utzi ditu. Kaleak, lorategiak, hondartzak, mendiak… guztiak hutsik gelditu dira. Etxea kartzela gogorra dela-eta, leihoak eta balkoiak bihurtu dira bizitzaren behatoki, askatasunaren erresuma. Hala, egun gutxian gauza bereziak hasi gara sentitzen. Sekula ikusi gabekoak ikusten hasi gara.

Iñaki Sanz-Azkue
0328_animaliak3

«Behaketa ez da soilik begiratzea. Aztertzea eta hausnartzea ere bada. Zergatiei buruzko galderak egitea da. Eta hori ere bada besteak beste, jakintzaren eta zientziaren oinarrian dagoena»

«Egun hauetan gizakia dagoeneko ia galdua dagoen ikerketa metodologia zahar bat ari da egiten: behaketa tradizionala bere leihotik. Puntu jakin batean zentratzen du begirada, bizitza film bat balitz bezala pasatzen ikusteko»

Veneziako kanaleko ura garden-gardena dagoela esan digu Ane Irazabal kazetariak sare sozialen bidez. Isolamenduak ontzien joan-etorria eten du. Eta gizakiak alde egin duenean azaldu dira urteetan ikusi gabeko arrain taldetxoak kanaletan. Asturiaseko herri batean hartza paseoan ikusi omen dute gauez. Izurdeak portu handietan, basurdeak hiri erdian eta ahuntzak kaleetan barrena hiri eta herri ezberdinetan. Argazkiak eta irudiak nonahi.

Izan ere, Euskal Herriko herri askotan, goizean leihoak ireki eta motor soinua entzun beharrean, txori kantua entzuten hasi garela ohartu gara. Hor daudela, alegia. Gure muturren aurrean izan ditugula beti, eta ez ditugula gaur arte entzun. Isolamenduan orain gaudela, baina orain arte ere nahikoa isolatuta bizi izan garela pentsa liteke. Isolatuak gure mundu artifizialean.

Eta orain harrituta gaude. Eta ez da gutxiagorako. Goizeko txori festak ematen duen bizipoza ez duelako autoen joan-etorriak ematen. «Txori gehiago entzuten dut goizetan» edota «txori pila ari gara ikusten etxe inguruan» bezalako esaldiak ari gara entzuten aste amaieran. Izan ere, astebete pasa da dagoeneko isolamendua hasi genuenetik, eta astebete da, bertsolariak ez ezik, gure kaleak ere “ixolamenduan” sartu direla. Eta isiltasunean soinua hobeto entzuten denez, kanturik ahulenak ere belarrietara iritsi zaizkigu oztopo handirik gabe.

Hori horrela izateko faktore ezberdinak nahasten dira, ordea. Batetik, dudarik ez da, gizakiak sortzen duen zarataren azpialdean ezkutatzen ziren kantuak gailendu egin direla, batez ere, goizeko orduetan. Bestetik, alabaina, kontuan izan behar da ere martxo amaieran gaudela dagoeneko, eta horrek zera adierazten du: hegaztien ugal garaia ere gainean dugula. Alegia, entzutekotan, orain hasten dela garai onena hegaztiak entzuteko.

Baina bada hirugarren faktore garrantzitsu bat ere hegaztien kantuak entzutea eta txoriak gehiago ikustea eragiten duena: denbora. Alde batetik bestera korrika ibiltzeari utzi diogu halabeharrez, eta, halako batean, askatasunaren erresuman, leihoan geldirik gaudela, behaketak egiten hasi gara. Eta behatzen denean, normala den moduan, ordura arte ezkutuan izan direnak ikusten hasten gara.

Ikerketarako gaia

Ukaezina dena da, ordea, naturak bere erritmoa daramala, eta behingoz konturatu beharko dugula guztionak diren eremuak jendez, soinuz eta mugimenduz betetzeari uzten diogunean, naturak bere lekua berreskuratzeko joera duela. Eta zer nahi duzue esatea… hori da naturak eman diezaguken berririk pozgarriena. Esperantza ematen duelako jakiteak gu egon ala ez, biziak aurrera joko duela.

Interesgarria litzateke, dudarik gabe, konfinamendu garai honetan naturak hartzen duen dinamika aztertzea. Aldatuko al dira jarrerak, ugalketa garaiko eremuak eta hilkortasun tasak, esaterako, animalietan? Alegia, kaleko isiltasunak nola eragingo du hegaztien ugalketan? Euren artean hobeto entzungo direla dudarik ez dago. Horrek egingo al du ugalketa arrakastatsuagoa izatea, ala aurretik markatuak zituzten bizi-eremuen berregituraketa bat? Edota, trafiko eskasi honek, nola eragingo dio, esaterako, momentu honetan ugalketa garai bete-betean dagoen apo arrunt iberiarrari? Izan ere, kontuan izan, urtero-urtero garai honetan apoak basotik ur eremuetara joaten direla taldean ugaltzera, eta horrek, errepideak zeharkatzean hilkortasun handia eragiten duela.

Koronabirusa eta biodibertsitatea

Isolamendua, ordea, ikertzaileentzat ere bada, eta zaila suertatuko da antzeko ikerketarik egitea horretarako baimen berezirik eman ezean. Baina, zertarako egin gisa horretako ikerketarik? Zertarako balio digu horrek?

Baimenduko didazue galdera horri Koldo Garcia genetikan doktoreak duela egun batzuk sare sozialetan jarritako txio batekin erantzutea: «Suposatzen dut saguzarren birusak ikertzea zentzugabekeria bat bezala joko zela, finantziazioa lortzea ezinezkoa izango zela eta ‘zergatik ikertzen duzu hori’ entzun beharko zutela ikerlariek beren lana gaitzetsita. Ba, beno, begira… Beti ideia zoroen alde, ez baitakigu noiz beharko ditugun».

Inguratzen gaituenaren barruan gaudela sinetsi ordez, inguratzen gaituenak gurekin zerikusirik ez duela pentsatzen dugun bitartean jai dugu. Alegia, ez gaudela isolatuak (naturarekiko). Uste dut horrekin erantzunda gelditzen dela galdera. Ezta?

Izan ere, “Journal of Experimental Biology” bezalako aldizkari zientifikoetan publikaturiko ikerketek, Johnson eta Thieltges ikertzaileek idatzirikoak kasu, biodibertsitate galeraren eta gaixotasunen zabalpenaren arteko erlazioaz hitz egiten dute. Alegia, gizakiak bere inguruko biodibertsitatea suntsitzeak erlazioa duela gaitzok gizakiaren artean zabaltzearekin. Habitat naturalen suntsiketak eta gizakiaren mugikortasunaren emendatzeak gune jakin batzuetan baino ez zeuden gaixotasunak zabaltzea eragin du.

Eta horrek berriro ere hausnarketara bultzatu beharko liguke, eta pentsarazi zein garrantzitsua den instituzioek biodibertsitateari eta inguruko faunari eta florari buruzko ikerketak bultzatzea gure biodibertsitatea ezagutu eta kontserba dezagun. Edo errealistak izanda, gure biodibertsitatearen egoera hobe dezagun, agian kontserbatzea ez delako nahikoa izango jada.

Horren garrantziaz jabetu beharko luke ere gizarteak, alabaina. Baina kosta egingo zaigulakoan nago, gurea bezalako gizarte urbano batean halakorik barneratzea ez delako erraza izango. Aspaldi galdu genuen naturarekin kontaktu zuzena, eta, EHUk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketek adierazten duten moduan, Euskal Herriko gazteek duten naturaren ezagutza oso urria da jada. Badugu lana zientzia eta biodibertsitateari buruzko dibulgazioan, gaia gizartearen erdigunera eraman nahi badugu.

Behaketa tradizionalaz

Biodibertsitatearen ikerketan eta dibulgazioan urteak daramatzan pertsona da Aranzadi Zientzia Elkarteko Alberto Gosa. Isolamendu egoera honetan gertatzen ari denari buruzko irakurketa egiteko garaian, garbi du naturak bere lekua bilatuko duela zirrikitu bat bilatzen duen momentuan. Gosaren esanetan, «natura ez da geldirik egoten. Gizakiak uste du dena bere erritmora mugitzen dela, baina naturak segundoero eta minutuero egiten du aurrera». Ez da harritzen, beraz, animaliak eremu urbanoetara gerturatzeko joera hartu dutela ikusita. «Izan ere, gu iritsi aurretik zeuden animaliak eta landareak orain bizi garen eremuetan. Gizakia bera izan da bota edo desplazatu dituena, bai eraikiaz, bai egunerokotasunean sortzen dugun bizimodu ero horren barruan dauden hainbat faktoreren erruz». Beraz, Gosaren ustez, animaliek bizirauteko eta elikatzeko leku berriak bilatzeko joera dutenez, litekeena da aurretik ikusi ez ditugun animaliak ikusten hastea pixkanaka.

Alberto Gosak, ordea, beste faktore batez hitz egin du: behaketaz. «Egun hauetan gizakia dagoeneko ia galdua dagoen ikerketa metodologia zahar bat ari da egiten: behaketa tradizionala egiten du bere leihotik». Alegia, Gosaren ustez, gizarteak daraman erritmoak behaketa tradizionala bere egunerokotasunetik atera du. Behaketa tradizionalaren gakoa da, behatzailea leku jakin batean kokatua gelditzen dela. «Puntu jakin batean zentratzen du begirada, bizitza film bat balitz bezala pasatzen ikusteko». Behaketa pausatua da eta jarraikortasun bat du, denbora eskatzen duena eta kontzentrazioa. Baina oso egokia da animalien jarrerak, harremanak, izaki bizidunen bizi zikloak, bai eta ekosistemen eraldaketak aztertzeko. «Egungo gizarteak, ordea, dena azkar egitera bultzatzen gaitu. Mugituz goazen heinean behatzeko, eta hori ez da posible. Gu mugitzen goazen heinean gure aurrekoak ere mugituz baitoaz, eta horrek distortsioa sortzen du. Behatzearen ezintasuna. Eta hala, behatzen ere ez dakigu jada».

Behaketaren hezkuntza

Eta agian isolamendu honek horretan lagun diezaguke. Izan ere, pedagogo askoren eskaera da eskoletan behaketari garrantzia gehiago ematea. Lore Erriondo pedagogian doktoreak ere horixe bera azpimarratzen du: «Umeek (eta baita helduek ere) behaketarako momentuak behar dituzte. Modu pausatuan, lasaitasunean bizitzan eta inguruan gertatzen direnak ikusi eta aztertzeko uneak izatea. Hezkuntza jada ez da soilik eskola. Modu kontzientean/inkontzientean, familian egiten duguna ere bada….».

Eta aipatzen du: «Behaketa ez da soilik begiratzea. Aztertzea eta hausnartzea ere bada. Zergatiei buruzko galderak egitea da. Eta hori ere bada besteak beste, jakintzaren eta zientziaren oinarrian dagoena. Finean, egun asko hitz egiten da tolerantziaz, enpatiaz, eta abar, baina sekula baino azkarrago bizi gara, sekula baino informazio gehiago dugu, baina ez dugu patxada nahikorik horri buruz hausnartzeko. Introspekzioa da norbere buruaren behaketa egitea, norbere burua ezagutzeko, eta hori oso garrantzitsua da. Kontziente izateko zer egiten dugun, zer pentsatzen dugun. Hurkoa ezagutzeko eta enpatia izateko. Behaketa garrantzitsua da, besteak zer egiten duen, nola jokatzen duen jakiteko eta ulertzeko».

Eta etxeko isolamendu honek behaketaren hezkuntza lantzeko balioko duen galdetu diogunean, hala erantzun du: «Jarrera da ezberdina. Badago jende bat abiaduraren poderioz ahaztu egin duena behatzea zer den. Kanpora begiratzen duenean, soilik begiratzen die arreta deitzen duten ideiei: kantuak, txaloak, garrasiak, eta oso nabarmenak diren ekintzak. Baina baliatu beharko genuke patxada hau, egunero begi bistan duguna behatzeko, eta erreparatzen ez diogunari denbora gehiago eskaintzeko. Kaleak nola dauden antolatuta, etxe aurreko horma zein harrirekin dagoen egina, txorien kantuak ezberdinak diren, zein ordutan kantatzen duten, zein kolore duen zeruak… mila gauza, hor daudenak, beti hor daudenak, baina sekula begiratu ez ditugunak, aukerarik izan ez dugu-eta».

Behaketa pausatu hori oso arrunta izan da aurreko belaunaldietan. «Gure amak oraindik ere egiten du. Etxe pareko kaioak ezagutu egiten ditu. Badaki zein kaio jartzen den zein faroletan, eta nola jokatzen duen bakoitzak. Atsotitzak, esaterako, bizitza behatzearen ondorioz sortuak dira. Behaketak errepikatzearen ondorioz etorriko dena aurreikusten laguntzen diguten esaldiak dira, azken finean».

Esperantzaren leihoan

Gurean ere ireki dugu gaur esperantzaren leihoa, eta txorien goizeko koroaz gozatzeko aukera izan dugu. Zozoak inoiz ez bezala aparkalekuko autoen gainean dabiltza batetik bestera, eta horrek auzoko katu urbanoari harrapaketa saio batzuk egiteko aukera eman dio. Hobetu beharko du, ordea…

Sekula ez genuen horren gertu ikusi leihotik, eta gaur zapelatza hurbildu zaigu etxetik hamar metrora. Herriaren erdigunera. Kaioak lasai dabiltza murruan pausatzen, eta txolarreak asfalto gainean ugalketa garaiko dantzan.

Prismatikoak balkoi ondoko mahaitxoan utzi ditugu, eta gure tartetxoa hartzen dugu egunero buztangorriaren mugimenduei jarraitzeko. Baina ez pentsa erokeria hauek egiten dituen bakarrak garenik. Makina bat pertsona ari da zintzilikatzen sareetan etxetik bertatik ateratako hegaztien argazkiak eta bideoak. Jantokiak diseinatzen ari da jendea txoriak etxera erakarri eta argazkiak egiteko. Pentsa, www.ornitho.eus atarian orain arte herritarrek mendi irteeratan-eta egiten zituzten behaketak jasotzen zituzten, eta aste honetan atal berezi bat jarri dute martxan “Aspertzeari aurre egin leihotik hegaztiak zentsatuz” esaldiarekin. Etxe inguruan zein hegazti ditugun behatu eta atarian sartzea proposatzen digute.

Lagun aditu batek mezua bidali dit: “Oraintxe Oñatiko gure etxe gainean bi sai zuri hegan”. Hauek ere iritsi dira gurera. Eta Donostiatik sai arreak pasa omen dira. Lagunak galdezka ditut, etxe inguruan sekula ikusi gabeko hegaztiak ikusten ari direla, eta gure amak etxe pareko gereziondoaren lehen lorea atzo atera zela esan zidan. Egunero zenbat lore irekiko diren kontatzeko asmoa omen du. 40 urte inguru etxe berean bizitzen, eta sekula ez du egin. Arbolaren behaketa tradizionala egiten ari da, modu pausatuan, japoniarrek gereziondoekin egiten duten moduan…

Gure etxe pareko lorategia ez dute moztuko ziur asko denbora batean. Ea hala den. Belarra hazten ari da eta landareak lorea botatzen. Egunero aldatzen da kolorea, aspaldiko partez. Horrek erakarriko ditu zomorroak, eta zomorroek hegaztiak. Belar luzean zozoak ibiltzeari utziko dio, eta karnabak azalduko dira landa eremutik bertako landareen hazi bila, taldetxotan, tip-tip eginez. Biodibertsitate urbanoa, lagunok.

Ez dakit noiz arte jarraituko dugun isolatuta, baina ederra litzateke hau guztiaren ostean, sikiera, gure leihoen bestaldeko munduari begirunez behatuko bagenio.