Juantxo EGAÑA

Gasteizko jaiak ospatzen zirenekoa

Andre Maria Zuriaren jaiak 1884an ospatzen hasi ziren Gasteizen, udal erabaki baten ondoren. Celedon 1957an jaitsi zen lehen aldiz. Ceferino Yanguasek 1935eko jaietan egindako argazkian, “Los nietos de Celedón” kuadrillako kide batzuk ageri dira Gasteizko Plaza Berrian. Urte hartako abuztuaren 6an, tokiko hainbat komunikabidek Gasteizen izandako ospakizunen berri ematen zuten, Aereo Popular taldearen aireko erakustaldia, kontzertuak eta Arrosarioko prozesioa, besteak beste. Aurreko urteetan bezala, “El Pueblo Vasco” egunkariaren arabera, Gasteizko kartzelako presoei ohiz kanpoko janaria eman zieten. Datu bitxi gisa, hedabide horrek Justo Ipiñaren tabernan jaietan hamabost kilo txorizo lapurtu zituztela kontatu zuen. Gasteizen Andre Maria Zuriaren jaiak ospatzen ziren bitartean, Bizkaiko sindikatuek “Egun gorria” ospatu zutela jakinarazi zuen prentsak. Bandera gorriak, pintadak eta “eskuorri subertsiboak” agertu omen ziren Bilboko hainbat lekutan.