Amaia Ereñaga

LAUAXETAREN GABARDINAREN TOLESAK

Erreportaje hau gabardina zahar baten historia da. Zaharra da, urraturen bat du, baina ez da zulorik antzematen eskuz landutako josturetan. Ondo zainduta egon da 83 urtez, lehendabizi Laudioko armairu batean eta orain Mungiako batean. Eta Esteban Urkiaga «Lauaxeta» kazetari eta olerkariak fusilatu aurretik erantzi zuen gabardinari so egitean, objektu xume honi lotutako memoriaren katea dator lehen planora.

Nabardura tragikoekin bizi edo hil diren pertsonaiak denboraren joanean zintzilikatuta bezala gelditzen dira. Izan eta egin zutenaren jagole papera beteko duen norbaiten beharrean daude, nahi eta nahi ez, gure memoria kolektiboan txertatzeko eta bizi irauteko. Oroitzapena, miresmena, maitasuna, mota askotariko katebegiekin lotutako kateak josten dira pertsonaia mitikoon inguruan. Esteban Urkiaga Basaras Lauaxeta (1905-1937) poetak, esaterako, beti gazte eta sortzaile iraun zuen Felisa arreba eta Txaber Errazti lagunaren oroimenean. 31 urte soilik zituen Gasteizko horma baten kontra frankistek fusilatu zutenean, 1937ko ekainaren 25ean. Eta, naturaren joanaren erritmoan, urte askoren buruan, Felisa Urkiaga eta Txaber Errazti joan zirenean, gerran tiroz eraildako poetaren gorpuaren bueltan haiek lotutako katearen mailak ez ziren askatu.

Hizki handiekin idazten den historiaren ertzetan, fokuetatik eta lehen planotik kanpo, Felisak eta Txaberrek Lauaxetaren memoria gorde zuten, zaindari lanak egiten, bakoitzak bere modura. Eta osatutako kate horren maila bat beix koloreko gabardina xume bat da, plastikozko zorro batean armairu batean ondo gordeta dagoena.

Mungiako plazatik gertu dagoen etxean egin dugu hitzordua Itziar Orue eta Mariangeles Maurolagoitiarekin. Lehengusuak dira, Esteban eta Felisa Urkiagaren iloba txikiak. Gaur egun Itziarren etxean dago, armairu batean ondo gordeta, Estebanek bere azken gauean zeraman gabardina.

Uste genuen baina estuagoa da, egungo S neurri baten tankerakoa esango genuke; antza, Lauaxeta ez zen tamaina handiko gizona. Fisikoaz ari gara, noski, sormenean euskal literaturaren berritzaile eta euskarazko poesia sinbolistaren egile handienetarikotzat jotzen baita. Nileri, Itziarren alabari, ondo geratzen zaio 30eko hamarkadan hain modan izan zen gabardina.

Bitxia da objektu xume batek zenbat sentipen, bizipen eta lotura bildu ditzakeen bere tolesturetan. Etiketan “Juan Santamaría, Sastrería, camisería. Bilbao. Calle Fueros 1” irakur daiteke. Kontu handiz gorde dute urte luze hauetan eta, beraien aurretik, beste horrenbeste egin zuten Erraztitarrek.

Nobela bateko argumentua dirudi Lauaxetaren gabardina nola iritsi zen Txaber Errazti Laudioko enpresari abertzalearen familiaren eskuetara eta, lau hamarkadaren buruan, nola itzuli zen Felisaren eskuetara. Samurtasun handia sorrarazten du poetak utzitako objektuak zelako mimoz gorde diren ikusteak. Tentu handiz, maitasun are handiagoz. Ez dira, halere, objektu asko. Gerran, antza, Lauaxetaren liburutegia “desagerrarazi” zuen norbaitek. Halere, belaunaldi batetik bestera pasa dira, kontu handiarekin, Lauaxetak erabili eta utzitako zenbait objektu; izeko Felisak bati bat utzi zion, besteari bestea... Itziar Oruek izebari nebak oparitutako belarritakoak edo erabili zuen whiski joko bitxia ateratzen digun bitartean, poetaren historia baino, bere memoria gorde zutenen berri jakiteko gogoa piztu zaigu.

Urkiaga Basaras familiaren zazpi seme-alabetatik erdikoak ziren Esteban eta Felisa; ez zaharrenak ezta gazteenak ere. Eta zaharrenetatik bigarrena Alejandra, Mariangeles eta Itziarren amona. «Felisak idealizatuta zuen neba. Txikerra zenetik zeozer berezia ikusi zuen berarengan eta, neba-arreba guztien artean, Felisa izan zen Esteban ondoen ulertu zuena», azaldu du Mariangelesek. Esteban Urkiaga 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Laukizen; hiru urteren buruan, Felisa. Handik gutxira, Laukizko taberna utzi eta Mungiara aldatu zen familia, bertan jatetxe, taberna eta pentsioa jartzeko, egun Lauaxeta hotela dagoen tokian. Etxaldea lau haizetara begira dago, kantoi haizetsu batean, eta horregatik jarri zion izen hori, Lauaxeta, Paulino apaizak. Gerora, poetak ezizen bezala erabiliko zuen izen bera. Ama, kementsua, sukaldaria zuten; aita, abarketaria. Horrez gain, hotelaren sotoetako kortan idiak prestatzen zituen idi-probetarako aitak.

Bixenta eta Felisa

Estebanek Durangoko jesuitetan egin zituen lehen ikasketak, apaiz izatera bideratuta baitzegoen garaian familia askotan egiten zen banaketaren arabera. Gainera, mutil azkarra zen. Felisa ere azkarra zen oso, baina “okerreko” generokoa. «Oso emakume jantzia zen. Beti uste izan dut beste garai batean jaio izan balitz, norbait izatera iritsiko zela», dio Itziarrek. Mariangelesek gogoan du jatetxea, ama hiltzean Felisak hartu baitzuen bertako ardura.

Lauaxetaren ibilbidea ez zen luzea izan, baina bai emankorra. Galdutako euskara berreskuratu zuen, landu, mamitu. Abertzaletasuna ezagutu zuen. «Orain amar urte tautik ere enekijan euskaraz. Eta eneban maita. Zegatik? Aberrija be enebalako ezagututen. Ezagutu osuan behintzat, erdizka bai baina», utzi zuen idatzita.

Krisi erlijioso latza izan zuen, antza, hori bai, une batean. Loiolan eta Oñan burutu zituen abadetzako ikasketak eta, meza berria emateko gutxi falta zitzaionean, komentua utzi zuen. Esteban gurasoen etxera itzuli zen, jatetxearen gaineko etxe hartara, eta ia gelatik atera gabe, pentsatzen, idazten, irakurtzen, eman zituen egunak. Felisak janaria eramaten zion. «Orduan ez ziren gauzok kontuan hartzen, baina nik uste dut abadetza utzi zuenean depresio negargarria eduki zuela –dio Mariangelesek–. Osaba Laukizko abadea zuen eta suposatzen dut hortik zetorkiola apaiz egitearena. Baina bere amak, Bixentak, ez zuen nahi apaiz joatea. Eta Mungiara etorri zenean, ikasketak utzita, zera esan zion, ze amama txikitxoa zen baina gogorra: ‘Joan zinenean zortzi urte kendu zeunstazan, eta etorri zarenean beste zortzi’. Bitxia da, zeren hala eta guztiz ere, Bixentak 98 urte bete zituen! Sarritan pentsatu dut Lauaxetaren garaian apaiz izateko ikasketak uztea ez zela erraza izango, presio batzuk jasango zituela. Denbora asko eman zuen erreka aldera ematen zuen gela hartan, irten barik. Hor ditu olerki batzuk errekari buruzkoak».

Krisi hartatik kazetari atera zen Esteban. “Blanco y Negro” aldizkariko lan eskaintza baztertu eta “Euzkadi” egunkarian hasi zen lanean. Neska laguna ere bazeukan, Nile Astelarra muxikarra... Ez dakigu zer gertatu zitzaien, baina eragin handia izan zuen poetaren gain, Nile izenaren tradizioa “ezarri” zuelako. Bere besoetakoei Nile jarri zien; arreba Alejandraren alabari, hau da, Itziar Orueren amari, Nile (Itziarrek ere Nile jarri dio alabari); eta Jose Ordorika lekeitiarren alabari, baita Nile ere. Lagun minak ziren Ordorika eta Lauaxeta. Lekeitiar kapitain hori izan zen, hain zuzen ere, Southamptonetik Mexikora itsasontzi batean, 1939ean, jada gerra galdutzat eman zenean, Bigarren Errepublikak pilatutako ondasunak eraman zituen ausarta. Kontuak kontu, Nile da familiako “misterioa”. Felisak ez zuen nebak neska lagunik zuenik aipatu nahi, baina mantel batzuk egiten ibili zen bere arreorako edo...

Gerra, heriotza, mina

Gerra aurreko urte haiek emankorrak oso izan ziren Estebanentzat, euskal poesian haize berriak txertatzen hasi zenean. Baina, 1936an, gerrak eztanda egin zuenean, Euzko Gudarostean sartu zen komandante graduarekin. Intendentzia lanez eta, bide batez, propagandaz arduratu zen. Orduan sortu zuen “Eguna”, euskaraz soilik atera zen lehen egunkaria.

1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuen Alemaniako Kondor Legioak. Hilaren 29an –historiagile batzuek 30ean diote–, “La Petite Gironde” egunkariko Georges Berniard kazetariak argazkiak atera nahi zituela-eta, Estebani Gernikara laguntzeko eskatu zion Juan Ajuriagerrak. Ez dago argi nola, baina faxistek Lauaxeta harrapatu egin zuten irteera hartan.

Gasteizen preso sartu ostean, heriotza zigorra ezarri zioten Lauaxetari. Saiatu ziren poeta salbatzen, baina alferrik; Velez izeneko beste preso bategatik trukatzeko ahaleginak bertan behera gelditu ziren. Mungiako familia batzuei anaiaren alde egin zezatela ere erregutu zien Felisak. Gutun bat sinatu zezatela, faborez. Bik bai, sinatu zuten; batek, ez, ordea. Hori betiko gogoan izan zuen Felisak, baina isilean, izenik eman gabe; beldurrez, seguruenik.

Ekainaren 25ean, goizaldean, «txindor baten txintak goxotan» zutela –gau hartan idatzi zuen legez–, Gasteizko Santa Isabel hilerriaren hormaren kontra fusilatu zioten Esteban neba Felisari. «Ez zuen asko kontatu nahi. Lasa eta Zabalaren epaiketa izan eta hemen lehen manifestazioa egin zenean, negua zen. Felisak jendea ikusi zuen aldapatik behera bere etxerantz, eta flash antzeko bat izan eta burua galdu zuen. Egun pare batean gerra denborara itzuli zen. Kontatu zizkigun gauzen artean, hauxe dago; fusilamenduaren bezperan nire aitite Gasteizera joan zela azken unean bertan egoteko. Heldu zenean, bezperan hil zutela esan zioten. Esan zieten fosa batean ehortzi zutela, baina beti jakin izan zuten ez zegoela esandako tokian, gauero, sententzia atera zenetik, alderdiko bat kanposantuan zelatari zegoelako, jakiteko non lurperatuko zuten», gogoratu du Mariangelesek.

«Gabardina bat dut, gorde ezazu»

Kartzelako egun haietan Estebanek asko idatzi zuen, baita marraztu ere. Teoria desberdinak daude gabardinaren inguruan, esaterako, ziegan zegoen kide bati oparitu ziola fusilatu aurretik. Oso poetikoa eta iradokitzailea, Estebanek bere ziegakidea marraztu zuelako. Baina sinesgarriagoa da Edorta Jimenezek dioena; azken unera arte Lauxetarekin egon zen apaizak jaso zuela, aita Moreno izeneko apaiz batek...

Halere, nola bukatu zuen gabardina hark Concha Arrazolaren eskuetan? Eta gero Txaber Erraztirenetan? Idoie Errazti, Txaber Erraztiren alabak, argitu digu. «Amak kontatzen zuen Bilboko emakumeak biltzen zirela ikastolak prestatzeko lanetan. Orain dela 50 bat urte [70eko hamarkadaren inguruan]. Horien artean Concha Arrazola zegoen, Euskal Emakumeen Batzako buru izan zena. Oso nagusia zen Concha. Aita ezagututa eta jakinda nola miretsi zuen Lauaxeta, eta lagunak izan zirela, gauza bat zuela gordetzeko eta zaintzeko esan zion. Eta orduan eman zion gabardina. Aitak 40 bat urtez gorde zuen, modu klandestinoan».

Txaber Erraztik txikitatik ezagutzen zuen Lauaxeta. Miresten zuen, eragin handia izan zuen poetak berarengan. Abertzale sutsua, ikastolen bultzatzailea, kementsua eta borrokatzailea, Errazti enpresaburu famili bateko ordezkaria zen. Laudioko JEZ tren sektoreko enpresa handia sortu zuen aitak, eta Txaberrek jarraipena eman zion.

Laudioko etxeko baselizako gela batean, armairu itxi batean eta meza-jantzien artean, gorde zuen Txaberrek 40 urtez Lauaxetaren gabardina. «Sekretua zen, baina nerabe egiten hasten ginen heinean, aitak gabardina erakusten zigun. Zazpi neba-arreba ginen. ‘Hori ezin da ukitu, horrek kristoren historia dauka’, esaten zuen. Beti jakin genuen non zegoen eta, bidaia batera atera behar zuenean, beti esaten zigun: ‘Badakizue non dagoen gordeta Lauaxetaren gabardina!’. Berarentzat altxor bat izan zen bai gabardina bai Lauaxeta ezagutzea, garrantzi handia izan zuen berarengan. Miresten zuen pertsona eta egile bezala. Baita bere euskara garbiagatik ere. Aita euskaltzale sutsua izan zen», gogoratu du Idoiek.

Urte luzez ondo babestu ondoren, seme-alabek bultzatuta, 2007-2008 inguruan Txaberrek Felisari eman zion horrenbesteko maitasunez gordetako altxorra. Ez zen fio EAJrekin, nahiago zuen senitartekoen esku uztea. Handik gutxira, ehun urte betetzeko hilabete gutxiren faltan, hil zen sekula ezkondu ez zen gure Felisa pinpirin, buru gogor eta kementsua. «Mundiala zen. Mariangelesen anaiak hil zenean esan zuen bezala, etxe honetan nahi zuena egin duen bakarra Felisa izan da», dio Itziarrek. 2012an, 88 urterekin, joan zen Txaber Errazti.

Eta gabardinarekin zer gertatuko da? Pertxa batean zintzilik jarraituko al du beste 80 urtez? Horrek beste erreportaje baterako mamia du...