Maider Iantzi Goienetxe

Plas! Plas!

Balkoira txalotzera atera nintzen lehenengo arratsaldean hunkitu egin nintzen. Zirraragarria zen: denak mundutik erretiratuta, bakoitza bere kobazuloan babestua, une hartantxe, zortzietan puntuan bat egin arte. Parez pare, bizilagunak (zentzua indartu edo berreskuratu duen hitza, “bizilaguna”). Aitortuko dizuet batzuk ez nekiela hor bizi zirenik ere eta bertzeak orain ezagutu ditudala, distantziara, etxeko arroparekin. Lehenbiziko gortina mugimendu lotsatiak, eskuekin egindako agurrak, trukatutako edo saihestutako begiradak, txalo indartsuak, txalo xaloak, txalo nekatuak. Egun guztiak direlako ezberdinak, eta egun bakoitzeko txaloak ere bai.

Arratsaldero aterata, ohitu egin naiz. Jada ez da malkorik arrimatzen, baina gustatzen zait momentua. Kalearekin dudan eguneko hitzordu bakarra.

Plas! Plas! Nola aldatu gara? Plas! Plas! Plas! Nolakoa izanen da mundu berria “hau dena pasatzen denean”? Balkoiko polizia ala elkartasun sarea gailenduko da? Kontrola edo malgutasuna?

Badira hau guztia bazetorrela bazekitela dioten iragarleak, birusa norbaitek laborategi batean asmo txarrez diseinatu zuela sinetsita daudenak, zifrak sinesten ez dituztenak, puztuak edo hustuak daudelakoan. Gauza seguru bakarra izurrite hau eragiten ari den sufrimendua da. Eta gure bizitzei eman dien astinaldia. Eta geldialdia.

Plas! Plas! Konfinamendu gogorragoetan dauden bertze munduak ikusiko ditugu? Harremanetan urrundu ala hurbildu eginen gara? Herri hezitzailera gerturatuko gara? Zaintza baloratuko dugu? Kultura ikusi? Ekonomia bizigarri bat lortu? Kontsumoa lasaitu? Unea bizi? Plas! Plas! Plas! Txaloak izan daitezke, eta baita zaplaztekoak ere. •