Iker Barandiaran

Minutu bateko putza

XXI. mendeko lehen esperimentu globalaren protagonistak gara. Film luzea da, ez kezkatu, oraindik ez dizu inork spoiler egingo. Edo nahiago baduzu kapitulu zirraragarri asko dituen serietzat har dezakezu bizitzen ari garena eta biziko duguna.

Pasatu gara ezjakintasun osotik, gertatzen ari zena ez sinestetik shock egoera batera eta, kasu askotan, neurririk gabeko beldurrera. Egiazkoa da arriskua, nahiz eta ez den ikusten, ez dakizu non dagoen eta non ez, nork bai eta nork ez. Mesfidantza sortzen du besteekiko, guztiarekiko. Zu bakarrik burbuila batean, zu bakarrik zure izatearekin, zure beldurrekin eta zure zalantzekin.

Ziztu batean gure ohiturak zuritik beltzera aldatu ditugu. Aldarazi dizkigute bai, baina guztiok ezbairik gabe, gehiago edo gutxiago, onartu edo bete ditugu eta horretan gabiltza. Gure harremantzeko modua errotik aldatu da, edo agian aldatu baino nabarmentzen ari ziren ohitura berriak –nork asmatutakoak?– gailendu dira behingoz. Pantailen bitartez ikusten dugu dena, haien bitartez ulertzen dugu mundua eta haiek erabiltzen ditugu harremantzeko gero eta gehiago.

Zigortuta dago hiru helburu jakinetarako ez bada kalera irtetea, kalean ibiltzea. A, ez, barkatu… laugarrena ere bada: lan egitea. Mota guztietako poliziak bilakatu dira orain inoiz baino gehiago kalearen jaun eta jabe. Zer gelditzen zaigu? A, bai, gure esparru pribatua, gure ondasun bakarra –daukanak behintzat–, etxea; besterik ez.

A, eta badaukagu beste esparru aske bat: balkoia. Baimena dugu egunero ilundu aurretik minutu gutxi batzuetan burua atera eta txalo eginez eguneko, asteetako, hilabeteetako… muga guztiak ahantzaraziko dizkigun tarte sinbolikoa hartzeko. Demokratikoa? Elkartasunekoa? Terapeutikoa? Iraultzailea? Edo kaka putza? Honek guztiak zerbait ona badu, balio beharko luke azken hamarkadotan gizarte eta norbanako bezala daramagun erritmo zoro eta suntsikorrari frenoa jartzeko. Ikusi eta ikasi behar dugu natura hondamendira daraman gurpil zoro batean sartuta gaudela lepora arte, eta horren erantzuleak gutako bakoitza garela. Gure jarrera aldaketan dago gakoa.

Era berean, gurpil zoro horretan, erdietsi ezinak diren helburu sinesgaitzei –nork asmatutakoak?– eta bat-bateko lorpenei ematen diegu balioa. Ba, bada orain momentua horretaz ere hausnartu eta benetako gauza txikiei merezi duten arreta jartzeko.

Uste dut zenbait jende konturatzen hasi dela goian aipatutako gizarte eredu horrekin zuzenean lotuta dagoen pribatizazio eta negozio hutsaren ondorio dela osasun publikoa zein publikoa den beste edozer hiltzen uztea. Uste dut balkoietako ekintza sasi-heroiko horiek badutela horrekin lotura, baina uste dut pauso asko eman beharko genituzkeela, eta ez naiz galeriara begira egiten diren poseez fidatzen. Hori esan badut ere, ez dut bihotz oneko jende guztia zaku exhibizionista huts horretan sartuko. Bakoitzak ditu bere arrazoiak eta beldurrak.

Izan ere, egoera honetan gehien kezkatzen nauena da, beti bezala, norbere miseriei erreparatu eta sendatzeko bidea jarri beharrean, fokua inbidia eta ezikusi osoz besteengan jartzen duen jendilaje horren jarrera. Covid-19 delako birus gogaikarri hau helburu jakin batzuetarako sortu eta zabaldu bada, balkoietako polizia nazkagarri horiek dira gizartea norabide hoberenera baino, txarrenera bidaliko dutenak. Izan daitezela oharkabean geldituko diren hirugarren mailako aktore(s)ak. •