Nerea GOTI eta Xabier IZAGA
TURISMOA PANDEMIAN

Uneotan ez dago bidaiatzeko girorik, baina itzuliko da segurtasunaren eskutik

Bidaia-antolatzaile handiek turismoa lehenbailehen aktibatzeko neurriak iragartzen dituzten bitartean, bidaiariekin harreman zuzenean daudenek argi dute ekintza emozionala dela, gozatzekoa. Diotenez, gakoa segurtasuna da, eta, oraindik orain, ziurgabetasuna da nagusi hemen eta kanpoan. Udazkenerako, agian.

Koronabirusak eragindako pandemiak erabat eten du turismoa, sekulako zulo ekonomikoa utziz, baina txarrena da etorkizunera begira ere ziurgabetasuna dela nagusi. Hori diote gurean turismoaren sektorean lan egiten dutenek: dena gelditu da eta goizegi da esateko jarduera noiz, non eta nola berreskuratuko den. Argi uzten dute, bestalde, kaltetuenak eragile txikiak direla, bidaiariengandik hurbilen daudenak.

Etorkizuna da orain kezka nagusia. Nork nahi izango du bidaiatu mundu mailako egoera honetan? Noiz egongo gara bidaiatzeko moduan eta nora joan ahal izango gara? Zer baldintzatan bidaiatu ahal izango dugu birusarekin kutsatzeko arriskuak irauten badu? Galderok airean daude uneotan, eta, sektoreko profesionalek nabarmentzen dutenez, oraindik orain, ez dago erantzunak emateko gai denik.

Albisteei adi bizi dira turismoari lotutako lanak dituztenak. Hemen egoerak hobera egin du, han mugak itxi dituzte, hegaldi batzuk baimendu dituzte, nora eta nola? Eta hotelak? Gauzak ez daude batere argi ez epe motzera ez ertainera ezta luzera ere. Krisialdi ekonomikoak eragindako beldurrak uneotan bistakoak badira ere, bidaiatzea plazera izan ohi da gehien-gehienetan, estresetik ihes egin eta gozatzeko unea. Pandemia baten erdian, baina, zaila da toki berriak ezagutzeak daukan emozioa eta osasuna uztartzea. Horrenbestez, uneotan erabat geldituta dago turismoa nonahi, eta udazkenerako zeozer mugitzen baldin bada, pozik, sektoreko eragileek aitortzen dutenez.

Roberto Robles Bilbon egoitza duen Izargi Bidaiak agentziako arduraduna da. «Negozio gehienetan derrigorrezko itxieratik kontatzen dituzte galerak, baina, gure kasuan, aurreko hilabeteetako lana ere galdu dugu, bidaia guztiak bertan behera utzi behar izan ditugu-eta; azaroan, abenduan, urtarrilean, otsailean eta martxoan bertan egindako salmentak galdu ditugu, batez ere Aste Santuari begirakoak. Hori ez da alarma egoerak iraun artean egin beharko genukeen lana, aurreko hilabeteetan egindakoa baizik», nabarmendu du deustuarrak.

Bidaiak bertan behera utzi eta dirua itzuli behar izan dute agentziek. Horren harira, Roblesek komentatu du Gobernuak ezarritako bonu konpentsatzaileak laguntza txikia direla, ez dutela kalte osoa konpontzen. «Egungo egoeran inork ez dauka buruan oporretara joatea, lehenik eta behin unearen ziurgabetasunagatik. Jende asko enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteekin dago, horietako askok lana gal dezakete Gobernuak ezetz dioen arren... Ziurgabetasuna nagusi da, bai hemen bai helmuga diren herrialdeetan».

Roblesek azaldu bezala, kutsatze tasa baxuak dituzten herrialdeetan ere arazoak daude mugen itxierak tarteko. «Kubara, adibidez, jende asko bidaltzen dugu, baina mugak itxi dituzte, eta ezin da jakin noiz zabalduko dituzten. Jendeak joatea nahi izango balu ere, hegaldirik ez dago».

Begirada, neguan

Osasun krisialdia sekulako kolpea izan da berez oso zaurgarria den sektorean. Gerrek, atentatuek, sumendiek, ebolak, aire kontroladoreen grebek… denak du eragina turismoan. Oraingoan, gainera, kolpea mundu mailakoa izan da eta, ondorioz, etorkizuna zalantzaz beteta dago, faktore asko daudelako jokoan.

Josu Artetxe turismo gidaria da eta familian landetxe bat ere badute, Arabako Aiara udalerriko Ozeka herrian. Beraz, bi errealitate ezagutzen ditu gertutik eta bientzat ibilbide ezberdinak aurreikusten ditu etorkizun hurbilean. Landetxeari aukera gehiago ikusten dizkio, etxe osoko alokairua izanik. Aldiz, gidari lanean, «denboraldia hasi eta amaituta» ikusten du. «Nire lana mugikortasunarekin lotuta dago, jendea biltzearekin, autobusean, hegazkinean... ibiltzearekin. Eta, oraingoz, taldean biltzea bera ere ezinezkoa da…».

Bilboko portura heltzen diren gurutzaldiak bertan behera utzi dituzte, eta Artetxek gidari lanak egiten zituen bertako bidaiariekin, eta Holanda eta Europako beste helmuga batzuetara egin ohi dituen bidaiak ere bertan behera utzi dituzte. «Madrileko agentziarekin egin nuen berba, eta bertan behera utzi dute dena, jendea telelanean dabil eta itxaropena da udazken edo negu alderako zerbait ateratzea eta bestela datorren urterako...», azaldu du kezkatuta.

Euskal Herrira datozen estatubatuar taldeekin lan egiten du Artetxek. Bidaia gehienak bertan behera utzi dituzte, eta urrirako oraindik bakarren bat geratzen bada ere, ikusteke dago azkenean zer gertatuko den. «Zerbait irteten bada urri edo azaro aldera izango da, baina uneotan oso zail ikusten dut zerbait egin ahal izatea», aitortu du. Egoera konplexua da, are gehiago gurutzaldiak egiten dituztenen profila ezagututa. «Bidaiotan maila ekonomiko altuko jendeak parte hartzen du nagusiki, asko adinekoak, eta egoera honetan seguruenik ez dira bidaiatzera ausartuko», zehaztu du.

Paseoak, jatetxeak, museoak...

Egoerak hobera egiten badu, gainera, Artetxek ez du uste bidaiatzeko gogo askorik ere egongo denik. Aipatu duenez, bistakoa da krisi ekonomikoak turismoan izango duen eragina, baita bidaiatzeko diru arazorik izango ez dutenen artean ere. Azken batean, turismoa egitera bultzatzen duten arrazoiak, bidaiatzearekin lotutako ohiko ekintzak daude ezbaian: hirietatik paseatzea, gastronomia ezagutzea, museoak bisitatzea, lekuak ezagutzeko txangoak, hotelek eskainitako erosotasuna… Aiararrak uste duenez, kutsatze arriskuak dirauen bitartean, ziurgabetasun gehiegi dira kanpora irten nahi izateko.

«Beste herrialde bat bisitatzen duenak kaleetatik lasai paseatu nahi du. Bada, momentuz, plana maskararekin ibili behar izatea da. Jendeak beste herri batera joan nahi izango al du adi egon behar badu taberna edo hotela desinfektatu duten? Zer gertatuko da museo edo monumentuetako jende pilaketekin? Askatasunez mugitzeko, inguruaz gozatzeko… bidaiatzen dugu, eta, tamalez, uneotan hori oso zaila da, jendea erabat baldintzatuta dagoelako».

Banoa Bidaiak agentzian kezka handia da. Bertan behera utzitako bidaiez gain, zenbait kasutan bidaiariak herriratu ere egin behar izan dituzte pandemiaren erdian, horrek suposatzen duen estres eta kostu ekonomikoarekin. Jon Lazkanok azaldu duenez, Aste Santuko kanpaina bertan behera utzi ondoren, abuzturainoko bidaiak utzi behar izan dituzte orain bertan behera. «Lurrikara moduko bat izan da», onartu du. «Konfinamendua hastean jendea kanpoan genuen, eta jende hori etxera ekartzea sekulako lana eta gastua izan da. Taldeak geneuzkan Zeelanda Berrian, Patagonian, Hegoafrikan… eta aireportuak ixten hastean ahalegin nagusia izan zen jendea ahalik eta lasterren etxeratzea. Horrek sekulako estresa suposatu digu».

«Agentziak katebegi ahulenak gara», azaldu du Lazkanok. «Beste agentzia batzuek bezeroen esku utzi dituzte etxera itzultzeko gastuak, baina guk gure kargu hartu ditugu eta zama handia da», onartu du.

Kanpoan zeudenen itzulera antolatu ondoren, Aste Santua heldu eta saldutako bidaia guztiak bertan behera geratu zitzaizkien, «eta hori hilabete askotako lana da». Lazkanok azaldu bezala, antolatzen dituzten bidaiak «bereziak dira eta prestakuntza handia behar dute». Orain, gainera, uda ere galdutzat ematen dute jada, eta aurrera begira gauzak ez daude argi. «Guk zail ikusten dugu egoera. Europan ez dugu ia lanik egiten, Espainian ezta, eta ea zer gertatzen den zain gaude, dena airean baitago». Dioenez, oraindik ez dago garbi hegazkinetan zenbat jende sartuko den, zer baldintzatan, prezioak igoko diren...

Nahasmena sekulakoa da. «Herrialde bakoitzean kanpotarrei begira zer neurri hartzen dituzten kontuan izan beharko dugu. Uneotan edonora joatea dago debekatuta, baina irteteko aukera dagoenean ikusi beharko dugu ea berrogeialdia non dagoen, sartzeko arau berririk baden… Oso konplexua da eta herri bakoitzak bere politikak ezarriko ditu».

Banoa Bidaiak agentziak Txad, Kongo, Mozambike, Australia edo Txina bezalako helmugetara bidaltzen ditu taldeak. «Hori antolatzea oso zaila izango da, eta epe hurbilean ez dugu argi ikusten, seguruenik udazken edo Gabonak arte itxaron beharko dugu».

Propaganda asko, egitate gutxi

Oraina beltz eta etorkizuna ere beltz ikusten dute, eta aurreikusitako laguntzetan ez dute argi izpirik ikusten. Lazkanok aipatu duenez, mikrokreditu bat eskatzeko aukera dute, sozietate-zergan jaitsiera iragarri dute, lan erregulazio espedienteak daude lanpostuak mantentzeko... baina neurriok ez dute ekaitza baretzen. Gainera, maileguak tranpa bilaka daitezkeela uste du. «Indarrak ondo neurtu behar dira zulo are handiagoan ez bukatzeko».

Lazkanoren ustez, «itxarotea tokatzen da. Ezinegona handia da, etengabeko ideia lehiaketa bat dirudi honek, eta aste batean balio duenak hurrengoan ez du balio. Badakit zaila dela, baina itxaron egin behar da gauzak baretu arte».

Laguntza ugari iragartzen ari dira, baina, Roblesen ustez, «ez dira heltzen edo betikoei heltzen zaizkie. Aurreko krisian bankuetara heldu ziren, honetan hegazkin konpainietara, hotel konpainia handietara...». Autonomoa izanik laguntza bat badu, baina gutxieneko gastu batzuei erantzuteko baino ez dio balio.

Deustuarrak azaldu duenez, «Izargi Bidaiak agentzian nagusiki Kubarekin lan egiten dugu eta orain bertako mugak zabaldu zain gaude. Segurtasuna handia da bertan, osasun arloan nahiko ondo dago... eta suposatzen dut behera egin arren ez duela besteen neurrian egingo. Hori bai, argi dago oro har Estatu barruko turismoa nagusituko dela».

 

Uda honetan, herria eta landetxeak

Ziurgabetasunez beteriko panoraman, turismoaren sektorean lan egiten dutenen arabera, landetxeak dira aurtengo udan lanean hasteko aukera gehien dituztenak. «Gune mugatuak dira, masifikazio gabeak, naturarekin kontaktuan daude... Aurtengo oporretako izarrak herriko etxea eta nekazalturismoa izango direla uste dut», azaldu du Roberto Roblesek.

Bidaiatzea plazerarekin eta erlaxatzearekin lotuta badago, logikoena da pentsatzea, Josu Artetxeren ustez, uneotan hurbileko turismoa izan daitekeela alternatiba, batez ere gainontzeko turistekin harremanetan izan beharra saihesten duten etxe osoko alokairuak badira. Konfinamendua gutxika arintzen hasi den honetan, hori bai, oraingoz ez du mugimendu handirik igarri. Familiak Aiaran duen landetxean uztailerako erreserba bat izan dute, «baina auskalo zer gertatuko den azkenean».

 

Oarsoaldean, sektorea berpizteko ekimenak

Aspaldiko osasun krisirik larriena aspaldiko ekonomia krisirik larriena ere bada. Haren kudeaketak zer lehenesten duen eguneroko eztabaida da leku guztietan. Edonola ere, Covid-19 gaixotasunak ekonomian izan duen eragina ere ikaragarria izan da eta ez da berehalakoan gaindituko. Zalantzarik gabe, sektorerik kaltetuenetakoa, kaltetuena ez bada, turismoa da.

Sektore horrek aurrean dituen erronkak eta ziurgabetasun egoeran izan ditzakeen aukerak aztertu eta irtenbideak bilatzen laguntzeko asmoz, “Turismoa, nola egokitu normaltasun berrira” webinarra antolatu zuen joan den astean Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezoko udalen Oarsoaldea Garapen Agentziak, Errenkoalde, Laurak Bat eta Itturri eskualdeko merkataritza elkarteekin batera. “Nik Oarsoaldean” kanpainaren barruan egin duten seigarren online topaketa izan da, kasu honetan turismoari eskainia, «krisialdi honetan zigor handienetakoa jasan duen sektorea izaki». Webinarrean, pandemiak sektorean duen eragina eta turisten portaeran eta kontsumo-patroietan izandako aldaketak aztertu zituen Raul Garcia turismo adituak. Helmugen Aholkulari Estrategikoa eta “Aprende de turismo” web orriaren sortzaile eta zuzendari ere badenak, halaber, hotel, ostatu eta landa etxeentzako estrategia berriak, aukerak eta marketin aholkuak eskaini zituen.

Esan zuenez, Covid-19 gaixotasunaren eraginez, turismo jardunak ia hutseraino behera egin du eta suspertzea motela izango da. Horren arrazoiak bidaiatzeko mugak, beldurra eta mesfidantza, eta atzeraldi ekonomikoa dira. Turismoaren Mundu Erakundearen arabera, 2020an nazioarteko turismoak %60-80 egin lezake behera. Krisi aurreko egoera ez da txertoa edo tratamendu eraginkorra aurkitu arte iritsiko, eta hura iritsita ere, beldurra eta ziurgabetasuna gainditzea ez da samurra izango. Aireportuetan, tren eta autobus geltokietan eta garraiobideetan osasun neurri handiagoak izango dira, eta beste horrenbeste museoetan, monumentuetan eta beste turismo-erakargarrietan, eta pandemiak beren gain hartzen dituzten bidaia-aseguruen eskaera handitu egingo da. Halaber, munduko herrialdeetara sartzeko osasun-kontrol gehiago eta oro har murrizketa gehiago izango dira. Turista askok beren herrialdean bertan hurbileko lekuetara joan nahiago izango dute, eta oporretarako natura inguruneak lehenetsiko dira, landa-inguruneak eta jende gutxi pilatzen den lekuak. Horrek, Garciaren ustez, Euskal Herriko jarduera turistikoa mesedetu lezake. Turismo etxebizitza edo apartamentuen alokairu gehiago izango dira, eta garraio pribatua gehitu egingo da; esate baterako, autokarabana eta road trip bidaiak.

Beraz, turisten portaeraren aldaketa nabarmena izango da, eta hizlariak honela irudikatu zuen: jende askok bere jendarte-harremanak, lan egiteko modua –telelanaren aldeko apustua eginez– eta bidaiak nola planifikatzen dituen birplanteatuko du; erabiltzaileek are garrantzi handiagoa emango diote prezioaren balioari; etengabe handituko da online kontsumoa, eta leku publikoetan urruntze fisikoa izango da. Portaera horretara moldatzeko proposamen batzuk ere eskaini zituen: urruntze handiagoa, lekuen edukiera murriztea, manparak eta adineko pertsonentzako guneak.

Turisten eskaera ere aldatu da, beraz. Masifikazio gutxiagoko eta iraunkorragoak diren helmugen, aldaketa eta baliogabetzeetarako malgutasun handiagoko produktu turistikoen, higiene neurrien eta aire zabaleko guneetako jardueren eskaera handiagoa izango da; jende askok, jatetxe batean barik, etxean edo hoteleko gelan jan nahiago izango du eta, beraz, eramateko janaren eskaera handituko da; ordenagailua eta inprimagailuak dituzten ostatu-aukerak bilatuko dira, oporrak eta lana konbinatu ahal izateko; azken orduko erreserbak handituko dira, eta talde jarduera antolatuetan talde bakoitzeko pertsona kopuru txikiagoa eskatuko da.

Ondoren, helmugentzako estrategiak eta gomendioak azaldu zituen Garciak. Esan zuenez, garrantzitsua da krisi talde bat sortzea. Baita tokiko sektore turistikoari eta turistei informazioa eta aholkuak emateko komunikazio bideak sortu, konfiantza sorrarazi eta hainbat suspertze egoeratarako plangintza egitea ere. Kudeaketa on baterako, lehendabizi pandemiak tokiko sektore turistikoan duen eragina aztertu behar da. Helmuga guztiek tokiko enpresei eta langileei laguntzeko politika aktiboak abiatu behar dituzte, hala nola laguntza fiskalak eta kenkariak eta enplegua babesteko politikak. Bestetik, prestakuntzan eta berrikuntzan inbertitu beharra dago eta, sektorearen eraldaketa sustatzeko, eraldaketa digitala sustatu eta lehiakorragoa egin.

Sustapen eta marketin aholku batzuk ere eman zituen Garciak, hala nola helmugak seguruak direla erakustea; turistentzako osasun arreta bermatzeko planak; immunitate sistema hobetzen laguntzeko tokiko gastronomiaren elementuak proposatzea; merkatuak, produktuak eta zerbitzuak dibertsifikatzea; zein turista mota erakarri nahi dugun birdefinitu eta horren araberako eduki espezifikoak sortzea...

Finantzaketari dagokionez, funts publiko gutxiago eta beste finantzazio iturri batzuk izango direla azaldu zuen, lankidetza publiko-pribatua eredu gisa jarrita: «Horretan Euskal Herria aurreratuago dago, eta hori da bidea».

Garapen iraunkorra ere izan zuen Garciak hizpide. Helmugek ekonomia zirkularrerako trantsizioa sustatzeko eta jasangarritasun helburuaren kudeaketan txertatzeko momentu bikaina dela esan zuen, tokiko negozio jasangarriak sustatzeko, alegia.

Azkenik, egoera berriko zerbitzuetarako aholku espezifikoak eman zituen.