27/06/2020

Amaia Nausia Pimoulier
Terrazadun etxeen bila

Benetan? Hain erraz onartuko al dugu berriro giltzapetzea?Berriz ere ahaztuko al dugu publikoa, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak lehentasuna izan behar direla beste gai batzuen gainetik?

Konfinamenduaren hasieran, alarma egoeraren ondorioz konplexurik gabe argia ikusi zuten barne inkisidore guztiei buruz idatzi nuen hemen bertan. Ez zen beharrezkoa izan tankeak kalera ateratzea, nahiz eta militarrak Nafarroako kaleetatik harrotasunez ibili, ordena eta legea ezartzeko. Ikusi dugu zein erraza den gizarte oso bat kontrolatzea beldurraren agindupean. Askok doan eskaini zuten beren burua inkisidore lana egiteko. Sorgin ehizan bezala, auzokoak berak ziren beren parekoak kontrolatzen, epaitzen eta salatzen zituztenak. XVI. mendean, salatzaileak ez zuen aurpegia eman behar horrelako zalantza marka beste pareko bati ezartzeko. Gaur etxeko leihotik sakelakoarekin argazki bat bota baino ez du egin behar salatzaileak, erruduna lotsa publikoan zigortzeko.

Niretzat, zalantzarik gabe, zenbat inkisidore zeuden ikustea izan da egoera honetako gauzarik zailenetarikoa (osasun kontuak alde batera utziz, noski). Sistemak nahi duen tokian zein erraz gaituen ikusteak barrukoak mugitu dizkit. Egia da sormena ere martxan jarri dela eta balkoi naziei abesti, meme eta mezuekin erantzun zaiela sare sozialetan, askatasuna, komunitate zentzua eta klase elkartasuna aldarrikatuz. Eskerrak.

Badirudi dena ongi egonen dela

Orain badirudi udako beroek histeria kolektiboa lasaitu dutela, kontsumoak agintzen du, noski, eta terrazak bisitatzen ditugun bitartean, oporretara joan, gure erosketa erritmoa mantendu eta lanera joaten jarraitzen dugun bitartean, dena ongi egonen da. Badirudi jendeak onartzen duela udazkenean berriro giltzapetuko gaituztela; beraz, ustezko udazkeneko itxialdiaren aurrean, terraza, patio edo belardia duten etxeak bilatzea da kontsumitzeko joera berria.

Benetan? Hain erraz onartuko al dugu berriro giltzapetzea?

Nahiago dut pentsatzea “Idealista”-n etxe berria bilatzea baino, beste konfinamendu bat gertatzen bada, kalera irtetera ausartuko garela gure eskubideengatik borrokatzera, normaltasun berriak benetan berria izan behar duela aldarrikatzera, ezta?

Hau da, ez gaudela prest inolako proposamen alternatiborik gabe men egiteko. Bestela, zein da aukera? Gure gain hartuko al dugu berriro adingabeen eta mendekoen zainketen zama, gure osasun fisiko eta mentalaren kontura, adingabeen eta mendekoen ongizatearen kontura, produzitzeari eta kontsumitzeari uzten ez diogun bitartean? Aurrekontu lehentasunak birplanteatzea eskatu gabe men eginen al dugu? Berriz ere ahaztuko al dugu publikoa, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak lehentasuna izan behar direla beste gai batzuen gainetik? Beste aldera begiratuko dugu osasun sistema publikoa ahuldu, ikastetxeak itxi eta zaharren egoitzak pribatizatzen eta masifikatzen dituzten bitartean?

Benetan? Konfinamendua osasun baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzetan itxita edo sukalde eskubiderik gabe gela partekatuta igaro duten guztientzat etxebizitza politika nahikoa eta duina egin ordez, bururatzen zaigun aukera bakarra terraza duten etxeak erostea al da?

Ni udako beroekin apaldu baino sutan jartzen ari naiz. •