Joxean Agirre

Lotsa botanikoa

Pandemiaren kontrako segurtasun tartearen arauak bereziki tropikoetako basoetan ematen den “lotsa botanikoaren” fenomenoa ekartzen du gogora. Zuhaitz mota batzuekin bakarrik gertatzen da, altuera ikusgarriko zuhaitzak dira eta elkarren artean tarte bat utziz luzatzen dira zerurantz, baina elkar ukitu gabe edo elkarren artean tarte bat utziz.

Zientzialariak ez datoz bat zuhaitz lotsatien edo crown shyness fenomenoa esplikatzeko orduan. Elkarri minik ez emateko hartzen ote dute joera hori? Edo argiari sartzen uzteko? Edo gaitzak elkarri ez kutsatzeko? Pandemiaren garaiotan gizakiok zeinen elkarren herabe gabiltzan kontuan izanik, badirudi azken hipotesia dela logikoena.

Badauka bere mamia tarte sozialaren kontu honek. Gure etxean, esaterako, anai-arrebok ez gara besarkada luzeak ematekoak, ezta motzak ere. Bi musu frantses gehienez ere okasio handietan. Hurrengo belaunaldiak, ordea, iloba batzuek bereziki, sentimenduak agertzeko dugun gaitasun urria aurpegiratu izan digute. Nik neuk besarkadak intimitaterako uzten ditudala erantzun izan diet, beren jarrera ustez irekiago hori telebistaren eragina besterik ez dela ere aurpegiratu izan diet eta gure amak begirada batekin sentimendu gehiago adierazten zuela haiek beren besarkada luzeekin baino.

Ohitura kontua da. Nik ez diot sekula behatz lodia altxatuz OK zeinurik egingo inori, nahiago dut mila aldiz ukabila besagaineraino altxatu. Maitasun keinu gisa musuak airera botatzea futbolarientzat uzten dut eta ez dut uste sekula iritsiko naizenik bi eskuekin bihotz baten forma marraztu eta sistole eta diastoleak antzeztera.

Ni Becketten eskolakoa naiz eta hark Parisen “baserritarren agurra” deitzen zuena dut gustuko, buruarekin kolpe doi bat gora. Itxialdia bukatu eta lehen aldiz mendira nindoala nire jendetasun gehiegizkoak harritu ninduen, ezezagun guztiei egiten bainien agur, ezagunekin hizketaldi luzeak egiten geratzen bainintzen. Baina itzuli naiz nire onera, Becketten agurretara alegia.

Nik entzun dudan diosalik ederrenetakoa Urrestillako Olaberriko kamineroarena da. Sendoa omen zen gizona. Egurrezko eskorga astun batekin egiten omen zuen lan (30 kilo izango zituen) eta norbaitek pasadan bozina jotzen bazion eta eskorga hori hutsik bazuen, esku bakarrarekin heldu eta gora jasotzen omen zuen. •