Koldo Sagasti

CAF, elefante bat korridorean

Gaur zortzi CAF konpainiako akziodunen batzar orokorra bilduko da Beasainen. Aurtengo bilkuran bada saiatuagatik zuzendaritzak saihestu ezingo duen gai potolo bat, etxeko korridorean ikusi nahi ez dugun elefante bat bezain potoloa: enpresaren esku hartzea Jerusalemgo tranbiaren bigarren linea eraikitzeko proiektuan.

Abuztuan Beasaingo konpainiak eta Israelgo Shapir eraikuntza enpresak osatutako partzuergoari esleitu zion trenbidearen kontratua administrazio sionistako Finantza Ministerioak. Berehala jakin zen proiektuak nazioarteko legedia urratzen duela, eremu okupatuetan eraikiko delako eta Zisjordaniako anexiorako ezinbesteko azpiegitura delako. Geroztik, enpresako zuzendaritza isilik egon da, korridoreko plantigradoaren aurrean ez ikusiarena egiten den bezala. Ez alde bateko edo besteko jarrera hartzerik, ez adierazpen publikorik. Isildu egin ziren lehiaketan parte hartzekoak ziren beste enpresa guztiak, irizpide legalak tarteko, prozesutik erretiratu zirenean. Mutu geratu ziren langileen batzordeak eskaria egin zienean proiektutik erretira zitezen. Ez ikusiarena egin zuten Euskal Herriko 75 eragile sozial eta politikok manifestu bat argitaratu zutenean, konpainiak proiektua bertan behera utz zezan. Eta beste aldera begiratu zuten Nazio Batuen Erakundeak Shapir Palestinako okupazioarekin aberasten diren enpresen zerrenda beltzean sartu zuenean.

Baina burua ezin da, ostrukak bezala, lurpean mugagabe sartu. Ekialde Hurbileko historia markatuko duen momentu erabakigarri baten aurrean gaude. Netanyahuk iragarri du uztailaren 1ean ekingo diola Zisjordaniako anexioari eta egitasmo hori ahalbidetuko duen trenbidearen lanak aurreikusi baino lehenago hasiko dira. CAFi iritsi zaio garaia orain arte ikusi nahi izan ez duen elefanteari belarrietatik heldu eta jarrera bat hartzeko. Historiaren alderdi zuzenean jartzeko izan dadila. •