Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Konfinamenduaren deskonfinamenduaz, konfiantzaren deskonfiantzaz

Zazpigarren astea etxean konfinaturik gaudela, pandemia arraro batek gure lurraldea eta mundu osoa jo ondoren. Zazpi aste informazioa lortzeko bide ezberdinez hausnartzeko eta eztabaidatzeko. Eta, era berean, gure nortasun kritikoa ase eta informazio bideetatik eskaintzen diguten guztia ez sinisteko, kontrajarriak dauden informazioak entzun eta irakurtzeko... Aditu eta zientifiko asko daudela ohartzeko, ez bakarrik Osasunaren Mundu Erakundean, baita gure lurraldean eta besteetan ere, itxialdiaz modu oso kritikoan aritzen direnak tartean.

Zazpi aste lanari telematikoki nola heldu ikasteko; Skype, Zoom, Duo, Youtube edota Facebook bidez gure pasioa den lan hau gure bezeroei nola eskaini asmatu nahian.

Zazpi aste haur, nerabe, heldu eta hirugarren adinekoez arduratzeko. Baita hainbat lanbideren –sukaldari, zerbitzari, enpresari, autonomo, sendagile, erizain, zahar egoitzetako langile– errealitate gordinaz jabetzeko ere.

Eta orain konfinamenduaren ondoren deskonfinamendua dator, nola kristo egingo ote den berriz ere dena martxan jartzeko, kutsadurak kontrolatzeko, haurren jolasak eta helduen nahigabeak. Batzuek diote orain artekoa izan dela errazena hein handi batean, denak etxean edukitzea beldurraren eraginpean, beldurraren diktaduran!

Denak beldurtu ditugu, haur, gazte eta heldu. Orain deskonfinamenduan nola landu konfiantza? Hori da gakoetako bat. Kostatuko zaigu berriz ere konfiantza lortzea kalean lasai egoteko, edo banku batean eserita, denda txiki batera sartzeko edo eskolara joateko.

Eta konfiantza baino lehen konfinamenduak utzitako ondorio emozionalak sendatu beharko ditugu; paranoiak, obsesioak, hipokondriak, beldurrak, antsietateak… Haur, gazte eta hirugarren adinekoentzat zazpi astez etxean sartuta egotea irteera minimorik gabe ez baita sanoa nire iritzirako sistema immune eta emozionalarentzako.

Bestalde, zazpi asteotan entzun dudan gauza zentzuzkoenetako bat –eta nik orain proposatzen dudana– zera da: gutako bakoitzak hitz egin dezala dakienaz. Alegia, zientzialariek zientziaz; baserritarrek landa eremuaz, naturaz, baratzaz eta animaliez; sendagileek osasunaz...

Konfinamendu garai honetan lantzen ari garen lan ildo garrantzitsu bat norbanakotik atera eta taldea indartzearena izan da. Konfinamendu eta alarma egoera honek bakartu egiten gaitu, pertsona asko bakarrik egon dira zazpi asteotan. Gure miserietan isolatzen gaitu: dela krisi ekonomikoa, dela dolua, dela lana adibidez osasun arloko profesionalen kasuan… Nerabeei dagokienez, konfinamenduaren barruan etxe barneko konfinamendu terribleak eman dira.

Beldurraren pandemia honek eramaten gaitu pentsatzera gu garela errudunak; errudunak errua sentitzeagatik, haurrei gaizki hitz egiteagatik bizkotxoak egin beharrean; errua pazienteak hiltzen ikusteagatik, edo bikote harremanak erabat puskatzeagatik…

Taldea indartu behar da indarrak batzeko, norbera ohartzeko albokoari ere gertatzen zaiola eta elkarri lagunduz bidea errazagoa dela: guraso eskola telematikoak bultzatuz, nerabe taldeak sortuz, gure lan ekipoa landuz, ikastoletako gelatako bideo deiak eginez, aitona-amonei biloben mezu eta marrazkiak emanez, ahaztu ez dezagun talde askoren parte garela eta ez gaudela bakarrik egoera gogor honetan.

Osasun arloan lan egiten duten profesionalekin dolua lantzeko abian jarri dugun egitasmoak horretan du oinarria; alegia, dolua taldean lantzea da helburua. Banakako bakoitzari prozesu latz honetan izan dituen zauri emozionalak taldean lantzeko aukera ematen zaio eta lanketa horrek berak lantaldea indartzen du, lantalde osasuntsu eta indartsuak eraikiz. •