Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

Kontrol lokusa

Azken asteetako fase aldaketen anabasan, norbanakook pandemiaren kontrolean dugun erantzukizunaren auzia ageri-agerian geratu da; azken finean, norbera bere osasunaren jabe edo menpeko izatearen hautua. Kontrol neurri gogorrak laxatu diren bakoitzean bezala, jendea uhaletik askatu berriko txakurra bezala deskontrolatu da. Zorionez, euforia momentuon ondoren badirudi zentzuna nagusitzen dela eta jende gehiena segurtasun arauak nola edo hala betetzen hasten dela. Nola edo hala diot, ezen, oraindik begiak zuri jartzen baitzaizkit pertsona askok eskularruekin duten kaka-nahastea ikusita, edo eztula egiteko maskara jaisten dutenekin...

Osasunaren autogestioaren bultzatzaile garen neurrian, “kontrol lokusa” kontzeptua garrantzitsua da. Nork darama zure osasunaren kontrola: zuk zeuk ala beste inork? Lehen kasuan, “barneko kontrol lokusaz” hitz egingo genuke, eta, bigarrenean, “kanpoko kontrol lokusaz”. Askotan, osagileok “gehiago” dakigunaren aitzakian, pazienteak bere osasunaren ardura guztia gure gain uzten du. Horrek baditu bere alde onak eta txarrak. Egoera hori oso praktikoa eta erosoa izaten da, bai pazientearentzat bai osagilearentzat: guk bezero otzan bat dugu, gure esanetara dagoena, eta ez diguna inolako arazorik ematen; pazientearentzat ere egoera oso erosoa da, bere bizitzan ezer aldatu barik, kontsultara etorri eta ohatilan plaust etzan baino ez duelako egin behar, dena gure esku utziz. Baina kanpoko kontrol lokusak alde iluna du: pazientearen ignorantzia; osagilearekiko menpekotasuna; engainurako erraztasuna... Kontrol lokusa barruan duten pazienteak, berriz, maneiatzeko zailagoak izaten dira: burujabeak dira eta osagileok egiten duguna gainbegiratzen dute; beraien iritzia eta nahiak aditzera ematen dituzte; gure jarduera arrazoitzeko eskatzen digute... eta, horren ondorioz, arreta hobea eskuratzen dute. Nik, bistan denez, azken hori nahiago dut; ez da paziente-ardiak tratatzea bezain erosoa, baina emaitzak nabarmen hobeak izaten dira.

Zorioneko koronabirusaren eremura itzulita, azken hilabeteotan sare sozialetan kristorenak eta bi bota ditut osasun autoritateen aginduen jarraitzaile itsuen kontura. Estu hartuko gaituen aginte bat ahoz gora eskatzen aritu den jende askok (“¡vivan las caenas!”) begi onez hartuko luke diktadura bat. Izan ere, kontrol lokusa kanporatzeak hori dakar: arazoaren larritasuna ulertzen ez baduzu, segurtasun neurriak ezartzen ez badakizu, ez bazara gai bereizteko noiz jantzi behar den maskara eta noiz ez... derrigorrez polizia bat behar duzu gainean, etengabe, oso urrun diseinatutako –eta ez preseski zure neurriko– araudi bat aplikatzen, horrek dakartzan arazoekin.

Joan diren egunotan aipatutakoaren adibide esperpentiko sorta polita izan dugu: eskularruen derrigorrezko erabilera ezarri duten saltokiak (gero dena kontrolik gabe ukitzeko); bakarrik dauden pertsonei kargu hartzea ezin daitekeelako paseatu, bai ordea jendez betetako taberna batean zerbait hartu; konfinamendu neurri berberak ezartzea hiribildu handietan eta baserri eremuetan; zurekin lo egiten duen bikotekideari paseatzeko maskara janzteko agintzea, baina, jakina, sudurra maskara barruan edo kanpoan darabilen gainbegiratu gabe; poliziei gauzak noiz eta non egin daitezkeen galdetzea, eta poliziok hori “zein agenterekin aurkitzen zaren araberakoa” dela erantzutea... Noski, horrelako neurrien inkoherentzia ezin daiteke poliziarekin eztabaidatu, haien lana ez delako pentsatzea, arauak itsuki betetzea baino. Kontua da herritarrek zentzuna erabiliz gero –arazoa ezagutuz, prebentzio neurriak ulertuz, erantzukizunez jokatuz– ez litzatekeela horrelako jazarpenik behar izango osasun publikoa ziurtatzeko. Gizarte-heldutasun kontua da. •

www.abante.eus