Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

«Euskal History X»

Zain neramatzan hilabete batzuk eta estreinatu bezain pronto bata bestearen atzetik irentsi nituen «La linea invisible» telesaileko kapituluak. Ez nator historialari bezala zer den zuzena eta zer ez pontifikatzera. Ekoizpen artistikoetan kalitatea edota entretenimendua bilatzen ditut, ez egokitasun historikoa. Beste kontu bat da ekoizpen artistiko baten egileek adierazten dutenean beren helburu nagusia egokitasun historikoa dela. Zuzendariak esan zuen: «gertatutako gauzetan bakarrik oinarrituta egin dugu», eta ekoizpenaren helburua «historia ezagutzea» dela. Historia irakasle bezala irudikatu baitute beren lana gidoilari, zuzendari eta aktoreek, Barne Ministerioaren soldata duen filmeko historialari-aholkularia profetatzat hartuta. Ados, pentsa dezagun ez dakigula ezer ere gaiari buruz. Hau da telesailak erakusten diguna:

1) ETA apaizen erruz sustraitu zen. Amen! Vatikanoak ez zuen ezer egiten apaiz haien kontra. Espainiar poliziek eskatu arren, ezer ez. Apaiz fanatikoak... antifrankistei laguntzen zieten.

2) ETAko benetako buruzagia mafioso aberats bat zen. Gogoratzen gaztetxotan eskolan jarri ziguten “American History X”? Ba gauza bera. Badago fanatiko zahar bat, gazteak manipulatzen dituena. Baina bera beti ekintzatik urrun ezkutatuta geratzen da. Militanteren batek zalantzarik izanez gero, bere autoritate patriarkarra erabiltzen du. Vito Corleone Lapurdin.

3) 1960ko hamarkadako emakumeek ez zuten ezer interesgarririk esaten. Hollywoodeko urrezko garaiko pelikulek erakutsi ziguten bezala, emakumeek nahi zuten bakarra beren gizonen ama, andregai edo emazte izatea zen. Kezka bakartzat kortejatuak izatea eta txipiroiak prestatzea zuten.

4) Gazteleraz ondo ez dakien jendeak ez ditu gauzak asko pentsatzen. Salbaiagoak direlako izango da. Kultura, arrazoibidea, hausnarketa, gaztelerari esker lortu dira. Beren kaxara utziz gero, euskal hiztunak egurra moztera eta usoak ehizatzera bakarrik dedikatuko lirateke.

5) Meliton Manzanas nahikoa matxiruloa zen, baina azken finean, polizia eta gizon bezala, egin behar zuena egin zuen. Bere garaiko gizon bat, hobe esanda, biktima bat. Txabi Etxebarrieta, aldiz, “Quadrophenia” filmeko protagonistaren bilbotar bertsioa izan zen. Mutiko depresibo eta drogazale bat, biolentzia zentzurik gabe erabiltzen zuena bere antsietatea sendatzeko eta azkenean mundutik ihes egitea erabaki zuena.

6) Jose Antonio Pardines eta Txabi Etxebarrieta hil ziren egunari buruz gertatutakoaren egia bakarra eta berdaderoa, Sarasketak hogeita hamar urte geroago “El Mundo”-ri kontatu ziona da eta, zalantzarik balego, polizia frankistak eginiko txostenetan jasotzen dena. Jende guztiak daki poliziaren atestatuak direla beti zintzotasunaren froga ukaezina.

Nahiago izango nukeen pelikula benetan entretenigarri bat. Meliton Bruce Willisek antzeztuta, terroristak motor batean Bilboko kaleetatik modu espektakularrean jarraitu eta ondoren jipoitzen dituena. Baina ez, espainiarrek historia egin behar zuten. Behin eta berriz azaldu behar baitigute etakideak burua galdu zuten gazte batzuk izan zirela, iraultza egitera jolastu zutenak, ezkondu eta lasai etxean geratu beharrean. Pertsonaia guztiak humanizatu omen dituzte, baina argi ezarriz nortzuk diren onak eta nortzuk gaiztoak, nortzuk arrazionalak eta nortzuk zoroak. Espainiar nazionalismoaren obsesioen arabera osatutako gidoiak aktoreen eta zuzendariaren lan artistiko ona zapuztu du. Espainian ausart bezala saldu duten bertsioak ikuspegi kontserbadorea eta autoritateari leiala eskaini digu. Beste behin. •