Juantxo EGAÑA

Ume ijitoak Santurtziko hondartzan

XIX. mendearen erdialdetik, Santurtzi, kostaldeko beste herri batzuk bezala, uda-leku bihurtu zen Bilboko burgesiarentzat, batez ere Bigarren Karlistaldia amaitu ondoren eta garraiobide berriak sortu zirenean, hala nola Bilbo eta Santurtzi, eta Portugalete eta Areeta arteko tranbia-lineak. Artikulua ilustratzen duen irudia 1900ean egina da, gaur egun desagertuta dagoen Santurtziko hondartzan. Gerardo Gutierrez de la Monja argazkilariaren aurrean jarrita, ijito etniako ume talde bat ageri da. Haien atzean eta ia enkoadraketatik kanpo, goi-burgesiako beste ume batzuk argazkilariari eta erretratuei begira daude. Atzealdean, Orioltarren etxea, gaur egun hotel bihurtua, eta Martinez Rodas familiaren etxea ikusten dira. Irudiaren egilea Gerado Gutierrez de la Monja izan zen, Segovian jaioa baina oso gaztetatik Bilbon finkatua, Bigarren Gerra Karlistan armada liberalarekin izan baitzen Bizkaiko hiriburuko setioaren desblokeoan. Bilbon aduana agentea izan zen lanbidez. Argazkigintza gustuko zuen eta gehienbat bere familia eta ingurunea erretratatu zituen, baita Bilboko eguneroko bizimodua, erlijio prozesioak eta Abrako paisaia ere. Haren obrak 300 plaka estereoskopiko baino gehiago ditu.