Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Balkoiak

Izebak egin zuen aspaldi terraza eta balkoia ezberdintzeko arau definitiboa: «Kanpora ateratzerakoan estropezu egin eta barandaren kontra zartakoa hartzen baduzu ez dago zalantzarik: zurea balkoia da». Baldar xamarra naiz eta hala frogatu nuen enpirikoki: balkoia dugu etxean.

Etxebizitzen bizigarritasun dekretu berria ari da idazten Eusko Jaurlaritzako etxebizitza saila –sukaldeen tamaina izan genuen hemen hizpide duela hilabete batzuk– eta balkoiaren txanda da gaur, konfinamenduaren albo-kalteak tarteko.

Dekretu-zirriborroak zera dio etxebizitzaren gutxieneko programari buruz: «Etxebizitza egokia izango da, gutxienez, bi pertsonaren ohiko okupaziorako, eta gela bat edukiko du non egoteko, janaria prestatzeko eta jateko espazioak antolatu ahal izango diren. Era berean, lo egiteko espazio bat izango du (banatu daitekeena), bai eta komunerako espazio bat (banatua) ere». Balkoiaren arrastorik ez, beraz.

Galdera da: etxebizitza baten programa minimoaren parte izan beharko luke balkoiak? Erantzuna baiezkoa bada, ezinbestean datoz galderak errenkadan, izebarena baino erantzun teknikoagoak eskatzen dituztenak. Zer da, zehazki, balkoi bat? Fatxadatik kanpo dagoen irtengune bat derrigor, ala izan liteke hiru hormen arteko espazio ireki bat? Zein beharko luke balkoiaren tamaina minimoak? Bat, bi, hiru metro karratu? Zenbaki finkoa behar luke izan gutxieneko horrek ala etxearen tamainaren araberakoa agian? Ala bizilagun kopuruaren araberakoa? Eta nola neurtu azalera hori? Ez baita gauza bera metro erdiko zabalera eta 8 metroko luzera duen balkoi bat eta 2x2 metroko beste bat, biek lau metro karratu izan arren.

Ertz askotako gaia. Lehenik eta behin, ezin dugulako ahaztu dekretuak etxebizitza berriei eragiten diela eta, beraz, ez diola erreparatzen jada badagoenari. Nola eragin orduan eraikia dagoen hirian? Egoera batzuetan, posible litzateke eraikinei bigarren azal bat gehitzea, Lacaton eta Vassalek Bordelen egin bezala, baina prototipo hori ez da edonon kopiatzeko modukoa. Legedia aldetik ere zalantzak: nola zenbatu eta kudeatu eraikigarritasun gehigarri hori? Igogailuak kokatzeko baimenak ematen diren modu berean eman al litezke balkoiak gehitzeko baimenak? Zein baldintzatan?

Beste ertz bat pribatutasunarena da. Demagun ebazten dugula baietz, beharrezkoa dela etxebizitza-eraikinek kanpo-espazio erabilgarriak izatea. Derrigor izan behar al du espazio horrek norberarena? Gure egin behar dugu “etxebizitza bat, balkoi bat” lema ala saiatuko gara eraikinetan komunak izango diren espazio irekiak sortzen? Estalkiak, esaterako. Edo eraldaketa tipologikoa baimentzen badidazue, berreskuratu dezakegu kanpo-pasarelaren kontzeptua etxebizitzetara sartzeko, barne-korridore ilunak alboratuz?

Arkitektura-diseinua zuzenbide erara, sustatzaileek lupaz begiratuko dituzten arauak. Oreka zaila, diseinuaren eta arauen artekoa. Xavier Monteysek dio, “La gente diseña” arestiko artikuluan, bizigarritasun dekretuak gero eta zurrunagoak direla eta kausa noblea izanagatik –espekulazioaren eta merkatuaren gehiegikeriei muga jartzea– etxekalte izaten amaitu dutela. Sukaldeak, balkoiak eta zurruntasuna; etxeko lanak pilatzen ari zaizkie Etxebizitza Sailean. •