Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Atzerapausoa?

The Guardian» egunkarian Moira Donegan idazle eta aktibista amerikarrak idatzitako zutabe batean esandakoa buruan bueltaka darabilkit: emakumeok azken mendean zehar bizitza publikora irten ahal izateko egin dugun esfortzu eta aldarrikapen guztiak mehatxupean dira. Historian atzera eraman ninduen, eta, hain zuen, Rose Schneiderrek zehazki duela ehun urte New Yorken emakumeak lantegietan sartzeko eta haien eskubideak defendatzeko egindako lanari buruz irakurtzen aritu naiz.

Etxe barruan sartuta jarraitzen dugu denbora gehiena. Londresen birusaren lehen fase hau gaindituz badoa ere, oraindik astiro doa normaltasun berrirako ibilbidea. Nire kasuan oraindik etxetik lanean jarraitzen dut eta ez dago epe motzean bulegora itzultzeko plan zehatzik. Zortzi mila langile gauden campus bat “distantzia” berrietara egokitzeko lanak logistika itzela eskatzen du.

Donegan eta Scheneider buruan nituela, esperimentu txiki bat egin dut azken astean, bi datu konkreturen bila joanez: izan ditudan bilera birtual guztietan emakume eta gizonezkoak kontatu ditut; eta haur zaintza lanak zenbatek zeuzkaten galdetu diet. Ondorengoa emaitza: batez beste, egunero hogei pertsona ezberdinekin izan ditut bideo konferentziak. Hogei pertsona horietatik, %15 emakumezkoak ziren; eta gizonezkoen %80ak ez zeukan lan orduak eta haur zaintza bateragarri egin beharrik (haien emazteak hartu zuelako egiteko hori edo bestelako laguntza zeukatelako etxean).

Harritu ninduen emaitzak: genero berdintasunaren eta aniztasunaren inguruko politika aurrerakoiak ditu nire enpresak; erretorika sinesgarri eta konprobatua dago, datu errealekin eta denbora luzean zehar ebidentzia bildu delarik; modu malguan lana egiteko erraztasun guztiak ematen zizkiguten Covid-19aren aurretik ere, eta merkatu mailan erreferentzia da emakumeen lidergo gaietan. Nire kasuan “kasualitatea” izango zen akaso. Baina politika zaharkituetan oinarritutako giroetan lanean ari diren emakume haiekin gogoratu naiz. Birusaren aurretik ibilbide sendo baten faltan, jarrerak eta enpresako kultura ez dira-eta egun batetik bestera aldatuko; are gutxiago horrelako krisialdi baten erdian. Haur zaintzak eta etxeko lanak eskatzen duten denboragatik, produktibitatean eragin negatiboa erakusten duten emakumeak ordezkatzeko eskrupulurik ez du izango hainbat enpresak pandemiaren beheranzko kurba ekonomiaren kurbak ordezkatzen duenean.

Historikoki lurralde ugaritan (denetan ez esatearren), emakumeak hartu ditu zaintza ardura gehienak. Orokortuz, baina horrela da. Eskolak itxita daudenen honetan, haur zaintzaren beharra nabarmen gelditu da eta datuak etsigarriak dira. “New York Times”-ek egindako inkesta baten arabera, parte hartutako emakumeen %3k bakarrik esan zuten haien senarrak haurren eskola lanetan inplikatzen zirela. Londresko UCL unibertsitateak hiru milatik gora familia elkarrizketatu ditu, denak haurren zaintza partekatzen zuten gurasoak zirelarik; eta, agidanez, etenaldirik gabe ordubetez lana egiten dute emakumeek; gizonezkoek, aldiz, hiru ordu.

Datu gutxi batzuk modu unilateralean azaltzen ari banaiz ere, badago itxaropenik beste hainbat desoreka konpontzeko. Adibidez, etxeko lanen banaketa justuago bat inposatzeko balio dezake egoera honek; edo zaintza lanak eskatzen duen esfortzuaren inguruko sentsibilitatea areagotu daiteke (sentsibilitatea sortzea ekintzetara igaro aurreko lehenengo urratsa baino ez bada ere).

Zalantzarik gabe, emakumeen eta gizonen arteko hainbat desoreka ikusgarriagoak egin ditu birusak. Hainbeste borrokatuko oreka eta printzipioak hausten ote doaz? Profesionalki garatzeko aukerak murriztuko al zaizkigu emakumeoi? Etxe barrutik jarraituko dugu borroka honetan. •