Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Eskolaren benetako zerizanaren bila

Frei Betto bost urtez Brasilgo favela batean bizi izan zen, lehen haurdunaldian zeuden emakumeei haurrak nola zaindu erakusten zieten medikuei laguntzen. Komunikazio arazo bat zegoen: emakumeak hizkuntza bat hitz egiten zuten (oso behartsuak ziren, faveletakoak) eta sendagileek beste bat (akademikoa). Arazo haren muina zein zen aztertzeko deitu zioten.

Mediku batek amei bularra ematen eta produktu industrialak ez erabiltzen erakusten zien. Bettok ama bati galdetu zion ea planteatu ziotena ulertu zuen. Ezetz erantzun zuen, ulertu zuen bakarra zela bere esnea haurraren elikadurarako ona zela. «Eta zergatik ez duzu ulertu?» galdetu zionean, ikasketarik ez zuela, eskolara bere bizitza osoan behin baino ez zela joan erantzun zion. Orduan, sendagileari galdetu zion ea sukaldean bazekien eta ezetz erantzun zion. Ama hura, ordea, edozein janari prestatzeko gai zen.

Eta biak oihanean galduko balira? Medikua gosez hilko litzateke. Eta emakumea, segur aski, ez. Bettoren arabera, «horrek esan nahi du inor ez dagoela beste inor baino baxuago. Kultura askotarikoak daude eta sozialki bateragarriak dira. Emakumea gai da nire kultura unibertsitariorik gabe bizitzeko, eta ni, aldiz, ez bererik gabe».

Covid-19a lurrikara izan da, batez ere. Gure helburuen eta nahien zimenduei dar-dar eginarazi die eta kolokan jarri du hezkuntza sistemaren zentzua bera. Etxea hezigune nagusi bihurtu den honetan, etxekoen eta hezitzaileen artean ezinbestean harremana eta elkarlana beharrezkoa bilakatu duen geldiune honek oxala balioko balu denok hezkuntzaren benetako zerizana topatzeko ahaleginean jartzeko.

Ezustean etorri zaigun muturreko egoera honek erdigunean jarri ditu bizitza eta zaintza. Pandemiak gure espeziea arriskuan jarri du. Eta abagune horretan, bizitza sostengatzea izan da bizirauteko genuen aukera bakarra. Jendartearen egiteko nagusia bizitzari eustea bihurtu da, zaurgarriak, ahulenak erdigunean jarrita.

Tupustean ohartu gara denok haurrak, gure aitona-amonak, gaixo daudenak, ekonomiak eta sistemak baztertuta dituen jendeak direla zaindu behar ditugunak. Edo denak garela edo ez dela inor. Gutako bakoitzak gure burua zainduz zaintzen ditugula besteak. Sekula baino argiago sentitu ahal izan dugu komunitatearen indarra.

Bizitzak eman digun ikaspen gogor bezain interesgarri honek eskola barrura begira jartzera gonbidatu beharko liguke. Nortzuk dira zaurgarrienak, bereziki zaindu beharko genituzkeenak? Eskola etxeratu dugunean, telematiko bihurtu behar izan ditugunean harremanak, edukiak eta abar, zaurgarriak zaurgarriago bilakatu zaizkigu: konektibitatea, euskararen arnasgunea galtzea… Ekitatea zailagoa bihurtu zaio eskolari.

Bizitzarako hezi nahi genuela genion pandemiaren aurretik. Ariketa praktiko paregabea eskaini digu bizitzak helburu hori betetzeko zein tresna zaizkigun baliagarriagoak identifikatzeko.

Konfinamendu bizitza, batez ere, norbere burua kudeatzen, ikasten, pentsatzen, egiten, ekiten, komunikatzen eta elkarrekin bizitzen jakin dutenek daramate arrakastatsuen. Oso kontuan hartu beharko genuke heziguneetara itzultzen garenean. Horrekin batera, osasunarekiko eta higienearekiko analfabetismo prozesu esanguratsu batean gaude: elikadura eta komunitatearen ongizatea, mugimendua (egon-mugitu), atsedena eta naturarekiko hartu-emana curriculumean txertatzeko urgentzia nabarmen geratu da.

Itzultzen garenean, oso kontuan izan beharko genuke zein gaitasun landu ditugun etxean bizitza sostengatu eta gure osasuna eta komunitatearena zaintzeko. Heziguneetara itzultzean haiei balioa ematea zor dugu. Asmatuko bagenu Bettok aipatzen dituen kultura horiek guztiak elkarlanean jartzen, elkarrekin ikasten joan gaitezen nola egin geure buruak pertsona hobeak... Eta aurrekoan genion bezala, inor atzean edota bazterrean utzi gabe. •