Xabier Mikel Errekondo

Turismo eredua: bertakoak eta «giriak»

Turismoa aberastasuna da agintarientzat eta, nola ez, euskal barne produktu gordinean gero eta pisu handiagoa izan dezan gogotik bultzatzen ari dira. Aurreikuspenek diote Euskal Autonomi Erkidegoan batez beste %3 eta % 4 artean igoko dela negozioaren bolumena eta Europan 2030ean joko duela goia, 1. 800 milioi turista hartzera iritsita. Hori covid-19 malapartatua agertu aurretik…

Krisiaren eraginpean, euskal politikari hainbat barregarri begitandu zaizkit erregutuz bertakooi turismoan zero kilometro politika aplika dezagun. Bertakoak kanpoko bihurtu nahian antza, “giriak” geure lurraldean… Nortzuk eta kanpotik turistak masiboki etor daitezen politikak onartzen dituztenak, esan nahi da, era guztietako ostatuen eskaintza biderkatuz bertakoei bizimodua eta etxebizitza aurkitzeko aukera zapuzten dieten horiek. Zertarako eta eredu masiboko ostalaritza-industria eutsi dezagun, haiek aberasten eta bertako herritarrak pobretzen jarraitzeko.

Euskal Turismoaren Plan Estrategikoa 2020 egitasmoak dio: «Munduko Turismo Erakundearen arabera,turismo-eredu iraunkorrak guztiz hartu behar ditu aintzat egungo eta etorkizuneko eragin ekonomikoak, sozialak eta ingurumenaren gainekoak bisitarien, industriaren, inguruaren eta komunitate hartzaileen beharrizanak asetzeko». Zentzuzko hitzak, gure politikariek babestutakoak, baina, interesak medio, nahieran prostituitutakoak, beste behin. Agian covid-19a ez da guztiz kaltetarako izanen, eraman gaitzala egungo turismo masiboaren politikak deseraikitzera.

Arduradunei ardurak bete ditzaten exijitu behar zaie, are gehiago ongizatea jokoan denean. Ondoren, norberak har dezala bere turismo eredua… •