Amagoia Mujika Telleria
WWW.EHKONESKAGAZTEAK.EUS

Elkartzeko, partekatzeko eta feminismotik jendartea astintzeko webgune bat

Mugimendu feministaren eta gazte mugimenduaren parte da Euskal Herriko Neska* Gazteak sarea. Feminismoaren baitan militante gazteenek espazio eta funtzio propioak dituztela ulertuta saretu dira hainbeste herritan eta auzotan sortutako taldeak. Webgune berri bat jarriko dute martxan, tresna berriekin feminismotik eragiten jarraitzeko.

Euskal Herriko Neska* Gazteak sare bat da, mugimendu bat, 2017 inguruan piztu zena. Urte horretan Ozetan izandako udaleku feministetan hasi zen forma hartzen eta ibilian-ibilian saretu da. Geroztik bigarren udalekuak eta Arbizun egun-pasa bat ere antolatu zituzten. Baina iazko urrian Lizarran izandako topaketak izan dira saretze horretan pausorik sendoena.

«Euskal Herri osoan talde feminista mordo baten loraldiarekin batera sortu zen saretzeko beharra. Bide horretan, gehien definitu gaituen ekimena iazko mugimendu feministaren bosgarren jardunaldiei begira, aurretik, hilabete lehenago, Lizarran izandako Neska* Gazteon Topaketak izan dira. Mugimendu feministaren baitan eta bereziki neska gazteen taldeetan estrategikoak diren eztabaidak landu genituen bertan, autodefentsarena adibidez», azaldu du mugimenduko kide den Marina Urkidik. Lizarrako topaketa horietan beste behar bat ere agertu zen mahaiaren gainera: Espazio fisikoez haratago, elkartzeko gune baten beharra; materialak, informazioa edota tresnak partekatzeko tresna baten premia; mugimenduaren aldarrikapenak ikustarazteko tokia. Eta hausnarketa horren ondorio da sortu berri duten webgunea, datozen egunetan martxan jarriko dutena: www.ehkoneskagazteak.eus.

Identitate eta funtzio propioa

Euskal Herriko Neska* Gazteak mugimendu feministaren zein gazte mugimenduaren parte da. «Feminismoaren loraldiaren baitan neska gazteen talde asko sortu dira Euskal Herri osoan. Mugimendu hau pixkanaka gorpuztu da, oso modu naturalean. Iazko Lizarrako topaketetan gehiago landu dugu neska gazteen subjektu zer den, zertaz ari garen hori aipatzen dugunean. Ulertzen dugu mugimendu feministaren baitan identitate propioa daukagula eta gure beharrez eta arazoez hausnartzeko espazio propioak behar ditugula. Ikusi dugu akaso berezitasun nabarmenena dela funtzio bereziak ditugula mugimendu feministaren baitan. Adibidez, belaunaldi gazteenekin harremana egitea, zubi lana egitea, horiek mugimendu feministara ekartzea, feminismoa gazteen espazio horietara eramatea... Era berean, mugimendu feministara freskotasuna eramatea, originaltasuna, ekintzailetasuna, ideia berriak...».

Herrietan eta auzoetan gero eta neska gazte gehiagok ikusi du feminismora hurbiltzeko beharra eta talde berriak sortu dira nonahi. «Taldeetako askok lotura estua dute gazte mugimenduarekin, horren bueltan sortu dira. Adibidez, jaien inguruan talde asko sortu dira, eraso matxisten kontrako protokoloak sortzeko gehienak. Jaietako espazioek, adibidez, guztiz zeharkatzen gaituzte neska gazte bezala. Testuinguru horretan talde asko sortu dira», azaldu du Urkidik.

Inoiz baino beharrezkoagoa

Behin mugimendua sortuta, Lizarrako gogoeta horietan garbi samar ikusi zuten komunikazio tresna berriak sortzeko beharra eta hortik dator datozen egunetan abian jarriko duten webgunea. «Buruan genuen webgunearen ideia, baina bizi dugun osasun larrialdi egoerak bizkortu edo bultzatu egin du prozesua. Testuinguru honetan inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu sarean feminismotik eragiteko beharra», nabarmendu du Urkidik.

Webguneak atal desberdinak izango ditu; gaurkotasuneko berriak, borrokarako tresnak eta materialak, Euskal Herriko neska gazteen taldeen mapa, egindako ekimenen inguruko informazioa...

Izan ere, alarma egoeran, ezohiko itxialdian, zenbatgarren lerroan kabitzen da borroka feminista? «Batetik, itxialdiaren ondorioz indarkeria matxistak gora egingo zuela bistako aurreikuspena zen. Eta frustrazioa ere nabarmena da, bai batzuek ezin dutelako egoera salatu eta baita zaila delako behar dituzten baliabideak eskaintzea ere. Bestetik, bizi izan dugun zaintza lanen kolapsoa ere nabarmena izan da. Lehen egunetan lehen lerroan egon zen, baina dagoeneko bigarren lerrora pasa da, betiko tokira. Eztabaida jarduera ekonomikoaren gainean dago nabarmen. Gainera, hartu diren neurriek ere logika hori jarraitu dute; kontziliazioa bigarren mailako bihurtu da, ikasleak betiko erritmoarekin eta ebaluazio irizpideekin itotzen ari dira, non gelditu dira umeak... neurriak betiko logika ekonomikotik hartu dira. Hala ere, nabarmenduko nuke Euskal Herrian zaintza sareen bidez eman den erantzuna oso positiboa izan dela. Pozgarria izan da eta erakusten du beste eredu baten alde borroka egitea posible dela».

Itxialdian teknologiak eta sare sozialek sekulako pisua hartu dute, aurretik zeukatenaz gain. «Sare sozialek gazteentzat sekulako pisua daukate eta neska gazteengan asko eragiten dute. Estereotipo eta rol hegemonikoak erreproduzitzen dituzte beti eta orain hartu duten pisuarekin, are kezkagarriagoa da joera. Horren aurrean bestelako eredu batzuk jarri nahi ditugu mahai gainean eta aire freskoa bidali. Hori ere bada webgunearen helburua», nabarmendu du Marina Urkidik.