Itzea Urkizu Arsuaga

Nire burbuilatik

Bat-batean, Hollywoodek hainbestetan erakutsitako sekuentzia horietako batean ginen biok, urriko goiz goiztiar hartan: etxeko komunean, plastikozko makilatxo bati begira. Pelikuletan bezala, halako batean, arrosaz jantzi ziren tramankuluko bi marratxo, eta benetan arrosak eta benetan marratxoak zirela berresteko, begira itxaron genituen beste zenbait minutu, badaezpada ere. Gero etorri ziren besarkadak, eta makilatxoak esandakoa sinesten hasteko saiakerak. Batzuontzat –berezko sena omen dutenekin, edo naturaren ustezko dei horren zain geratzen direnekin batera–, bizitzan hartutako erabakietan erabakiena izan baita haurdun geratzearena.

Ditxosozko konfinamenduan nola, burbuila batean sartu nahian aritu nintzen ni, hilabetetan: mundutik isolatu, izan nitzakeen kanpo-eraginak ahaztu, hausnartu eta erabaki egin nahi nuen. Nik bakarrik; bai ala ez. Zertarako eta, gero, erabaki horren jabe, burbuilatik lehengo mundu berberera itzultzeko. Inkoherenteegia, aukeran. Ez da erraza, ordea, nortasuna edo ordura arteko egunerokoa galtzeko aukerari fokua jarri, eta argazki bat ateratzen saiatzea, onartzeko, aurrerantzean bizitzari bestelako planoak bilatu beharko dizkiozula.

Horretan dihardut orain, egunak argazki berriz janzten eta, aitortu nahiko nuke, haurdunaldiak maitemin bezainbeste frustrazio piztu didala, tamalez. Bertakoa, txikia eta gurea zentzu guztietan zaintzea zutabe bilakatu den honetan, emakumeok, oraindik, ez dakigulako nola zaindu ez geure burua, ezta aldameneko emakumeena ere.

Gehiago ezagutzen dugu urte hasieran gurean atea kax-kax jo zuen nazioarteko birus bat, norbere gorputzaren gaitasunak baino. Telebistari, zinemari edo gure amei entzun diegun apurretik, haurdunaldi bat bizitzeko bide estandar bat marraztu dugu buruan, eta trazu horretatik epaitu sabelean haur bat hazten ari den ezein emakume. Bederatzi hilabeteko prozesu biologikoari, balkoitik eskuarekin irribarrez agur egingo bagenio bezala da: ez dugu gehiegi ezagutzen, baina balkoiak ematen digu beharrezko perspektiba, hura gure aurreiritzien arabera sailkatzeko. Eta, horrela, nahikoa dugu edozein bazkaloste, ahizpatasuna kolpe bakarrean eraisteko: hau ondo ari da, baina hau ez horrenbeste. Gero Satisfyerraren zoragarriaz lauzpabost iruzkin egin eta kito, emakume aske eta aurrerakoi senti gaitezke berriz.

Bai, egia da: ni neu ere orain konturatu naiz horretaz guztiaz, ama izatera noala. Geurekoi jaio ginen mundura. Baina, zorionekoa ni, burbuila barruan sartzea erabat lortu gabe, erabakia hartu nuelako. Hilabeteok ikaskuntza prozesu etengabea izan baitira: epaitzetik enpatiara pasatu naiz kasu askotan; beldurrei aurre egitea lortu. Konpromisoz baietz esan beharrean, ezetz lasai esaten ere ikasi dut. Deskubritu dugu, nola maita daitekeen norbait hari aurpegia sekula ikusi beharrik izan gabe. Lotsa gutxirekin, haurdunaldiaz baino ez dut idatzi lerrootan. Baina listo. Tarte baterako, behintzat, bestelako “Koadernoak” idazteko bizipenen bila noa, eskaera batekin: begira diezaiegula gehiago, gure gogo eta gorputzei. •