Ramon Sola

Gorpuak kostaldera ekarri ohi ditu itsasoak, bai

Ez nuen ezagutzen, baina Juantxo Nafarrate hil dela jakitean gogora etorri zait bere izena. Interneten bilaketa eginda, hor ageri da zergatia: “Lasa-Zabala auziaren” epaiketan bere lekukotasuna entzuteko aukera izan genuen. Tolosako bi gazteek 1983ko urriaren 17rako, astelehenerako, zuten hitzordua Errefuxiatuen Batzordeko ordezkaria zen Nafarraterekin, baina bi egun lehenago bahitu egin zituzten, larunbat gau batean, eta auskalo noiz erail...

2000. urteko epaiketa haren testuingurua iluna, oso iluna, izan zen. Auzitegi Nazionalaren pasilloetan gora eta behera zebilen zenbait guardia zibil, bai eta jeneral aski ezagunen bat ere, deklaratu behar zuten lekukoei aurrez aurre mehatxu eginez. Are gehiago, legez babestutako lekuko bat bahitu, gorputza zigarroz erre eta bortxatu ere egin zuten aurretik Intxaurrondoko auzipetuen alde ari zirenek.

Oraindik latzagoa izango zen Jesus Garcia Garciaren patua: Alacanteko komisarioa izan zen hamar urte lehenago Busoten agerturiko hezurrak Joxean eta Joxirenak izan zitezkeen susmoa agertu zuena... bai eta asmatu ere. Ikaraturik ekin zion epaimahaiaren aurreko deklarazioari eta ez zuen bukatzerik izan: bihotzekoak jota bertan hil zen. Nik dakidala, Garcia Garciaren heriotza eta aurrekariak ez dira inoiz ikertu: muerte natural gisa jo zuten Madril aldean, Gurutze Iantzi eta beste euskal herritar askorena bezala. Iantzi Madrilgo Tres Cantosko komisarian bizirik sartu eta hilik atera zen. Nafarrateren izenarekin gertatu bezala, Tres Cantos izenak ere orain gutxi jo dit berriz belarrian, Diego Perez de los Cobos koronelaren kargugabetzea dela eta, Gobernuak eginiko pandemiaren kudeaketa kriminalizatzen saiatu ostean. Aurretik, Kepa Urra Bilbon torturatzeagatik epaitu zuten Perez de los Cobos. Errugabe jo zuten, baina zigortu izan balute ere, ez zen hori Barne Ministerioan aritzeko oztopo izango, torturatzaile deklaratu ondoren Manuel Sanchez Corbi UCOko buru izan baita. Biak kargugabetu ditu azkenik Grande-Marlaskak, baina ez torturagatik jakina; ez al zen ba oraingo Barne ministroa Igor Portu eta Mattin Sarasolari eginikoaren aurrean ez ikusiarena egin zuen epailea? Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berak horrela baieztatu du.

Krimen horiek eta beste asko diru publikoa erabilita finantzatu direla salatu dute Nagore Otegik eta Ane Muguruzak NAIZ Irratian. Angel Duce poliziakidea zigortu zuten Josu Muguruza tiroz hiltzeagatik. Muguruzaren lagun min-mina zen Nafarrate, portzierto. Eta “istripu” batean hil zen Duce, kartzelatik sei eguneko baimena lortuta kalera atera bezain laster. Tiro egin zuen bigarren erasotzailea nor izan zen argitu gabe.

Dibagazioak dira orain artekoak, noski. Kontua da soka horretatik tira eta tira eginda etengabea dela argitu gabeko gerra zikinaren katea. EAJko politikari bati entzun diot itsasoak hildakoak beti itzultzen dituela kostaldera, eta horrela gertatu dela dirudi ezagutu berri dugun CIAren txosten zaharrarekin. Politiko berberak kontatu duenez, 1995ean Senatuan GALi buruzko ikerketa batzordea abiatu zenean, sutan hurbildu zitzaizkien PSOEko agintariak EAJko ordezkariei, azalpen eske: «Kaka ahoan sartu nahi diguzue». Ezaguna da batzorde hark bide motza izan zuela, aste honetako saiakerak baino are motzagoa. Baina bistan da gorpuek kostaldera iristen segituko dutela, herri honek gorpuok ez urperatzea ez lurperatzea onartu ez duelako. Eta bistan da ere irentsi beharrekoa gero eta higuingarriagoa izango dela. •