Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Nelida Zaitegi
Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria

«Ikasleriak toki eta une guztietan ikasten du. Seguru nago orain gauza oso garrantzitsuak ikasten ari dela»

Irakaslea, pedagogoa eta Hezkuntzako ikuskari izandakoa. Lakuaren Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria da orain. Osasun larrialdiak hezkuntzaren ohiko martxa hankaz gora jarri duen honetan, argi-ilunetan sumatzen da. Iluna beren inguruan argi gutxi duten ikasleekiko kezka da. Argia, egoerak eskaintzen dituen aukerak. Bizitza eskola handia delako.

Dramaz baino, nahiago du aukeraz hitz egin, nahiz eta oso presente duen etxean dauden ikasle guztiek ez dituztela aukera berak. Horrek kezkatzen du. Gainontzean, curriculumak jasotzen dituen zenbait gaitasun lantzeko garaia iruditzen zaio: norbere burua ezagutzea, antolatzea, emozioak kudeatzea, erresiliente izatea... Eskola eta etxea parean aritzeko garaia ere bada. Nelida Zaitegi konbentzituta dago, gainera, etorritako ezohiko egoera honetatik ikasteko asko dagoela.

Azken egunotan gero eta ozenago ari dira entzuten haurrekin gertatzen dena salatzen duten ahotsak. Hilabete baino gehiago etxetik atera gabe.

Krisi honen hasierak Sevillan harrapatu ninduen, hezkuntza munduko beste eragile batzuekin batera, hiri hezitzaileen inguruko jardunaldi batzuetan. Alarma egoeraren berri jakin genuenean, han ginen hizlariek eskuak burura eraman genituen eta segituan bota genuen galdera: «Zer pasatuko da orain haurrekin?».

Denak elkartu eta testu bat adostu genuen. Martxoaren 18ko data dauka. Eta hor jaso genituen dagoeneko gure beldurrak. Haurrak, garapen prozesu betean daudenez, horrelako muturreko egoera batean oso zaurgarriak dira. Horregatik hasieratik azaldu genuen neurriak hartu behar zirela haurren eskubideak bermatzeko eta, era berean, prebentzio modura, gerora etor daitezkeen arazoak samurtzeko. Krisi egoerak haur guztiei eragiten die, baina bereziki gogorra da baliabide gutxien dituztenentzat. Horiek oso kontuan hartu behar dira.

Haurrek, orokorrean, behar fisiologiko garrantzitsuak dituzte; mugimendua behar dute, kontaktu fisikoa, haizea hartzea, eguzkiaren D bitamina, bat-bateko jolas librea... Horiek denak haurraren garapenerako oinarrizko beharrak dira. Horrela jaso genuen dokumentu horretan. Bide berean, zenbait proposamen luzatu genituen: haurrak gosetik edo elikadura eskasetik babestu behar zirela, egunero gutxieneko denbora bat ziurtatu behar zitzaiela aire zabalean, egoeraren parte egin eta beren ideiak kontuan hartu behar zirela, eta telebistan eta irratian eskaintza berezia behar zutela. Gutxi edo gehiago, ideia horiek jaso genituen.

Orain arte, behintzat, aire zabaleko tarterik ez dute izan.

Nik ulertzen dut erabakiak hartzen dituenak segurtasuna bilatzen duela eta ez dut kritikatzen. Baina garbi dagoena da haurrek kalera atera behar dutela, mugimendua eta eguzkia behar dituztela. Gainera, egoera oso desberdinak daude. Badira lorategiak dituzten etxe zabaletan bizi diren haurrak eta badira argi oso gutxirekin eta pilatuta bizi direnak. Beti bezala, lehendik zaurgarrienak direnak kaltetuenak izaten ari dira orain ere. Guk proposatu genuen udaletxeek, gizarte zerbitzuen laguntzarekin, egoera zaurgarrian dauden haurren zerrenda egin zezatela. Segurtasun neurriak beteta, haurrek kalera atera behar dute; eguzkia hartzeko eta plazan korrikaldi batzuk egiteko modua topatu behar da. Badakit erraza ez dela, baina errazak ez diren gauzak egiteko dago administrazioa. Herritarren benetako beharrei benetako erantzunak topatu beharra, hori da agintarien egitekoa. Zaila da, ados, baina antola dezagun. Antolatu eta ikusi neurriak egokiak ote diren, moldatzen joan, fintzen... hori da egin behar dena. Baina haurrek kalera atera behar dute, batez ere lorategirik edo argirik ez duten haurrek.

Gainera, etxe askotan muturreko egoerak bizitzen ari dira. Lehendik baliabide gutxi zituen jende asko lanik gabe geratu da eta estutasunak pasatzen ari da. Urduritasuna, tristura, estresa... etxe askotan giroa ez dago haurren egonezina lasai samar jasateko moduan. Herritar asko ez daude egoera onenean irudimenarekin eta pazientziarekin haurrekin jolasean ibiltzeko. Hori ez genuke ahaztu behar. Denak tunel baten barruan bezala daude, harrapatuta, eta kanpotik argi pixka bat sartzen lagundu beharko litzateke.

Eta erakundeetatik neurriak hartu dira, hori ere esan beharra dago. Baliabide teknologikoak jarri dira beharra dutenen eskura. Baina horrekin ez dira konpontzen egoera batzuk. Hala ere, oso egoera konplexua da eta ez da ezer leporatzeko ordua. Bakoitza bere tokitik ahal duena egiten ari da. Ez duela asmatzen? Seguru, baina ahalik ondoen egiten ari dira, horretan ez dut zalantzarik.

Inprobisazio garai betea.

Oso larria den zerbait gertatzen zaigunean, egoera latz horrek beti dakar ikasketa bat. Inork ez zuen espero horrelako egoera batean egongo ginenik. Harrituta gaude, noraezean, ahulak sentitzen gara, ziurgabetasun handia daukagu, ez dakigu ondo zer egin, iristen zaigun informazioa kontraesanez beteta dago.

Egoera hori guztia ondo kudeatzen asmatu behar da ez daitezen albo-kalteak izan. Eta tamalez dagoeneko gertatu dira albo-kalteak. Baina saia gaitezen gizatasunez jokatzen, ahulak eta zaurgarriak garela onartzen. Orain horren garaia da.

Bukatzen denean izango da gertatu dena aztertzeko garaia; zer egin den ondo, zer gaizki, zein erabaki izan diren okerrak... baina ez da izango inori kontuak eskatzeko garaia, denok gaudelako noraezean. Noski erabaki okerrak hartu direla, ez daukat zalantzarik, baina egia da erabakiak hartu behar zituenak sekulako panorama zuela. Honek guztiak ikasteko eta gizaki bezala aurrera egiteko balio behar digu. Nik horrela ikusten dut.

Zer ikasiko dugu zure ustez?

Nire ustez leziorik garrantzitsuenetakoa interdependentzia izan da, denok elkarren beharra dugula konturatzea. Polita izan da lanbide garrantzitsuenak normalean hainbeste garrantzia ematen ez zaien lanbideak izan direla; banatzaileak, supermerkatuko langileak, zabor biltzaileak, kale-garbitzaileak, okinak, harakinak... Denok gaude orain horien mende.

Hezkuntza mailan ere garbi ikusi da. Beti esaten da eskolak eta familiak parean joan behar dutela, eta orain inoiz baino garbiago geratu da interdependenteak garela, elkarren beharra dugula. Hori oso interesgarria izango da etorkizunean.

Gainera, denok ari gara ziurgabetasuna kudeatzen ikasten; irakasleak, administrazioa, familiak, ikasleak... Ez dakigu zer gertatuko den. Informazioa topatu behar dugu, bide berriak ibili, zaurgarriak sentitu behar dugu, orain arteko ziurtasun asko zalantzan jarri behar ditugu. Bat-batean lokatzez egindako oinak ditugula deskubritu dugu.

Baina nik baikorra izaten jarraitzen dut. Espero dut honek guztiak hezkuntzaren benetako zentzua topatzen lagunduko digula: humanizazioaren prozesuan urratsak ematea jendarte justuagoa eta solidarioagoa eraiki dezagun.

Ikasturtea era honetara bukatu beharra dramatzat har daiteke, edo aukeratzat. Bizitza bera ikasgela indartsua gertatzen da askotan.

Bizitza oso luzea da, izango dute eskolara joateko denbora. Hau ez da drama bat. Gertatu den zerbait da eta bizitzan eta bizitza ulertzeko moduan berriz kokatzen lagundu beharko liguke. Eskolak gertatu dena kudeatzeko modua topatu behar du, baina presarik gabe. Orain benetan garrantzitsua pertsonen zaintza da, haurrena zein helduena. Saia gaitezen denok ahalik ondoen ateratzen egoera honetatik. Eta posible da denok ez ondo ateratzea, kostu psikologikoa, lan mundukoa eta ekonomikoa sekulakoak izango direlako. Goazen pentsatzera hau guztia nola bideratuko dugun.

Hortik aparte, ikasleriak toki guztietan eta une guztietan ikasten du. Seguru nago une honetan gauza oso garrantzitsuak ikasten ari direla ikasleak, ditxosozko curriculumetik aparte. Hala ere, curriculumaren baitan jasotzen da norbere burua kudeatzen ikastea, erregulatzen ikastea, antolatzea, erresiliente izatea... Jende askok uste du curriculumean matematika eta horrelakoak bakarrik jasotzen direla. Ez, curriculumaren baitan gaitasun pertsonalak eta sozialak ere jasotzen dira eta horiek izugarri ari dira garatzen ikasleak beren etxeetan. Horietan jarri beharko litzateke indarra eskolatik, orain da horiek lantzeko garaia, inoiz baino beharrezkoagoak direlako: nola antolatzen dut nire lana, nola kudeatzen dut larritasuna, nola eusten diot tristurari... Orain oso garrantzitsua da autoerregulazioa eta erresilientzia lantzea. Eta horiek ezinbesteko gaitasunak dira bizitzarako. Gaitasun horien lantzeko une oso aproposak dira.

Gurasoak ere zaurgarriak direla eta zer gertatuko den seguru ez dakitela ikustea ikasketa handia izan daiteke.

Bai. Denok gara zaurgarriak eta ustezko gure ziurtasunak ez dira hain ziurrak. Familian asko hitz egiteko momentua da, talde bat bezala sentitzeko momentua eta etxea talde bezala antolatzekoa. Horrek sekulako aukerak dauzka.

Horrelako geldialdi bat ez dugu inoiz ezagutu. Baina honek lagundu gaitzake bizitzan berriz kokatzeko.

Orokorrean, nola moldatu dira ikasleak etxetik lan egitera? Aurrekoan irakasle batek aipatzen zuen lanak zintzilikatu orduko ikasleak adi zeudela. Oso belaunaldi teknologikoa izateak ere erraztuko du egoera, ezta?

Belaunaldia teknologikoa den edo ez aparte utzita –eta hemen desberdintasun handiak daude–, badira teknologia modu sistematikoan erabiltzen duten eskolak eta badira gutxiago erabiltzen dutenak. Batzuetan teknologia ikasteko erreminta bat da eta beste batzuetan ez hainbeste. Akaso hor dago gakoa, ezin da modu orokorrean hitz egin.

Teknologiaz harago, lan ohiturak eta norberaren ardura daude. Orokorrean, ikasleak etxetik eskolara konektatuta jarraitu dute eta egoera berriari ondo erantzun diote, norberak bere aukeren baitan. Irakasleen lanak eta aholkuak jarraitu dituzte orokorrean.

Zer galtzen da irakaskuntza telematikoarekin? Esaten da normalean arazorik ez duena erraz moldatzen dela, baina bestelako kontua dela dagoeneko arrastaka datorrenarentzat.

Horrelako egoera batean norbere diziplina da gakoa; ikaslearen autonomia, antolatzeko gaitasuna... aurretik ere bagenekien gaitasun horiek oso garrantzitsuak zirela eta egoera honetan are ageriago geratu da hori; lan ohiturak, antolatzeko gaitasuna, ardura eta lana. Horiek dira gakoak. Gaitasun horiek dituen ikaslea moldatuko da, baina ez dituena, nekez.

Eta, noski, ez da ikasgelan irakaslearekin eta ikaskideekin egotearen parekoa inondik inora. Ikasgelan irakaslearen egitekoa oso garrantzitsua da, ikasleak gidatzen ditu, zailtasunak identifikatzen ditu, zalantzak argitu... Gainera, berdinen arteko ikasketa bat ematen da eta ikasleen artean zalantzak eta erantzunak partekatzen dituzte.

Hala eta guztiz ere, ez dugu ahaztu behar hezkuntzaren helburuetako bat ikasten ikastea dela. Hartara, garrantzitsua da edozein egoeratan ikasten ikastea, eta horrek ez dauka zerikusirik ezagutzarekin, gaitasun pertsonalekin baizik.

Lehen aipatu bezala, irakasleak bidalitako lanak egiteaz gain, egoera honetan gaitasun pertsonal ugari ari dira lantzen ikasleak; antolatzen, beren irtenbide propioak topatzen, beldurrak gainditzen eta ardurak hartzen, besteren artean.

Irakasleek ere beren lan egiteko modua aldatu behar izan dute egun batetik bestera.

Sekulako ahalegina egin dute eta merezi moduan eskertu behar zaie. Irakasleen egokitzeko gaitasuna, birziklatze digitala, irudimena eta ikaslearengana iristeko ahalegina sekulakoak izan dira. Noski, haur hezkuntzaren, lehen hezkuntzaren eta bigarren hezkuntzaren egoera eta arazoak desberdinak dira.

Iruditzen zait fase desberdinak izan direla. Hasieran lanak bidali eta programazioari jarraitzen saiatu ziren eta pixkanaka egoera berrira moldatzen eta irakasleen artean koordinatzen hasi direla esango nuke, bai ikasleak gehiegi ez kargatzeko eta baita ariketa egokiagoak jartzeko ere. Eta, batez ere, haur bakoitzaren egoerarekin kezkatu dira, familiekin harremanetan jarri eta beren ongizateaz arduratu dira. Tutoretzak pisu garrantzitsua hartu du.

Uste dut egoera honetan denok ikasi dugula hezkuntzan zer den benetan garrantzitsua eta lezio horrek lagundu egingo digu etorkizunean.

Horrez gain, ez nituzke ahaztu nahi eskoletako zuzendaritza taldeak ere. Sekulako ahalegina egin dute irakasleen lana koordinatzen eta irakasleria zaintzen, animoak ematen eta lidergo bat markatzen. Gainera, justizia sozialaren izenean, asko kezkatu dira egoera zaurgarrian dauden ikasleekin.

Hezkuntza alorreko administraritzako eragile desberdinek ere ahalegin handia egin dute eskolei egoera berrira moldatzen laguntzeko.

Eta familiak ere hor daude.

Familien papera beti da garrantzitsua eta are garrantzitsuagoa horrelako egoera batean. Ez da batere samurra etxeko guztien zaintza, hezkuntza, kasu askotan telelana, beste batzuetan lan ziurgabetasuna edota etxetik kanpoko lana eta itxialdia bateratzea, eta seme-alaben ongizateaz arduratzea. Gainera, eskolako lanen jarraipena egitea, zalantzak argitzea... Familiak sekulako ahalegina egiten ari dira eta hori aitortu behar zaie.

Ebaluazioari begira jarrita, zer irudituko litzaizuke ikasle guztiek ikasturtea gainditzea?

Zer da garrantzitsuagoa, nota edo ikasleak ikasten duena? Ebaluazioa irakasleen egitekoa da eta seguru jakingo dutela nola kudeatu ekitatez eta inor atzean utzi gabe, kontziente izanda ikasleek ezin dituztela ordaindu egoera honen ondorioak.

Ez litzateke izango gainditze orokor bat, baizik eta datorren ikasturteari lotutako promozio automatiko bat. Gure curriculuma kiribilean antolatuta dago. Hau da, ikasturte bakoitzean gai berak lantzen dira baina aldiro sakontasun gehiagorekin. Lehen hezkuntzan batez ere.

Datorren ikasturtea berriz antolatu beharko da eta akaso baita hurrengoa ere beharrezkoa baldin bada. Garaia iristen denean beharrezkoa dena indartu beharko da, baina ez orain.

Ezin da modu berean neurtu baliabide guztiak izan dituen eta familian beharrezko laguntza izan duen ikaslea eta horien gabezia izan duena. Azken ikasle hori zigortu egin behar al da?

Zentzuz eta ekitatez jokatu behar dela uste dut. Eta ekitatea da ikasle bakoitzari behar duena eskaintzea, bere egoera zehatzean pertsonalki eta sozialki garatzeko behar duena ematea. Hori oso desberdina eta beharrezkoa da zaurgarrienen kasuan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailakoentzat eta Batxilergoko bigarren mailakoentzat irtenbide zehatzak pentsatu behar dira. Modu guztietara, ekitatez jokatu behar da, inori ateak itxi gabe eta ikasleen alde beti.

Ikasturte honetan ikasgelak irekiko direla uste al duzu?

Ez dakit, osasun agintariek esaten dutenaren arabera. Hala ere, horrela gertatzen bada prozesua arretaz zaindu beharko da, ikasleria ez delako egoera onean etorriko. Ekintza emozionalak eta fisikoak egin beharko dira, hainbeste denbora etxean itxita eman eta gero. Egia esanda curriculumak ez nau kezkatzen, izango da denbora datorren ikasturtean. Bitxia da, Alemanian udan klaseak emateaz eta udazkenean oporrak egiteaz hizketan ari dira.

Garrantzitsua litzateke ikasturtea ikasgeletan agurtzea?

Posible bada, bai. Batez ere itxialdi honen ondoren beharrezkoa izango delako errekuperazio emozionala eta soziala lantzen hastea. Uneotan hori beste ezer baino garrantzitsuagoa da.