Nerea GOTI
Entrevista
Jaume Funes
nerabezaroan aditua

«Gurasoak kezkatzeko gaude, baina nerabeek heldu positiboak behar dituzte inguruan, arazo bezala ikusten ez dituztenak»

Psikologoa, hezitzailea, kazetaria... Jaume Funesek 40 urte baino gehiago eman ditu nerabeen ondoan, kalean, hezkuntza arloan edota epaitegietan. Euskal Herrian ere aritu izan da, heroinaren une gogorrenetan lehendabizi eta, egun, bide berrien diseinuan laguntzen.

Nerabezaroan aditua den Jaume Funesek liburu berri bat kaleratu berri du. “Quiéreme cuando menos me lo merezca... porque es cuando más lo necesito” ospetsuaren segida da konfinamenduan inprentara heldu zen “Quiéreme... pero necesito que me cuentes más”. Gurasoei eta irakasleei zuzendutako lana da, nerabeak ulertzeko eta gazteoi laguntzeko begirada berriak eskaintzen dituena.

«Nola hezi musuak eta besarkadak emateko, drogetatik paso egiteko eta pertsona izateko mundu digital batean». Iradokitzailea da, baina ez dago formula magikorik, ezta?

Lehen liburua idatzi nuenean zin egin nuen ez nuela bigarren bat idatziko. Horregatik, nire izpiritu nerabea zergatik traizionatu dudan azaltzen duen kapitulu bat dago. Finean, 40 urteren ondoren, irtenbide gisa aurkitu dudana beste begirada bat da, gauzak beste modu batera pentsatzea. Gutxitan balio izaten dute konponbide erraz eta unibertsalek. Heroinaren garai gogorra bizi izan nuen, gazte justizian lan egin dut, eskoletan egon naiz, neska-mutilen laguntza klinikoan aritu naiz... eta ikasi dut hobe dela denbora baliatzea gurasoei hobeto sentitzen laguntzeko, ahal dutena eta egiten dakitena egiten laguntzea, gazteok pixkanaka aldatzen joango diren itxaropena eraikitzea eta ez esatea egun batetik bestera dena aldatuko dela. Bidea prozesu bat da eta nerabeen kasuan eskola-prozesua eta bizi-prozesua ez datoz bat ia inoiz; gainera, prozesuok ez datoz bat “kanpoko rolloekin” ere. Gazteokin eduki beharreko pazientzia grina handiarekin landu behar da, ez dago beste formularik.

Nerabeak eta arazoak beti lotuta daudela dirudi. Urrun joan gabe, pandemian zehar sarri kritikatu da gazteen erantzukizun falta.

Azken finean, nagusiok kontserbadore hipokritak garela erakustearen errudunak direlako gertatzen da. Egia esan, gazteok egunero esaten digute bizitza askotarikoa dela. Hartu alkoholaren gaia. Kapitulu bat eskaintzen diot liburuan beste droga batzuekin batera. Zergatik gara hain hipokritak? Gurasoei beti esaten diet: «zuek ez zarete guraso zoragarriak izatera iritsi, baina ikasi duzue Don Simon ardoarekin edo Errioxako erreserbako ardoarekin egindako kalimotxoa bereizten, ezta?». Zergatik ez lan egin gazteok alkoholarekin ahalik eta harreman txikiena izan dezaten, baina izan dezaten? Gazteak kalean edateko elkartzen direnean, zergatik jartzen dugu arreta edatearekin lotutako arazoetan eta ez elkarrekin egoteko elkartzen diren gazteen arteko harremanen konplexutasunean?

Ikusten dugunaren sekuentzia ondorengoa da beti: lehenik arazo bat eta, gero, nerabe bat, helduok gauza bera egingo ez bagenu bezala. Egungo helduetatik zenbatek itxaron zuen 18 urte bete arte alkohola edateko? Gogaitzen gaituzte, arazo bat eraikitzen dugu, eta gero psikologoak, psikiatrak eta konpainia etortzen dira; etiketak asmatzen ditugu eta etiketa horiek jartzen aritzen gara gazte guztiei.

Badakite helduek nerabeekin komunikatzen?

Denetarik dago, baina, asko sinplifikatuz, hasteko ez dugu ahaleginik egiten esateko: «ea, beste argudio batzuk izan ditzakete, agian esaten dutenak badu beste zentzu bat». Beren munduan sartzen gara, baina guztia gure kategorietatik interpretatuz. Adibidez, horma batean “Maria askatu” jartzen badu, mezua “Maria askatu” da. Arriskuak aurretik jarri beharrean, zera azaldu beharko zaie: «iraultza egin nahi baduzu, akaso beste era batera egin beharko duzu». Ez dugu ahaleginik egiten nerabeen mundu ikuskera ezagutzeko, pentsatzeko posible dela gazteek egiten duten munduaren irakurketa gurea ez izatea.

Ahalegin hori egin dugu, era erlatiboan betiere, gizon eta emakumeen eremuan, eta egun inori ez zaio bururatzen munduaren ikuspegi maskulinoa bakarra denik –kontuan izanik maskulinoaren barruan ere asko daudela, noski–, baina genero ikuspegia onartzen dugu. Bada, zergatik ez dugu nerabeen ikuspegia onartzen? Kosta egiten zaigu, kosta egiten zaigu nerabeen ondoan egon eta tarte batean behintzat isilik egotea.

Guraso askok ulertu dute hori konfinamenduan, prisma moduko batekin begiratzen ikastea, kaleidoskopio bat bagenu bezala, askoz kolore gehiago dituztela ikustea, beren koloreak ez direla beltzak. Hurbiltasuna eta begirada anitzeko dosi hori falta zaigu.

«Begiradaren etsaitasuna arinduz hasten da dena», diozu liburuan.

Bai, eskolan ere gertatzen da. Irakasle askok oso ondo egin dute lan, noski, baina batzuetan haserretu egiten dira esaten diedanean: «ez da zure etsaia, nerabe bat besterik ez da, eta, gainera, gazteoi esker kobratzen duzu soldata hilabete amaieran. Gainera, zu baino askoz gazteagoa da, eta gogoratu noizean behin inbidia ematen dizula eta zu ere bera bezalakoa izan zinela, ohorezko matrikulak ateratzen zituen ikaslea ez bazinen behintzat, eta ez dut uste hori ere nerabe batentzat onena denik. Zergatik ez diozu uzten, beraz, gazteok haserrarazten zaituztela esateari?».

Badakit nerabeek irakasleak haserrarazten dituztela, badakit gurasoak egun osoan “puteatu” dituzten nagusiekin nazkatuta etxera heltzean gatazka sortzeko prest aurkitzen dituztela seme-alaba nerabeak, badakit une horretan jan egingo lituzketela, baina, ahal baduzu, arnasa hartu eta begirada atsegin bat jarri. Egungo egoeran besarkadak faltan botatzen ditugunean, poetaren esaldi ezagun hau gogoratzen dut: “lehen musua ez da ezpainekin ematen, baizik eta begiradarekin”. Beste modu batean begiratu behar ditugu, neska-mutilok jasotzen dituzten begiraden vademecum bat egingo bagenu, begirada negatiboak izango bailirateke ia denak: ikasle txarra eskolan, edo irakasleak espero duena egiten ez duena, guztiz etsitako ama, arazo iturri bezala ikusten duen auzokidea... Hainbeste dira pilatzen dituzten aurkako begiradak, ezen oso zaila dela gero lasaitzea eta mundua beste era batera ikustea.

Gazteek liskarrak eragiten ez dituzten helduak, inposizioa baliatzen ez dutenak, inguruan izatea oso garrantzitsua dela diozu.

Lehen liburuan behin eta berriz aipatzen nuen hori nerabeekin lan egiteko logiken bilduma egitean. Eta uneotan planteatzen ari den eskola eredu berriarekin errepikatu beharko den ideia bat da, nahiz eta, nire ustez, azkenean betiko eredua nagusituko den. Pandemiaren ondoren eskolak ezberdina izan beharko luke. Eta nabarmendu dut eskola berri horretan bermatu beharko litzatekeela nerabe guztiek inguruan heldu positiboak izatea. Gurasoak kezkatzeko gaude, baina nerabeek beste begirada batzuk behar dituzte: arazoak testuinguruan jartzen dakien tutore ona, beti arazo iturri gisa begiratzen ez dituena; noizbait esateko dutena entzutera mugatzen den pediatra zentzuduna; gatazka sortu nahi ez duen polizia... Nerabeek gertuko hainbat heldu izan behar dituzte, arazo gisa ikusten ez dituztenak.

Horrela bada, ikusiko duzu norengana joko duten behar izatekotan. Interneteko lagunen eta gurasoen artean, ekuazio-sistemen eta maitemintzearen artean, kalean sortu den nahaspilaz, Internetez, bizitzen edo sentitzen ari direnaz hitz egiteko aukera dago. Beste lagun batzuk behar dituzte nerabeek, baita erakundeetan ere. Gogoan dut hori egiten nuela Gipuzkoako Aldundiarentzat haur eta nerabeen baliabideei buruzko proiektuak garatu eta idatzi nituenean. Esaten genuen leku desberdinetan helduak egotea bermatu behar zela, bestela ikusten baitugu zer dagoen: pandemiaren aurretik smartphone-ak debekatzen saiatzen ari ziren, “gurasoen PIN”-a jarri nahi zuten, eta, orain, berriz, entzun besterik ez dago zer esaten ari diren... Gurasoei kontrola saltzen diete, segurtasuna, eta horrek ez du zerikusirik gazteek behar dutenarekin.

Nerabeak eta sexualitatea. Skolae programa aipatzen duzu liburuan, eta arlo hori etxera mugatzea eskubideak urratzea eta errealitatea faltsutzea dela diozu. Zergatik?

Pandemiaren aurretik oraindik toki batzuetan “gurasoen PIN”-aren inguruko eztabaida zegoen, Nafarroan Skolae programa bertan behera utzi berri dute auzitegiek... Efektu beldurgarria sortzen dute: bakardadea. Zuk nahi duzuna esango duzu, baina, zure hautua edozein dela ere, zure semeak hainbat bideo porno ikusiko ditu, eta, nahi beste kontrol jarri arren, denak gaindituko ditu. Nerabeek euren buruak babestu eta mundua beren gurasoek ez bezala ikusteko duten eskubidea aldarrikatzen dut. Jende asko haserretuko dut, baina eskola seme-alabak gurasoengandik libratzeko asmatu zen. Nork esan du zure munduaren ikuspegia bakarra dela? Dena den, ez kezkatu, azkenean antz handiegia izango du zurekin. Baina bakardadeak defentsarik gabe uzten ditu, ez dute ikasten eta ez dute behar dutena deskubritzen. Horregatik nabarmendu dut beraien eskubideak urratzen direla, berezko bizitza izateko eskubidea; haurtzaroaren eskubidea da, ez gurasoena esklusiboki.

«Zoriontasunen eta zoritxarren balantzea» egitearen garrantzia planteatzen duzu.

Eskolan martxan jartzen diren programek afektuak, sentsibilitateak, emozioak... lantzen dituzte. Baina, kontuz, nerabezaroan mezuak ez dira aski. Nerabeekin zaudela, zera esango dizute: «mezuak badakizkigu eta eskertzen ditugu, baina nork laguntzen gaitu? Norekin hitz egin dezaket mutil-lagun batekin arazo bat dudanean? Norekin eztabaida dezaket maiteminduta egotearen eta larrua jotzearen arteko aldeaz? Norengana jo dezaket mutila banaiz eta ez badut argi nire sexu-harremanak nolakoak izan behar diren? Elkarrizketarako lurralde hori tutoretzaren inguruko eskola inguruneetan gertatu beharko litzateke, baita ingurune sozialetan ere: gaztelekuetan, gazte espazioetan, tailerretan, jardueretan... Nerabeek lasaitasun osoz bizi eta sentitzen dutenaz hitz egin dezaketen helduak izan behar dituzte inguruan.

Eskola eta familiaren arteko bitarteko espazio bat falta da?

Nafarroako eta EAEko hainbat kaleko hezitzailerekin bideo konferentzia izan dut, eskolaren eta kalearen arteko harremanaz. Batzuetan eskola gotorleku bat bezalakoa da; nerabeak barruan daude, nazkatuta, irten nahi dute baina ezin dute. Eta kanpokoak –hezitzaileak, gizarte langileak, begiraleak, terapeutak– eskoletara sartzen saiatzen gara zerbait egitera, baina eskolak bere logikak ditu eta ez dago modurik. Jon Etxebarriaren metafora bat erabiltzen dut hori azaltzeko. Metafora horrek dio tarteko lurralde moduko bat eraiki behar dugula, mugak iragazkor bihurtu behar ditugula; muga-eremuak izan behar dira, baina eremu irekiak izan behar dira. Hau da, nerabeak joan-etorrian aritu behar dira, eta beste profesional batzuek sartzeko aukera izan behar dute, hitz egin eta eztabaidatzeko. Kortse akademikorik eta gurasoen gehiegizko babesik gabeko eremuak izan behar dira.