Maite Ubiria Beaumont

Frantziar ultraeskuinaren estrategia sarraskijalea

Baionako karriketan uztailaren 8an eginiko martxa zuriko parte-hartzaileek babesa adierazi zioten handik gutxira hil zen Chronoplus-eko autobus-gidari Philippe Monguillot-en familiari. Milaka herritarrek, eraso lazgarria jasan zuen langilearen gertukoei sostengua emateaz gain, gizarte bortizkeriak sortzen dituen galderak erdigunean kokatu zituzten, zeharka arazo konplexuei errazkeriaz erantzuteko arriskuaz ohartaraziz.

Adierazgarria izan zen erasoa gertatu orduko harilkatu zen iritzi korronte bikoitza. Sare sozialek, lehenik, eta arduradun publikoen adierazpenek, ondoren, lurraldearen araberako posizio ezberdinak agertu zituzten.

Biktimarekiko elkartasun mezuak eta justiziaren aldeko keinuak tartekatu ziren, ezinbestean, hiri mailan egin ziren adierazpenetan. Familiak berak une zeharo zailetan erabili zuen tonuak eta Monguilloten lankideek, segurtasunaren auziari iskin egin gabe, babesaren eremuan kokatu zuten eztabaida. Autobus-gidariaren emaztea eta hiru alabak besarkatzea lehenetsi zuten, eta, aldi berean, enpresak langileei segurtasun baldintzak bermatzeko ardura duela gogorarazi zuten –eremu guztietan bermatzekoa, ez soilik erasoak irudikatzen duen arriskuaren aurrean–. Hartara, mina gertutik sentitu zutenek eztabaida markoa ezarri zuten, gertakariak hirian sortutako zirrarari adierazpide naturala eskainiz.

Bestetik, sare sozialek oso bestelako korrontea islatu zuten. «Fatxosfera» berehala saiatu zen segurtasunaren gaineko auziaren mamua zabaltzen, salbuespenak salbuespen, baionarren mezuetan nagusitu zen elkartasun taupadari herraz beteriko iruzkinak gehituz. Irizpide hexagonalen arabera aletu zuten afera, eta horrek estrategia sarraskijaleari lurra hartzea zaildu zion. Martxa zuria zipriztindu nahi horretan ez zituzten tokiko aliatuak aurkitu. Besteak beste, ekainaren 28an amaitutako herriko bozek agerian utzi zutelako tokiko eremuan ultraeskuinak leku eskasa duela. Hala ere, Philippe Monguillotek azken hatsa eman ondoren, Parisek familia eta hiriaren dolua errespetatu eta ultraeskuineko sarraskijaleen jokabidea gelditzera jokatu ordez, bigarren mugimendu kezkagarri bat egin zuen. Baiona kolpatu zuen gertakari latza aitzakia hartuta, Emmanuel Macron frantses presidenteak gobernua eraberritu osteko lehen mailako ministro baten bisita antolatu zuen. Nor helduko Baionara eta Gerald Darmanin Barne ministroa bera, nor eta exekutiboaren eraberritze prozesuan ika-mikaz harago samina ere eragin duen kargudun berria.

Darmanin, atzean «bortizkeriaren itzala» duena, autoritatearen diskurtsoa iltzatzera heldu zen. 2009an emazte bati bere «aurrekari judizialak» zuritzearen truke sexu-harremanak izateko proposamena egin zion Darmaninek. Bere defentsak egitate hori onartu du, nahiz eta bortxaketa akusazioa gezurtatu duen. «Gizonen arteko» solasaldia izan ondoren, Macronek herritarren segurtasuna bermatzeko ardura eman dio.

Baionako gertakaria herra eta salaketaren sistema gurera ekartzeko baliatu du ultraeskuinak. Baionako hirian erasoak utziriko zauriari gatza bota dio Macronek, emazte eta gizonen arteko berdintasuna bere presidentetzaren ardatz nagusitzat finkatu zuela ahaztu, eta supremazismo matxista erreproduzituz. Bi jokabide horiek ez dute tokirik lurralde honetan. •