Amagoia Mujika Telleria

KULTURARTEKOTASUNA JANTZI

Bergarako Ndank Ndank elkarteak zubiak eraikitzen ditu Euskal Herriaren eta Senegalen artean, elkar hobeto ezagutzeko, ulertzeko eta elkar aberasteko. Kulturartekotasuna josteko beren saiakeran, Senegalgo oihalekin egindako jantziak atondu dituzte. Oihal koloretsuak kolore anitzeko jendartearentzat.

Ndank Ndank elkartea 2011. urtean sortu zen Bergaran eta talde mistoa dela esan daiteke, familia eta lagun senegaldarrez eta euskaldunez osatua. Kulturartekotasuna eta garapenerako lankidetza, horiek dira elkartearen motor nagusiak. Bergaran zein eskualdean beste komunitate eta kulturekiko ezagutza, sentsibilizazioa eta lankidetza indartzeko sortu zen elkartea. Ezagutza gertutasunetik eta errespetutik ulertua. Elkartea gero eta handiagoa da eta ehun bat lagun inguru mugitzen dira senegaldarrak eta euskaldunak batzen dituen familia berezi horren inguruan.

Bergarako elkarteak harreman estua du Senegalgo Dionewar herriarekin eta bertako herritarren ongizatea hobetzeko hainbat ekimen bultzatu ditu sortuz geroztik; eskoletara ura helarazi, osasun zentroa berritu eta profesionalen formakuntza bultzatu edota Dionewarreko gazteek Dakarreko unibertsitatean ikas dezaten etxebizitzak eskaini, besteren artean.

Koronabirusaren astinduaren aurrean ere adi egon dira Dionewarrera begira. «Diru bilketa bat jarri dugu martxan bertakoei laguntzeko. Bertan arrantzatik bizi dira nagusiki eta larrialdi egoeran ezin izan dira mugitu arrantza egiteko. Horrez gain, familia gehienek Europan dauden familiarren laguntza jasotzen dute eta hori ere eten egin da. Ekonomikoki astindu handia izan da eta elikagaiak erosteko kanpaina bat jarri dugu martxan hemendik. Astebetean gure eskualdean 2.500 euro batzea lortu dugu. Diru horrekin bi tona arroz eta ehun bat litro olio erosi ditugu Dakarren eta handik Dionewarrera bidali», azaldu du Ndank Ndank elkarteko Eli Dominguezek.

Birusa Senegalen nola eragiten ari den galdetuta, iristen diren datuen fidagarritasunarekin zalantzak dauden arren, Dionewar irlan ez dela kasurik egon dio. «Ditugun datuen arabera, birusa ez da oso gogor astintzen ari Senegal. Baina arriskuak badaude, han erabat komunitatean bizi dira eta harremanak oso estuak dira. Etxe berean kide kopuru handia bizi da eta birusa erraz zabaltzeko arriskua handia da horregatik. Baina segituan itxi zituzten mugak eta badirudi nahiko ondo eusten ari direla. Beste faktore bat da Senegalgo gizartea oso gaztea dela. Kontuan izanda birusak batez ere adineko pertsonei eragiten diela, erasoa samurragoa izan da».

Kulturartekotasuna jantzi

Pandemiak baldintzatu duen arren, Ndank Ndank elkarteak buruan zuen proiektu batekin aurrera egin du azken asteotan. «Aurreko urtean Haurralde Fundazioko gonbidapen bat jaso genuen, Donostian Afrika Eguna ospatzeko antolatu zituzten ekintza desberdinetan parte hartzeko. Tartean, moda desfile bat. Bergaran antzeko jai bat antolatzea ideia ona iruditu zitzaigun eta urtean barna horri begira lanean aritu gara. Joan den abuztuan eta abenduan Dionewarren oihal batzuk erosi genituen eta Bergarako Isabel Vargas jostuna borondatez aritu da neguan jantzi batzuk josten». Soinekoak, jakak, alkandorak eta horrelakoak josten hasi zen. «Hemen Euskal Herrian asko erabiltzen ditugu kirol-jertseak eta pentsatu genuen horiek Senegalgo oihalekin osatzea. Emaitza oso polita izan da», azaldu du Dominguezek. Soraluze kooperatibak diruz lagundutako proiektua izan da.

Bergaran egitekoak ziren jai horretan askotariko tailerrak zituzten aurreikusiak eta baita moda desfile bat ere, Senegaldik ekarritako oihalekin jositako arropa erakusteko. Azkenean, baina, bertan behera utzi behar izan dute festa. «Argazkiak egin eta katalogo birtual bat egin dugu jendeak arropa ikus dezan. Ndank Ndank elkartearen Facebook eta Instagram kontuetan ikusgai dago arropa eta printzipioz sarean eros daiteke».

Haurren zein helduen arropa da salgai dagoena. «Afrikaren inguruan estereotipo asko daude. Normalean pobreziarekin eta beharrarekin lotzen da, mezu horiek jasotzen ditugu. Senegalen komunitatearen zentzua oso barneratuta daukate, garbi dituzte balioak eta gizarte zoriontsua dira. Alaiak dira eta hori transmititzen dute beren oihaletan ere. Hori hona ekartzen saiatu gara kulturarteko arropa honekin, fusio honekin. Gure ustez kulturen arteko trukea aberatsa da eta arropa honekin hori transmititu nahi dugu».

Ndank Ndank elkartearen diseinuek sekulako harrera izan dute eta jantzi batzuk agortuta daude jada. «Oihal batzuk baditugu eta arropa gehiago josten ari da gure jostuna. Asmoa dugu Senegalera bueltatu eta oihal gehiago ekartzeko, ea posible den».

Oihalen bitartez kulturartekotasuna josten da. «Janzten dugunak guri buruz gauzak kontatzen ditu. Horrelako arropa janzten duena irekia dela esaten ari da, beste kultura batzuekiko gertu sentitzen dela», iritzi dio Dominguezek.