Xabier Mikel Errekondo

Ze prezio du osasunak?

Garai batean jainkoei nola, egun kataklismo oro naturari egozten konformatzen gara. Errealitatea baina beti da uste baino gordinagoa, eta nago Covid-19aren atzean guztiahaldun sentitzen den gizakia dagoela, batzuk behintzat… Botere politikoa, ekonomikoa zein teknologikoa auzitan jartzen bada, edozer egiteko prest da eusteko. Arrazoitua izangatik ere, salaketa oro “buloa” eta “konspirazioa” izango da, baita Guardia Zibilaren begietara, erridikulua egiten badu ere.

Thomas Cowan doktoreak dio azken 100 urteotako pandemia nagusiak lurraren elektrifikazioaren salto kuantikoek eragin dituztela eta, Covid-19a, 5G teknologiaren zabalkunde izugarriak. Buloa omen, baina eta egia bada? 5G teknologiaren atzetik mundu mailako interesa dago, bereziki Txinaren eta AEBen artean, eta mundu-guda digitala piztua dute. Kasualitatea ote birusaren jatorri omen den Wuhan hiria 5G teknologiarekin %100 estalia dagoen munduko lehena izatea?

Euskal Herrian badakigu zer den osasunaren alde egitea, hots, kutsaduraren kontra. Ikasia dugu, beraz, kanpo elektromagnetikoek kalte egiten diguten arren, ez enpresari aseezinek ez politikari arduragabeek ez dutela sekula onartuko 5G teknologia osasunarentzat kaltegarria denik; bada, J’acusse.

Bestalde, Harvard Unibertsitatearen ikerketa berriak ondorio larri bat gehitu du: Covid-19aren hilkortasun tasa handiagoa da inguru kutsatuetan. Hala nola zabortegi eta erraustegi inguruetan.

Urkullu zein Olano eta Arriola zein Asensio jaunak, ez gaitzazue ez nahas ez engaina arrazoi orokor iheskorrekin, behingoagatik jarri erdigunean herritarrak eta zuzendu erabakiak. #ZabalgarbiArgitu! #DonostiakoErraustegiaEz!

Ze prezio du osasunak? •