Amaia Nausia Pimoulier

Volkswagen ere ixten dutenean

Pandemiaren hasieran hainbat teoria eta konspiranoia entzun nituen; besteak beste, orain arte ospetsuena izan dena, birusa Txinak sortu zuela laborategi batean eta handik mundura zabaldu. Atzean estrategia geopolitikoak eta ekonomikoak, 5G merkatua monopolizatzearen nahia adibidez. Baina sare sozialetan eta Trumpen ahoan entzunda ditudan teorien artean, bakarra izan da egia izatea gustatuko litzaidakeena eta gehiegi zabaldu ez dena, eta hori, nire ilobari entzun nion eta egia izatearen esperantza izan dut beti; gizakiak eragindako kutsadura itzulerarik gabeko puntu batera iritsi denez, pandemia hau izan da agintariek egoera gelditzeko aurkitu duten bide bakarra. Pandemiak, edo, zehazki, konfinamenduak, gutxienez planetaren tenperatura gradu erdi jaistea lortu arte iraungo zuela esan zidan itxialdiaren hasieran. Bestela, espezie gisa desagertzera behartuta geundela esan zidan, hau da, zientzialariek azken hamarkadotan behin eta berriro esan diguten berbera. Nire ilobak, erreproduzitzeko gai ez naizen datu zientifikoak emateaz gain, gauza bat argi zeukan; gure bizimodua, gure kontsumo, ekoizpen eta kutsadura mailak jada jasanezinak direla, duela hamarkada bat itzulerarik gabeko puntua gurutzatu genuela eta horrelako neurri zorrotz bat beharrezkoa zela.

Arrazoi ekonomikoak ere eman zizkidan, noski; aspaldi dakite energia fosilak agortzen ari direla, enpresa eta merkatu talde handiek negozio berriak bilatzen dituzte eta mundu mailako katastrofe bat behar zen zenbait gauza justifikatzeko eta gure kontsumo ohiturak aldatzeko. Itxialdiaren ondoren etorriko den krisialdiak horren pobre utziko gaitu, ezen gehienok ezin izanen dugun hegazkinez bidaiatu –ekologiaren ikuspuntutik jasanezina zena–, eta kontsumitzeko eta garraiatzeko modu zaharretara itzuliko gara. Automobilgintza tradizionala agortuta dagoela ere esan zidan.

Ez dakit nire ilobak arrazoi duen, berak idatzi beharko luke artikulu hau, eta ez nik, baina aste honetan Bartzelonako Nissan lantegiak ixteko asmoa iragarri zuela entzun nuenean, martxoaren erdialdean berarekin hitz egin nuenaz gogoratu nintzen. Automobilean ardaztutako gaur egungo eredua agortuta dago, baina gure gobernuak beste aukerarik eskaintzen ari al dira? Nafarroan, esate baterako, gure ekonomiaren zati handi bat Volkswagen konpainiaren lantegiaren mende dago zuzenean edo zeharka, eta, Nissanen albistearen aurrean, «cuando las barbas de tu vecino...» esaera zahar espainiarrean pentsatu dut. Zer beste aukera dugu gure industriarako? Ekonomiari dagokionez lurralde subiranoagoa, planetari errespetu handiagoa diona eraikitzen lagunduko duen beste bat, edo, besterik gabe, alemaniarrek bizkarrean zapladatxoak ematen jarrai dezaten otoitz egiten jarraituko dugu? Ondo legoke Nafarroan Volkswagen amaituko dela pentsatzen hasiko bagina, zer-nolako eredu sozioekonomikoa nahi dugun hausnartzen hasiko bagina; askoz burujabeagoa den industria baterantz, etorkizuneko erronketara bideratuta dagoena eta ikuspegi ekologista duena, etikagatik ez bada, gure espeziearen biziraupen hutsagatik bederen. •