Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

EGUZKIA JANTZI ETA ERANZTEN DEN TOKIA

Eguzkiak agertzeko eta ezkutatzeko soinekoz beteta dauka armairua. Denak ikusgarriak. Eta kaleko arnasa orduka baimentzen den garaiotan, harrotuta dagoelako edo, soinekorik distiratsuenak janzten ari dela iruditu zaigu. Edo ez. Akaso beti soineko antzekoak janzten ditu baina ez diegu erreparatzen, orduari begira dagoenak ez duelako zerua ikusten.

Birus batek bera baino ñimiñoago bihurtu gaitu eta lehen txikitzat genituenak handi bihurtu ditu; paseo bat eguzkia agertzen edo ezkutatzen ikusteko, bueltaxka bat gorputza astintzeko, egitetik egotera pasatu beharra.

Zaila da zerbait positiboa bailitzan marraztea. Ez da justua gainera. Jende gehiegi eraman du aurretik, prekaritate gehiegi bistaratu du, bizitza gehiegi zulatu, estutasun gehiegi sortu. Baina, ordukako askatasun txikiko une horietan zoriontasun poxi bat igarri daiteke han urrutian, eguzkia jantzi eta eranzten den tokian.

Amagoia Mujika Telleria