23/05/2020

Reportaje
KUBA
«Bata zuriak», Europa aberatsak atzean utzi dituen gaixoen itxaropen nagusia

Kubak azken urteotan abian jarri duen eta hedabideek «diplomazia mediku arrakastatsua» deitu duten elkartasun mobilizazioa Europa aberatsean koronabirusa dela-eta gaizkien pasatzen ari diren herritarrengana ere iritsi da, beste dozenaka herrialdetara ailegatzeaz gain. Lombardian ez diote Trumpi jaramonik egiten.

France-Presse
0523_cubatop

Lombardiako Crema hirian ez dago Karibeko eguraldirik. Hala ere, Roberto Arias Hernandez mediku kubatar gazteari ez zaio ezer falta osasunaren aldeko lanerako. Ez hotzak ez bertako hizkuntza ez menderatzeak ez dute kikildu koronabirus pandemiaren aurkako borrokan lehen lerrora, Italiako iparraldera, joandako sendagilea. Kubak orain bi hilabete makina bat osasun langile bidali zituen Europara eta Ariasena horietako «bata zuri» bat da.

«Medikuak gara, besterik gabe, eta inoiz baino gehiago tokatu zaigu gaur geure zeregina betetzea –esan dio gazteak France-Presse agentziari–. Pandemia baten aurka borrokan ari gara, eta horrelako egoeratan gure jarduera behar da». Barne-medikuntzako medikuak 28 urte ditu eta kazetariekin hitz egin ondoren bere lanari hasiera eman dio Cremako Erietxe Nagusian, Lombardia eskualdearen bihotzean, pandemiak gehien kaltetutako eremuan alegia.

Ariasentzat Kubatik kanpo egiten duen lehenengo misioa da, baina ez Henry Reeve Brigadarentzat. Lombardiara pandemiaren aurka lan egitera 51 mediku eta espezialista bidali dituzte, eta horien erdiak baino gehiago Afrikako zenbait estatutan ebola izurritearen kontrako borrokan aritutakoak dira.

Misioa hasi zen eguna ez du ahazteko Ariasek. Martxoaren 22an hotza pasa zuen kubatarrak euri zaparrada amaigabeen artean. Europako neguko hotzari «ulertezina» deitu dio karibetarrak. 34.000 biztanleko Crema hirian isiltasuna eta mina ziren nagusi bera iristean. «Koronabirusaren probintzia martiri» esaten zioten hedabideek, bertan iritsi baitzaie heriotza italiar penintsula osoan erregistratutako 31.610 hildakoetako 15.000 baino gehiagori.

«Beldurra beti sentitzen duzu, mundu osoan zabaldu den pandemiaren epizentroan borrokara baitzoaz une horretan –onartu du internistak–. Zure lana egin egin nahi duzu, baina, aldi berean, egoerak eskatzen duen mailan ez jarduteak beldurtzen zaitu. Edonola ere, hona iritsi eta lanean hasi ginenean, ondo moldatu ginen, estutasunetatik ateratzeko garaian ez genuen arazo handirik izan».

Izaera berekoak

Harro dago kubatar gaztea. Badaki berarekin lanean ari diren osasungileek Europako unibertsitateetan egin dituztela ikasketak; beraiek Kuban izan dituzten baldintza ekonomikoak baino askoz hobeak izan dituztela lankide berri horiek. Ukondoz ukondo horiekin lan egiteak erronka asko ekarriko dizkiolakoan dago boluntario gaztea. «Italiako medikuek Kubakook dugun izaeraren tankerakoa dute: adeitasunez jokatzen dute beti, oso alaiak dira, guztiek agurtzen zaituzte, hemen egotea eskertzen dizute. Batzuek txisteak ere egiten dizkigute. Tankerako izaera dugu», deskribatu du. Lanean, berriz, «hizkera teknikoari dagokionez, inolako arazorik gabe ulertzen dugu elkar».

Atseden hartzeko aukerarik gabe bizi da Arias Mendebaldeko Alpeetako eskualdean, lan eta lan. Egunari hasiera emateko pazienteak bisitatzen ditu lehen orduan, italiar mediku bat eta erizain bat ondoan dituela. Hori bai, horretan hasi aurretik astronautaz mozorrotu beharra izaten dute: bata, maskara, betaurrekoak, bisera gardena eta eskularru bikoitzak.

«Goizeko ordutegia izaten da zailena, ohetik jaiki behar duzun unea. Momentu horretan sentitzen duzu pilatutako neke guztia. Baina zeure neuronak berriz abian jarri eta konturatzen zara horretara etorri zarela, lan hori egitera, horregatik ari zarela borrokan. Bainatu eta zeure buruari esaten diozu, ‘bagoaz berriz’».

Urtebeteko semea utzi zuen Ariasek Karibeko uhartean. «Pozez beteta» entzuten ditu mediku, erizain eta osasun langileei leiho eta balkoietatik eskaintzen zaizkien txalo-zaparradak, mundu osora hedatu den ohiturari jarraituz. «Indar handiko bultzada da», onartu du, begiak malkotan.

«Txaloak entzuten ditugun bakoitzean ezin deskribatu daitekeen harrotasuna sentitzen dugu», adierazi du gazteak. Bere lana eskertuz ehunka eskutitz eta mezu jaso ditu, horietako asko artistek eta umeek bidalitakoak. «Italiar herriak eman digun ongi etorria oso beroa izan da. Herritarrek ‘Mila esker Kuba, mila esker’ irakur daitekeen mezua duten txartelak erakusten dituzte leihoetatik».

«Geure zeregina bete»

«Geure zeregina beteta itzuliko gara geure aberrira. Izurritea menderatzeko beharrezkoa izango den denbora guztia egingo dugu hemen», adierazi du, bere aldetik, Carlos Perez Diaz Henry Reeve Brigadako buruak: 35 medikuk, 11 erizainek eta logistikan aditu den lagun batek osatzen dute Kubako laguntza taldea. Cremako elizbarrutiak utzitako egoitza batean bizi dira.

«Gutako askok ez dugu inolako erlijio sinismenik, baina on egiteagatik mundu osoan gehien nabarmendu den pertsonaren aurrean egotea izugarria izango litzateke, sekulakoa», onartu digu Arias gazteak. Kubatik etorritako medikuak ez du baztertzen Frantzisko aita santu argentinarra ezagutzeko aukera izatea, elizgizonak oso hitz gozoak izan baititu medikuentzat: pandemiari aurre egiten ari diren «heroi» deitu zituen.

Kazetari batek galdera bat egin dio Roberto Ariasi Kubako Estatuak zerbitzu mediku humanitario horiek emateagatik jasotzen omen duen dirutzaren inguruan. Zalantza izpirik gabe erantzun du Karibekoak: «Mediku kubatarrak ez gara inoiz herrialdetik irten interes ekonomikoengatik. Lanaren truke ezer eskatu gabe laguntzera etortzen gara. Eta horri esker beste herrialde batzuek nolabaiteko laguntza ematen badute, dirua edo beste zerbait izanda ere, guk eskertu egingo dugu», laburtu du bere posizioa.

 

Bakearen Nobel Saria emateko milioika arrazoi

Orain hiru urte, Suitzako Genevan egindako ekitaldi batean, Henry Reeve Brigadak Osasun Publikoaren Lee Jong-wook Doktore Saria jaso zuen, Osasunaren Munduko 70. Batzarrean. Ekitaldi hartan, OME Osasunaren Mundu Erakundeak honakoa adierazi zuen: «Henry Reeve Brigadak itxaropen mezu bat zabaldu du mundu osoan. Bere 7.400 osasun profesionalek 3,5 milioi lagun tratatu dituzte 21 herrialdetan, azken hamarkadako hondamendi eta izurriterik larrienei aurre eginez». Bide berean jarraitu du brigadak azken hiru urteotan eta une honetan Europako, Asiako, Afrikako, Karibeko eta Latinoamerikako 23 herrialdetan ari dira lanean mediku kubatarrak.

Nabarmentzekoa da kubatarrek egindako esfortzu horrek AEBetako Administrazioak ipinitako oztopo, blokeo eta zikinkeria guztiak gainditu behar izan dituela. «Herrien arteko anaitasunak gobernuen arteko liskarrek baino gehiago balio» duela erakusteko helburuarekin, Herrien Duintasunaren, Justiziaren eta Bakearen Nazioarteko Batzordeak dei egin du Bakearen Nobel Saria aurten Brigadari eman diezaioten, «Covid-19 koronabirusak eragindako pandemiaren aurkako borrokan gizadiari egin dion ekarpen handiagatik».

Bakearen Nobel Saria Kubako mediku boluntarioei ematearen aldeko ekimenaren bultzatzaileek bazter guztietara eraman nahi dute beren eskaria, eta Henry Reeve Brigada Medikua aurtengo hautagaien artean sartzea lortu nahi dute, nahiz eta badakiten izenak emateko epea bukatuta dagoela. Egungo pandemia egoera eta pertsona horiek egindako lana kontuan hartuta, sariduna aukeratzen duen Norvegiako Nobel Batzordeari salbuespen bat egiteko eskatu diote. «Modu horretan eginda, munduari erakutsiko diogu gobernu eta botere taldeen interes eta nahien gainetik beti daudela, eta beti egongo direla, gizatasuna eta mundu hobearen alde saiatzen direnen itxaropena», irakur daiteke sustatzaileek plazaratu duten idatzian.

 

Uharteko ehunka osasun langile Afrikan pandemiari bideak ixten

Hegoafrikako Gobernuak egindako eskari bati erantzunez, apirilaren bukaeran abiatu ziren Habana hiriburutik Hegoafrikara Kubako 216 osasun langile, koronabirusaren aurkako lanean laguntzeko: 85 medikuk, 20 erizainek eta espezialitate ezberdinetako 111 osasun langilek hartu zuten South African Airways konpainiaren hegaldi berezia, Johannesburgo hirira joateko.

Pandemia hasi zenetik Kubako profesionalak joaten diren Afrikako laugarren herrialdea da Hegoafrika. Lehenagotik daude Cabo Verden, Angolan eta Togon, lan bera egiten. Lombardiara joan direnak bezalaxe, Afrikako lurretara joan direnak ere Henry Reeve Brigadakoak dira.

Kubako agintariek jakinarazi dutenez, osasun langileen esperientzia eta gaitasuna hartu dituzte kontuan aukeraketa egiteko, Hegoafrikako Gobernuaren «plan estrategikoek markatutako beharren arabera». Probintzia ezberdinetan sakabanatu dituzte kubatarrak.

Fidel Castro zenak Henry Reeve Brigada 2005ean sortu zuenetik, Kubako 400.000 espezialista lanean aritu izan dira munduko 164 herrialdetan 2019ra arte. Habanako Gobernuak emandako datuen arabera, koronabirusa dela-eta, uhartetik kanpo ari diren langileen kopurua asko igo da eta une honetan uharteko 37.000 espezialista daude 67 herrialdetan.

AEBetako New Orleans hiria suntsitu zuen hondamendiaren ondoren sortu zen brigada, Katrina urakanak eta Etxe Zuriak hartutako erabaki okerrek kaltetutako milaka estatubatuarrei laguntzeko. Washingtonek ezetz esan zion Habanaren keinuari, baina brigadak bere bideari eutsi zion eta kubatar osasun langileen lanak gero eta goraipamen gehiago jasotzen ditu. Orain bost bat urte, esaterako, Henry Reeve Brigada oso garrantzitsua izan zen Afrikan ebola izurriteari aurre egiteko, eta horrela aitortu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak berak 2017an, sari bat eman zionean.

Joan den asteburuan eman zituzten datuen arabera, Afrika osoan koronabirusak 80.000tik gora pertsona kutsatu ditu, eta horietako 2.700 inguru hil dira, gehienak Hegoafrikan, Egipton, Aljerian eta Marokon. Beste kontinenteetan erregistratu dituzten kasu leherketa ikusgarririk ez dute izan oraindik.

Hegoafrika ageri da herrialde kaltetuenen Afrikako sailkapeneko lehen postuan, eta atzetik hiru herrialde arabiar azaltzen dira. Bosgarren postuan dago Nigeria, kontinenteko herrialderik populatuena.

Lesotho Hegoafrikak guztiz inguratzen duen herrialde txikia Covid-19 koronabirusak kutsatutako pertsonarik ez zuen kontinenteko azken herrialdea zen, orain hamabost egun lehen kasua baieztatu zuten arte. Beste muturrean jarri beharreko berrien artean dago Maurizioko Errepublikan birusaren aurkako borroka irabazitzat jo izana, hilaren 11n azken gaixotua sendatu ondoren. Uharte-estatuak, hala ere, ez du baztertu koronabirusa berriz itzultzea Indiako Ozeanoko herrialdera.

Afrikako herrialdeek pandemiari aurre egiteko neurriak besteek baino lehenago hartu zituzten kasu askotan, bertako osasun sistemak oso ahulak direla jakinik. Nazioarteko goraipamenak ere entzun genituen orduan. Oso kutsatu gutxi izan arren, Ruandak, Hegoafrikak, Kenyak eta Botswanak muturreko neurriak hartu zituzten: etxeratzeko aginduak, mugak itxita eta herritar guztiak itxialdian… Baina maiatza hasi bezain pronto, neurri horiek samurtzen hasiak ziren, esaterako, Hegoafrikan. Agintariak oreka zail baten bila dabiltza: pandemiaren aurkako borrokari eutsi eta, aldi berean, derrigorrezko itxialdiak milioika lagunei eragiten dien kalte ekonomiko larria saihestu.

Nazio Batuen Afrikarako Batzorde Ekonomikoak egin dituen kalkuluen arabera, erabateko itxialdiak hilabete bat iraungo balu, kontinenteak bere barne produktu gordinaren %2,5 inguru galduko luke.

Pandemiari eusteko neurriek kale eginez gero, Osasunaren Munduko Erakundeak uste du 190.000 herritar hil egin daitezkeela Afrikan, eta kutsatuen kopurua 44 milioitara iritsi daitekeela.

Misioa hasi zen eguna ez du ahazteko Ariasek. Martxoaren 22an hotza pasa zuen euri zaparrada etengabeen artean. Europako neguko hotzari «ulertezina» deitu dio karibetarrak

«Zure lana egin egin nahi duzu, baina, aldi berean, egoerak eskatzen duen mailan ez jarduteak beldurtzen zaitu. Edonola ere, iritsi eta lanean hasi ginenean, ondo moldatu ginen»

Ariasekin lanean ari diren osasungileek Europan egin dituzte ikasketak, beraiek Kuban izan dituzten baldintza ekonomikoak baino askoz hobeak izan dituzte lankide berriok

Urtebeteko semea utzi zuen Ariasek uhartean. «Pozez beteta» entzuten ditu mediku, erizain eta osasun langileei leiho eta balkoietatik eskaintzen zaizkien txalo zaparradak

«Geure zeregina beteta itzuliko gara aberrira. Izurritea menderatzeko beharrezkoa izango den denbora guztia egingo dugu hemen», azaldu du Carlos Perez Diaz brigadako buruak

HENRY REEVE 1850ean jaio zen New Yorken. Espainiako Armadaren aurka borrokara joan zen Kubara 1869an, Carlos Manuel de Cespedesen altxamenduaren ostean. Kubarekin bat egin zuen estatubatuarrak nahiago izan zuen bere buruaz beste egin tiro batekin 1876an, etsaiaren preso erori baino.