Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Kontrolatu ezin dugun hori

Nire ibilbide profesionalean zehar coach asko izan ditut, erabakiak hartzen lagundu didate, aldaketa positiboak egiten, perspektiba berrien balioa estimatzen eta benetan betetzen nauen horren bilaketan ezinbestekoak izan dira. Behin eta berriz ematen zidaten aholkua askotan etortzen zait gogora: «zure esku ez dauden edo kontrolatu ezin dituzun kezkak atera zure pentsamendutik». Gehien eskertuta nagoen coach-ak bizkarrean zintzilik genituen tximinoen analogia erabiltzen zuen beti: «kendu bizkarretik parasitoen moduan gainera etortzen zaizkizun tximinoak eta lasaitasuna sentituko duzu; fisikoki, mentalki, modu guztietan». Sarri gogorarazten diot neure buruari esaldi hori, oraindik ez dut-eta guztiz lezioa ikasi.

Ez zen noski haiek asmatutako aholkua, duela bostehun urtetik gora Michel de Montaigne filosofoak esandakoa da «nire bizitza inoiz gertatu ez ziren ezbeharrez beteta egon da» eta horren inguruko hausnarketa ugari egin zituen. Hainbat azterketatik ondorioztatutako estatistikek diote, arduratzen gaituzten kezken %85 ez direla inoiz gertatzen; eta, gertatzen diren %15aren artean, gehiengo handi bat (%80 ingurukoa) espero genuen baino errazago kudeatzen eta gainditzen dugula.

Covid-ak ziurgabetasunaren pisua handitu duen honetan, kezka berri asko sortu dizkigu, ahuldu egin gaitu eta tximinoz bete digu bizkarra, garuna eta etxea. Coach-en lana birsortu egin du, kezka horiek nola kudeatu jakiten lagundu diezaguten eta indartsu jarraitu dezagun. Hiperkomunikazioaren teknikari jarraitzen dio nire enpresak, bulegoan ez gauden bitartean denok konektatuta senti gaitezen, gertutasuna manten dadin. Finean, kontrolatu ezin ditugun kezka horiek kudeatzen laguntzeko teknika bat da baita ere. Noiz itzuliko gara berriro bulegora; gure lanpostua arriskuan ote dago; enpresaren errentagarritasuna behera doanean zein izango da datorren hilabeteko lehentasuna; benetan nahitaezkoak ez diren gastuak murrizteko eskatu digutenean, nahitaezkoak izango ote gara etorkizunean. Nor da, izan ere, nahitaezkoa?

Neurri handi batean behintzat oraindik «etxean» jarraitzen dugu Londresen. Denda gehienak duela astebete ireki bazituzten ere, hasierako egunetako erreakzio kontsumista oldarkor eta katartikoaren ostean, lasai daude kaleak, prudentzia eta mesfidantza sentitzen dira. Uste nuen barruan egoteak sortu zigun ezinegona eta arnas beharra gehiago antzemango zela. Oraindik ere barrurako sena daukat nik ere, auzoan ibiltzekoa, urrunegi joan gabe. Hiru hilabetean lehenengo aldiz joan nintzen liburu denda batera aurreko asteburuan eta sentsazio gozoa izan zen, baina hori izan da dendatara sartzeko nire saiakera bakarra.

Tabernak eta jatetxeak hamar egun barru irekiko direla esan zuen Boris Johnsonek atzo. Mezuak sortu zuen euforiaren ostean, politikoek kontrolatu nahi izan dute lehergailu hori eta aholku arretatsu eta zuhurragoekin jarraitu zuten segidan: beharbada birusaren bigarren fase bat aurreikusten dutela; agian, lehenengo fasea baino hilgarriagoa izango dela; ausaz eskolak berriro ere itxi beharko dituztela; akaso txertoa asmatuko dutela urte amaierarako; balitekeela berriro ere itxialdi zorrotzago bat egin beharra izatea.

Beharbada. Agian. Apika. Ausaz. Akaso. Baliteke.

Kontua da inork ez dakiela zer gertatuko den. Ez dakigu ezer, espekulazioaren txotxongiloak baino ez gara. Lagun batek esaten zidan atzo. Egokia ote da hegazkin bat hartzea? Orain ez badugu egiten, akaso urrian ezingo dugu egin, edo eguberrietan ere egoera ez da orain baino hobea izango. Noiz arte egongo gara irla honetatik atera ezinik? Kezka etiko, praktiko, logistiko eta batez ere emozional guztiekin borrokan jarraitu beharko dugu. •