18/07/2020

Iñaki Altuna
EH Bilduk izandako sakon-sakoneko lorpena

EH Bilduren emaitzak ez dio ez ezker abertzalearen estrategia aldaketari ez ETAren erabakiei erantzuten. Beste estadio batean sartu da

EH Bilduk bozen %27,85 lortu zituen joan den igandean izandako hauteskundeetan, inoiz baino gehiago. Batek baino gehiagok esango du datu horrek izandako abstentzio izugarriarekin duela zerikusia eta, egiari zor, horrela dela aitortu behar da. Hau da, abstentzioa txikitu ahala, seguru asko, portzentaje hori ere jaitsiko litatzeke, hainbat boz boto emaileek bizkarra eman dieten alderdieetara bueltatuko liratekeelako. Izan ere, abstentzioa ez da homogeneoa. Hauteskundeen eta egoera politiko zein sozialaren arabera, gehiago eragiten die alderdi batzuei besteei baino.

Nolanahi ere, oso nabarmentzekoa da EH Bilduk, abstentzioa hainbeste handituta ere (zazpi puntutik gora egin du 2016ko hauteskundeekin alderatuta), portzentajean ez ezik, boz kopuruan ere gora egin izana. Kasik 23.000 boto gehiago lortu ditu. Askoz jende gutxiagok bozkatu du eta, halere, boz kopuru handiagoa lortu du. Ez da gutxi beste alderdi nagusi guztiek bozak galdu dituztelarik.

Ontzat emanda ere parte hartze handiagoarekin EH Bilduk lortuko lukeen boz portzentajea txikiagoa litzatekeela, indar politiko hori ez litzateke 2011-2012ko hitzorduetan izandako emaitzetatik oso urruti ibiliko. Eta horixe da aurrera begira politikoki aztertu beharreko daturik esanguratsuena.

2011ko udaberrian udal eta foru hauteskundeetan Bildu aurkeztu zen; 2011ko azaroan, Amaiur Espainiako Kongresu eta Senatura, eta, 2012an, EH Bildu Gasteizko Parlamentura. Bide horretan, ezker abertzalearen eta EAren arteko akordioa izan zen lehen urratsa, eta ondoren etorri ziren Aralar eta Alternatiba, betiere alderdirik gabeko hainbat norbanakorekin batera.

Hasiera hura izan zen indar metaketa berri horren gailurra, eta marka hura lortu izanak zerikusia handia izan zuen orduantxe ezker abertzaleak estrategia aldatu izanarekin eta ETAk borroka armatua uzteko hartutako bidearekin. Nolabait esatearren, hori dena saritu zuten hautesleek. Ziklo aldaketa bultzatu izana saritu zuten bozaren bitartez.

Jakina, hain emaitza onak lortzea zaila bada, are zailagoa da emaitza horiei denboran eustea, eta lehen garaipen horren ostean higadura ere etorri zen hurrengo urteetan eta hauteskundeetan. Ez zen beherakada azkarra izan, ezkerreko abertzale eta subiranisten boz eta indarra ez baita inoiz likidoa izan, baina beherako joera hartu zuen. Normala ere bazen maila batean behera egitea horrenbesteko arrakasta lortu ostean.

Oraingoan berriro ere ezkerreko soberanisten eskaintza horrelako mailara iritsi izanak esanahi politiko handia du. Oraingo emaitzak ez baitio ez ezker abertzalearen estrategia aldaketari ez ETAren erabakiei erantzuten. Hura amortizatuta dago dagoeneko, onerako zein txarrerako. Beste estadio batean sartu da EH Bilduren proiektua, arrakastatsu; gai izan delako indar metaketa berritzeko, etorkizunerako alternatiba gisa agertu delako, orain arte uzkur zituen beste sektore batzuetara iristeko gai izan delako, ezkerreko ikuspuntutik eremuak zabaldu dituelako, aliantza politikan aukerak zabaldu dituelako, zenbait kasutan –Madrilen edota Nafarroan, esate baterako– erabakigarri izan delako… Ez da soilik aurreko zikloa ixteko ahaleginaren isla, hori ere izan arren; etorkizuneko proiektutzat ere aurkez dezake bere burua EH Bilduk. Ez da gutxi, baina, jakina, oraindik ere ez da nahikoa. •