Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Whiski botilari tiraka, musikaz

Aurrekoan egin genuen Montauk musika taldean nork bere bidea abiatu aurreko bazkaria. Luze aritu ginen. Oso luze. Musika eszenari buruz, euskarazko kulturari buruz... Irlandar likore atseginak lagunduta, jira eta bira. Baten baten orekak huts egin eta aulkitik ere erori zen azkenerako. Penarako baino, hausnartzeko parada izan genuen.

Montaukeko taldekideok izan ditugu nork bere abentura musikalak (Rumbaguerrilla, Hudaltzainak, Prismates, Expolio, Gedar...). Elkar ezagutzen ez genueneko eta gaztetxoak gineneko anekdotak. Lehen aldiz lokal bat eduki genuenekoa, ostiralero lagunekin elkartu eta banda bat egiteko asper-ordu luzeak. Gehienon aterpe izan zen Gasteizko Gaztetxea. Musikagile guztiok maitasuna diogu Gaztetxeari, babesa eta irribarreak ematen baitizkigu lehen unetik, diruari eta salmentei garrantzirik eman gabe. Elkartasuna bere osoan. Ondo zaindu behar dugu. Urte batzuk pasata, jakinda ez ginela ezer berririk esaten ari, panoramaren ertzak eta gorabeherak zerrendatuz joan ginen. Inori errua bota gabe, guztiok loditzen baitugu bazka.

Zein itxia den auzo-herrietako festetako zirkuitua: tokiko taldea afariaren truk eta dirua gorde modako bandarentzat. Gastuak orekatu behar dira, egia da, baina badirudi erdibidean ezer gutxi dagoela. Inori ez zaio bururatzen Mahouko garagardoak ordaindu beharrean banatzailea bokadilo batera gonbidatzea, gastuak orekatzeko. Badaude ordaindu beharreko gauzak eta ez direnak zertan pagatu. Baina guk ez dugu dirua irabazteko jotzen, astean zehar joaten gara beharrera...

Ohitura dugu, bestalde, erakunde publikoei begira geratzeko. Zenbat itxi duten euskal irrati publikoa azken hogei urteotan, “eta orain, euskarazko kanta” formatura bidean. Basque Culinary Center estiloa, badakizue, “Egunón, buenos días”.... zer eskatuko diegu bada rantxerak euskaraz direla uste dutenei... Bide batez, a ze inbidia ematen duen batzuetan espainiar nazionalismoak eta zenbat zaintzen duten “cosecha nacional” delakoa beren hedabide publikoetan. Eta nola ez garen existitzen gazteleraz sortzen ez dugunak, ez omen gara beraien nazioaren parte. Horiek ere ezgai dira beren aurreiritzi nazionalistak gainditzeko. Bide batez, frantsesez egiten denaz ideiarik? Ni ez naiz kapaz hiruzpalau hitz baino gehiago ulertzeko. Berrogeialdian japonieraz esaldi pare bat ikastea da bururatu zaidana. Nahiz eta euskal herritarrak izan, frantsesez egiten dena hegoaldekoontzat ikusezin.

Zein gutxi entzuten ditugun lehen lerrotik kanpo dauden musika taldeak, jendea kapaz baita talde bat zazpi aldiz disfrutatzeko uda berean, beste kontzerturik ikusi gabe. Zein zaila den mainstream ez den musika egin eta dirurik ez galtzea. Dirurik ez galtzea kontzertu bat jotzeagatik! Horra hor Fredi Paia lagun maitearen aldarria behin eta berriro. Halere, zein abantaila lekarke frantses Estatuaren ereduak, kulturgileentzako gutxieneko soldata batekin? Merezi du soldata batekin euskal eszenan bueltaka aritzea etengabe? Edo bilatu beharko ditugu bideak, europar underground eszenan, taberna eta areto txikietan, euskarazko musika entzun dadin? Gu geu al gara gure buruari mugak jartzen dizkiogunak? Diruaren lehentasuna kritikatu eta diruari begira gabiltzanak?

Eztabaida buklean sartu da, ene bada. Benga, nor bere etxera. Utzi, utzi, nik egingo dut harrikoa bihar goizean. •