Miren Azkarate Badiola

Badator hurrengoa

Isaias da Kubako aurtengo urakanen zerrenda inauguratu duen ekaitz tropikala. Indar gutxirekin pasa da ekialdetik, ez du kalte pertsonalik eragin, nahiz eta bestelakoak bai. Beste irla batzuetan, aldiz, hildakoak ere eragin ditu.

Aitak egun batzuk lehenago whatsapp bat bidali zidan: «Urakana dabil Karibetik, Bahamasera doala dirudi, agian ekialdean nabarituko dute haize eta itsasoko penetrazioa, baina badaezpada ere, al loro. Hasi da garaia, hemendik aurrera kontuz ibili behar dugu». Eta horrela azarora arte! Eta urtero berdin! Ohitzen ez naizen zerbait da, beti izaten dudan kezka bat. Kuba oso ondo prestatuta dago naturaren erakustaldi horietarako, baina gu hemendik ere erne ibiltzen gara.

Betidanik bizi izan garenez urakanekin, haien izenak nork jartzen ote dituen galdetu izan diot beti neure buruari. Garai batean egun horretako santuaren izena jartzen zitzaien eta ondoren, XIX. mendean, Clement Wragge izeneko meteorologoa pertsona izenak jartzen hasi zen, denak emakumeenak. Emakume ekintzaile eta feminista batek kanpaina bat abiarazi zuen hondamendi naturalak emakume izenekin soilik ez identifikatzeko eskatuz. Roxcy Bolton estatubatuarra izan zen, eta hari esker 1979an lehen aldiz urakan bati gizon izena jarri zitzaion: Bob.

Gaur egun, sei urterako zerrenda bat dago, urtero 21 izenez osatua, zazpigarren urtean berriro ere errepikatzen hasten den zerrenda. Ordena alfabetiko bati jarraitzen diote, eta urte horretan 21 urakan baino gehiago badaude, alfabeto grekoko izenak erabiltzen dira. Datu bitxi bat: kalte handia eragin duten urakanen izenak zerrendatik kendu egiten dira eta ez dira berriro erabiltzen.

Espero dezagun aurten ez izatea horrelakorik Karibe aldean, ez gizon izenarekin ez emakume izenarekin (ba ote generorik gabekorik?), ez Isaiasik, ez Hannarik. Baina hurrengoa jada bidean da. Hedabideek ez dute izenik ahoskatu momentuz... •