Karlos Zurutuza
AZKEN HITZAREN JABEAK

Europatik atera gabe ere egin daiteke «mikrohizkuntzen» bira tematikoa

Zer du buruan hizkuntz baten azken hiztunak? Bizirik al dago hiztun bakarra duen hizkuntza? Norberarekin hilko dela –edo hilda dagoela jada– pentsatzeak tristura sortzen duelakoan gaude. Bai eta ardura ere.

Tamalez, ez dago jakiterik Dolly Pentreathek nola bizi izan zuen. Arrain-saltzailea Kornualleseko lur muturraren puntan sortu zen eta, diotenez, ingelesa 20 urte zituela ikasi zuen, legatz, bisigu eta bestelakoen artean. Jite handiko emakumea omen zen, arrantzaleekin eta bezeroekin tratua erraz eramaten zuen horietako bat. Hori besterik ez dakigu, bai eta 1777an zendu zela ere. Hauxe dugu, hain justu, kornubiera hizkuntzaren heriotza data ofiziala.

Mintzaira zelta hori XIV. mendean dokumentatu zen lehendabiziko aldiz, baina 1904 arte ez zen argitaratu lehen gramatika; jada hitz egiten ez zen hizkuntz batena. Dena, baina, ez zegoen galduta. Kornubiera berpizteko saiakera ugari izan dira azken ehun urteetan, 2008an arau berria finkatu zen arte. Handik bi urte eskasera, Unescok «galdutako hizkuntzaren» etiketa kendu zion kornubierari; pozarren hartu zuten albistea hizkuntz aktibistek. Egia da birsortutako hizkuntza dugula egun, baina egon badago. Eta ez da makala.

Dalmaziera

Kornuallesetik 2.000 kilometro ekialderantz bidaiatuko dugu. 1898ko ekainean, Adriatikoko Veglia irlan (egungo Krk), eraikuntza lanetarako leherketa batek eraman zuen dalmazieraren azken hiztuna. Italiera zen Tuone Udainaren ama hizkuntza, baina dalmaziera gurasoen etxeko elkarrizketatik jaso zuen. Matteo Bartoli hizkuntzalariak egindako lanari esker dakigu hori. Ikerlaria Vegliara bertara joan zen Udaina ezagutzeko eta, bide batez, dalmazieraren nondik norakoak jasotzeko.

Udaina marinela izan zela esan ohi da, bai eta postaria, apaiza… ere. Oraingoan ere ez dago zehatz-mehatz jakiterik. Dalmaziarrak istorio eta esamolde andana eman zion Bartoliri, 2.800 hitzeko glosario bat tartean. «Ju potuo a favular in langa dálmata» (“Nik dalmazieraz hitz egin dezaket”), bota zuen beren lehen elkarrizketan. Balkanetako eslaviar itsasoaren erdian mendez iraun ostean, dalmazierak bere latindar arimari eusten zion oraindik. Halaxe azaldu zuen behintzat Bartolik.

Dalmaziera hizkuntzalari bakar batek jarri zuen mapan. Udaina hil eta ehun urtera, alabaina, makina bat izan ziren Tevfik Esenç-en etxera bertaratu zirenak. Errusiarrek XIX. mendean Ipar Kaukasotik kanporatuen ondorengoa zen Esenç, Sotxi eskualdekoa, hain zuzen. Errusiarren eskuetan garbiketa etnikoa pairatu ondoren, Esenç izan zen hizkuntza gorde zuen azkenengoa.

Ubij hizkuntzari buruz hamaika elkarrizketa eman zizkien bere bisitariei. Grabazio ordu ugari dira, bai eta X izpiez egindako erretratuak. Huraxe modu bakarra jakiteko nola ahoskatzen zituen bere ama hizkuntzaren hiru bokal eta 82 kontsonanteak. Erradiazio dosi ikaragarriak izan omen ziren, baina Esenç prest agertu zen beti. Hein handi batean, bere gorputza zientziari eskaini ziola esan liteke, oraindik bizirik zegoela. 1992an zendu zen. Bere hilobian honako hau idaztea eskatu zuen: «Ubij hizkuntzaren azken hiztuna izan zen».

Zerrenda luze bat

Oraindik garaiz gaude Europatik atera gabe ere “mikrohizkuntzen” bira tematiko bat egiteko. Euskal Herrian bertan hasi gintezke gaskoiari erreparatuz, hura ere gurea dela askotan ahazten zaigu eta. Pirinioetarantz jo dezakegu jarraian, aragoieraren azken arrastoen bila. Kataluniako Araneko arana handik gertu dago, baita gaskoiaren bere aldaera ere: aranera. Ttipia izan arren, osasuntsu omen dago, ez, ordea, Alemaniako frisiera edo Istriako istroerrumaniera, beste hizkuntza askoren artean.

Ekialderanzko bidaia honetan, Karpato mendikatean eman genitzake egun batzuk. Bertakoek diote Andy Warhol (Andrej Warhala jaiotzez) artistaren ama hizkuntza erruteniera izan zela. 600.000 hiztun dira egun, baina kopuru totala baino askoz lagungarriagoa da hiztunen adinari erreparatzea: umeen artean ere entzuten bada, osasuntsu dagoen seinale.

Azken hitzaren jabeekin jarraituz, Walter Surtherlandi norn hizkuntza bere hilobira eraman izana leporatzen zaio, XIX. mendearen erdialdean. Bikingoen beste arrastoetako bat zen Eskoziako irletan. Manxera (Man irlan) Ned Madrellekin hilobiratu zuten 1974. urte hartan.

Irlaz irla gabiltza, saltoka. Sobietarren base militar batek kanporatu zituen Kuolka irlako biztanleak bertatik. Horrela, Baltikoan arrantzaz bizi zen livoniar herria Sobietar Batasuneko hirien artean banatu zen. Hizkuntza menderatzen zuen bizilagunik gabe, livoniera bere azken jabeen aho isiletan zendu zen. Kuolkan radar instalazioaren hondakina aurki daiteke oraindik ere. Valda Marija Šuvcānek handik gertu zuen etxea. Irlan gelditzen zen livonierazko azkenengo hiztuna 2007an hil zen. Hilabete gutxi batzuk lehenago, Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta idazleak bere etxean bisitatu zuen. «Jakin bazekien bere ama hizkuntza joanda zegoela ordurako, baina indartsu sumatu nuen. Zioenez, livoniera galtzeak ez zekarren, inondik ere, bere herriaren desagerpena. Bestalde, andreak bazeukan hainbat gazteren hizkuntza berreskuratzeko ahaleginaren berri», gogoratu du bilbotarrak.

Baltikotik atera gabe katxubiera entzun daiteke oraindik Poloniako itsasertzean. Antza, Günter Grass edota Uwe Johnson idazleek hizkuntza horretan entzun zituzten lehen hitzak –amarengandik, jakina–.

Herrialdeko hegoaldean, Silesia eskualdea dugu bidaia honetako jomugetako bat. Vilamoviera Wilamowice herrian baino ez da hitz egiten egun. Bitxia da oso, batez ere hizkuntzalariak ez datozelako bat azken hizkuntza honen jatorria finkatzerako garaian. Batzuek diote alemanaren aldaera arkaikoa dela; beste batzuek Flandriatik XIII. mendean iritsitako kolonoen mintzairatzat jotzen dute. Gaur egun hogei bat lagunek hitz egiten dute, 90 urtetik gorakoak gehienak.

27 urteko Tymoteusz Król dugu salbuespena. Mutil mokoa zela jaso zuen bera zaintzen zuen emakume batengandik (“amona” deitu zion 2015an zendu zen arte). Gaur, gazteak hizkuntzaren inguruko komunitate bat sortu du: eskolak ematen dira vilamovieraz, bai eta antzezlanak edota kontzertuak ere. Geroz eta gehiago dira Interneten aurki daitezkeen edukiak.

Hizkuntzalaritza ikerketa potoloez gain, Królek dio horiek bezain garrantzitsua dela bere hizkuntza normalizatzea formatu guztietan, «eskola hiztegi xume batetik, Facebook kontu bateraino». Hori gutxi ez, eta smartphone aurreratuenetan ere erabiltzeko eskuragai daude alfabetoaren iturriak. Askok ez sinistu arren, hizkuntza txikienak handienak bezain ongi irudikatu dezake mundua: erremintak, lexiko berria funtsean, besterik ez da behar horretarako. William Shakespeare bera ere nekez izango zen Interneten nabigatzeko gai e-mail, wifi edota website bezalako kontzeptu berriak menderatu gabe.

Tumoreak erauzi

XIX. mendean herri osoaren hizkuntza zen vilamoviera (1.500 bat hiztun). Merkatari trebeak omen ziren bertakoak, beraz, euren aldaera germanikoak ospea zuen eskualde osoan. «Vilamovieraz egiten badu, diruduna izango da», pentsatu ohi zuten inguruko herritarrek.

XX. mendea, aldiz, ankerra izan zen oso bertakoentzat. Eskoletan «alemanaren dialekto» gisa jotzen zen, wilamowicetarrek «holandarrak» edo «frisiarrak» zirela errepikatu arren. Reich-ak ere «alemaniarrak» besterik ez zituen ikusten Silesiako bazter hartan; baita sobietarrek ere. Asko Siberiako gulagetan hil ziren, eta zigorra ez zen orduan bukatu. Varsoviak Wilamowiceko hizkuntza eta kulturaren gaineko beto bortitza ezarri zuen, eta hiztunak mutu gelditu ziren. Vilamovieraz hitz egite hutsak arazoak besterik ez zituen sortzen. Gainera, denek zekiten polonieraz.

Hebreeraren kasua

Biziraupen lasterketa amaigabea da maiz hizkuntza txikienena. Haien gaineko ezjakintasunak ez du laguntzen, eta are gutxiago aurreiritzi arriskutsuek: «jende primitiboaren mintzairak ei dira, ez dira gai XXI. mendearen erronka eta euskarri berriei eusteko eta, beraz, desagertzea da gauzarik naturalena».

Dozenaka klixeri eutsi ahal diegu hizkuntzen galera justifikatzeko. Debatea, baina, errepikakorra bezain elkorra da. Noiz sina daiteke hizkuntza baten heriotza agiria? Bizirik ote dago hiztun bakarra duelarik? Aldi berean, berpiztutzat eman daiteke eskola nahiz kaleko seinaleetan agertze hutsagatik (kornikera eta manxera)? Zalantzarik gabe, hebreerarena dugu hizkuntza bat berpiztearen kasurik arrakastatsuena. 2.000 urtez hilda egon ondoren, liburu sakratuetatik atera eta normalizatu egin dute juduek. Ez da hizkuntza berreskuratzeko antzeko kasurik ezagutu giza arrazaren historian.

7.000 hizkuntza munduan

Lur planetan 7.000 hizkuntza inguru omen daude bizirik eta, adituen aburuz, horien erdiak desagertuko dira mende honetan zehar. Hizkuntzak hil egiten dira, deus ere ez baita betirako mundu honetan, eta hizkuntzak mundu honetakoak dira. Baina hiltzeko modu desberdinak daude. Latina lasai zendu zen, ohean, atzean erromatar arku izugarria utzi zuela: Galiziako Rias Baixasetik Danubioko deltaraino; galizieratik errumanieraraino.

Tamalez, badaude hiltzeko modu askoz ankerragoak. Nazio-estatuen gorputzetan «tumore» gisa hartu dira askotan hizkuntza gutxituak; euskara, kurduera edota amazigera, esaterako, erauzteko hamaika saiakera izan dira historian zehar, beste asko betirako desagertu diren bitartean.

Vilamoviera izango al da hurrengoa? Tymoteusz Królen izena gehitu beharko dugu «azken hiztunen» zerrendan. Berari luzatu diogu galdera: «Ni baino gazteagoak diren herritar batzuk gogoa eta kemena erakusten ari dira. Nolanahi, hizkuntza bat ikastea ez da inoiz erraza, are gutxiago hitz egiteko aukerarik apenas dagoenean», dio gazteak.

Zailtasunak zailtasun, Dolly eta Tuoneren zerrenda berean inoiz agertzeak ez dio loa kentzen poloniar gazteari. Bestalde, izen-abizenak jartzea hildako hizkuntza bati literatura kontu hutsa da, ez zientziarena. Kornubiera hiztun bat, arrantzale bat agian, egon al zitekeen Ternuan galduta Dolly hil eta askoz beranduago? Eta Udaina leherketak eraman ostean, nola froga genezake ez zegoela oraindik dalmazieraz amets egiten zuen amonarik? Ez dezagun ahaztu ehunka irla eta irlatxo direla Adriatikoan. Hizkuntza bat pertsona bakar batekin lotzeak zera ekartzen digu gogora: gizaki haren mintzaira munduari begiratzeko lente bat izan zela inoiz.

Herri oso batena.