Juantxo EGAÑA

«Sarri», 1977ko Aberri Egunean

1977ko apirilaren 10ean, Gasteiz zen Aberri Egunaren deialdia gauzatzeko lekua. Beste behin ere, Madrilgo Gobernuak kontzentrazioa debekatu zuen eta Arabako hiriburuaren sarbide guztiak Guardia Zibilak itxita zeuden. Hiria poliziak hartuta egon arren, manifestazio txiki batzuk izan ziren hirigunean zehar. Poliziak manifestazioak desegin eta hainbat lagun zauritu zituen, tartean Belgikako telebistako kamerari bat. Beste herrialde batzuetatik Gasteizera iristerik ez zegoenez, Durangon eta Bergaran kontzentrazioak izan ziren, Guardia Zibilak zapaldu zituenak. Durangon 8.000 lagun inguru bildu ziren, eta Guardia Zibilak oso larri zauritu zuen Javier Lejarazu. Artikulua ilustratzen duen duen irudia egun horretan egina da, gaur egun existitzen ez den Durangoko alondegi zaharraren inguruan. Manifestatzaileek moztutako kalea ageri da, eta haren erdian Joseba Sarrionaindia idazle eta poeta euskalduna, 1980an atxilotua eta kartzelatua eta 1985eko uztailaren 7an Iñaki Pikabearekin batera Martuteneko kartzelatik ihes egin zuena. Kortatu taldeak ospetsu egin zuen ihesa “Sarri, Sarri” abestiarekin.