28/03/2020

Reportaje
 
Pablo Sarasate, nazioartean erretratatua
Juantxo EGAÑA
0328_behatxulo

Pablo Sarasate, musikaria eta musikagilea, Iruñean jaio zen 1844an. XIX. mendearen amaieran nazioartean argazki gehien egin zizkioten euskal pertsonaietako bat izan zen eta garaiko erretratugile onenentzat posatu zuen, batzuetan bere biolinarekin lagunduta. Parisen igaro zuen ikasle garaian erretratatu zuen Nadar estudioak, Frantziako hiriburuko garrantzitsuenetako bat. Parisen bertan, XIX. mendeko beste erretratugile handi batek ere bihurtu zuen hilezkor Sarasate, Pierre Petitek. Petit ezaguna da Eiffel Dorrea eta Askatasunaren Estatua eraikitzeko prozesuen irudiengatik, baita Victor Hugo, Balzac, Berlioz eta Delacroix bezalakoei egindako erretratuengatik ere. XIX. mendeko beste argazkilari enblematiko batzuek ere erretratatu zuten Sarasate, hala nola Waleryk Ingalaterran, Kriziwanekel Austrian edo Hanfstaenalek Alemanian. Bere irudia, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran modan zeuden bilduma askotan ere agertzen da, adibidez, Felix Potin Parisko janari-dendetako bezeroentzat sortutako albumetan. Horietan itsasteko kromo motako argazkiak banatzen zituzten. Hain ziren sonatuak pertsonaien argazki eta kromo bilduma horiek, non tabako paketeetan ere irudi horiek banatzen baitzituzten, besteak beste, Pablo Sarasaterenena. Bere kontzertuek Europan eta Amerikan zehar birak ematera eraman zuten oso gaztetatik musikari iruindarra. Artikulua ilustratzen duen erdiko irudia bere bira europarretako batean egina dago. Stanisław Julian Ostrorogek Sarasateri argazkiak egin zizkion Londresen. Ostrorog poloniar noble erbesteratu bat zen, Krimeako gerrako beteranoa. Pablo Sarasate Biarritzen hil zen, 1908an.