Juantxo EGAÑA

Euskal milizianoak Bilbon, faxisten eskuetan

1937ko martxoaren amaieran, Bizkaiaren kontrola bereganatzeko erasoaldi bat egin zuen armada frankistak, Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak lagunduta. Bereizi gabeko bonbardaketak izan ziren, batez ere biztanleria zibilaren aurka, ehunka hildako eragin zituztenak. Urte horretako ekainaren 19an frankistak Bilbon sartu ziren. Bi egun lehenago, milaka bonba jaurti zituzten Bizkaiko hiriburuan. Matxinatuak sartu ondoren, besteak beste Otxandio, Itxasalde, Martiartu, Irrintzi, Malato, Itxarkundia, Saseta eta Araba batailoietako milizianoek amore eman zuten. Ekainaren 22an, 2.000 euskal miliziano baino gehiago preso zeuden Arriaga antzokian, eta handik, kamioietan, Gasteizera eraman zituzten, Logroñoko zezen plazara bidean. Testua ilustratzen duen argazkia 1937ko ekainaren 22an egindakoa da, Astarloa kalean. Eskuinaldean Bizkaiko Aldundiaren eraikina dago. Argazkian ageri diren miliziano presoak Guardia Zibilaren zaintzapean eramaten ari ziren. Uneko drama ezkutaezina islatzen du irudiak. Begitarte gogorra etorkizun zalantzagarriaren aurrean. Haietako askorentzat, kartzela, langile batailoiak, kontzentrazio esparruak edo heriotza. Argazkiaren atzealdean Estatuaren Prentsa eta Propaganda Ordezkaritzaren zigilua dago, eta haren egilea Andres Perez Cubero galiziarra izan zen, gerra amaitu ondoren hainbat dokumentaletan argazki zuzendari gisa lan egin zuena.