Carlos Sardiña Galache (Efe)
AHAZTUTAKO ZUTABEA

Singapurrek bere ekonomiaren oinarria diren atzerriko langileak baztertzen ditu

Singapurreko biztanleriaren laurdena dira, 5,6 miloi lagun inguru. Langileen herena. Hiri-estatu aberatsaren zutabe ekonomikoa dira langile atzerritarrak, baina ikusezinak dira gainontzeko herritarrentzat. Bizi baldintza larriak pairatzen dituzte, eta Gobernuak zein oposizioak erabat baztertzen ditu. Covid-19 pandemiak gogorren zigortu dituenak ere badira garai korapilatsuotan.

Baldintza osasungaitzetan pilatuta, Singapurreko kualifikaziorik gabeko langile atzerritarrak izan dira covid-19 pandemiak gehien kaltetu dituenak, eta horrek hiri-estatu oparoaren aurpegirik ilunena erakutsi du. Ekonomiaren zutabe erabakigarria izan arren, etorkinen egoera kaskarra joan den hauteskunde kanpainatik erabat kanpo geratu zen.

Joan den uztailaren 11n egin ziren Singapurren hiri-estatuaren agertoki politikoa apenas aldatuko duten hauteskundeak. Are gutxiago atzerriko langileen egoera. «Langile atzerritarrak biztanleriaren laurden bat dira (5,6 milioi lagun inguru), baita lan-indarraren heren bat ere. Are, singapurtar gehienek egin nahi ez dituzten lanak egin ohi dituzte», adierazi du Alex Au Transient Workers Count Too (TWC2) erakundeko zuzendariordeak.

Alex Auren arabera, atzerriko langileak «aktibo ekonomiko» gisa tratatzen dituzte agintariek, «baina oso gutxitan gizaki gisa». Covid-19 gaitzak eragindako pandemiaren garaiotan, inoiz baino nabarmenago geratu da hori. Izan ere, ez boterean dagoen alderdiak ez oposizioak ez dute Singapurren nazioarteko irudia zikintzen duen gai bat mahai gainean jarri nahi izan hauteskunde prozesuan.

Barrakoietan pilatuta

Singapur covid-19 gaitza Txinatik kanpo detektatu zuen lehen herrialdeetako bat izan zen. Ez hori bakarrik, azkar hartu zituen neurriak gaixotasunari aurre egiteko. Osasunaren Mundu Erakundeak berak ere adibide bezala aipatu zuen hasiera batean. Aldiz, apirilaren amaieratik aurrera birusa milaka langile atzerritar bizi diren barrakoietan zabaltzen hasi zen.

Gaur egun, Singapurren detektatutako 44.983 kasuetatik %90 baino gehiago hiriaren aldirietako 43 barrakoitan atzeman dira. Apiriletik, kualifikatu gabeko 300.000 langile atzerritar inguru konfinatu dituzte, logela bakoitzeko 20 pertsona inguru pilatuta eta osasun baldintza eskasetan.

«Migratzaileen eskubideen aldeko erakundeek urte luzez esan dute langile atzerritarrei lan baldintza eta bizi baldintza eskasak ezartzen zaizkiela. Covid-19arekin gertatutakoa ez da salbuespena, aurretik ere gertatu dira antzeko egoerak. Baina badirudi ohartarazpenak guztiz ahaztuta geratu direla», adierazi du Kirsten Han kazetari eta ekintzaile singapurtarrak. Izan ere, beste gaixotasun biriko batzuek, hala nola SARS arnas sindrome akutu larriak, MERS Ekialde Hurbileko arnas sindromeak edo hegazti gripeak, gogor jo zituzten etorkinak.

Alex Auren arabera, litekeena da barrakoietan koronabirus agerraldirik ez izatea, baina «arazoa kontrolpean izan zitekeen Gobernuak pilaketa saihesteko neurri sendoak hartu izan balitu eta apirilean test masiboak egin izan balitu».

Bigarren mailako herritarrak

Hala ere, Han eta Au bat datoz: langile atzerritarren egoerak ez du haserre handirik eragin herritarren artean, eta ez zuen inolako paperik izan hauteskunde eztabaidetan.

«Prentsa librea eta adierazpen askatasuna bagenitu, Gobernuari erantzunak emateko presio egiteko gaitasun handiagoa legoke. Hori bai, arazoaren oinarria langile atzerritarrak komunitatearen parte ez den biztanleria ‘bidaiari’ gisa tratatzean datza, ondorioz errazagoa baita haiei arreta ez ematea», adierazi du Hanek.

«Uste dut jendeak sinpatia edo pena senti dezakeela langile migratzaileekiko, baina, hain arraroa denez Singapurren gai bati buruz giza eskubideen ikuspegitik hitz egitea, ez da behar beste aitortzen langile atzerritarren baldintzak justizia kontua direla», nabarmendu du kazetari eta ekintzaile singapurtarrak.

Mugitzeko askatasunaren mugak

Bien bitartean, ekainaren 2an indarrean sartu zen Atzerriko Esku Enpleguaren Legeari egindako zuzenketa, langile atzerritarrak kontratatzen dituzten enpresaburuek beren langileen mugitzeko askatasuna murriztu ahal izateko: hemendik aurrera enplegatzaileen baimena behar izango dute beren ostatuetatik irteteko.

«Legeak beren enplegatzaileen preso bihurtzen ditu langile atzerritarrak. Lan egiteko bakarrik dute irteteko eskubidea», salatu du Auk. Gainera, azaldu duenez, ez da behin-behineko erregulazioa, zuzenketa ez baita aldi baterako neurrien artean sartu, lege iraunkor batean baizik.

Edonola ere, Hanen arabera, legearen zuzenketa oharkabean igaro da singapurtar gehienentzat. «Singapurrek ez du oposizio sendorik eta gizarte zibila oso ahula da. Egia esan, nahiz eta hauteskundeak eta Parlamentua izan, ez dugu benetako demokraziarik, erregimen autoritario bat baizik. Testuinguru horretan aztertu behar da herritarrek horrelako gaietan azaltzen duten apatia», adierazi du Auk.

 

Krisialdi gogorra ate joka Asiako hego-ekialdeko finantza zentroan ere

Singapurrek barne produktu gordinaren %4 eta %7 arteko beherakadari aurre egin beharko dio aurten, koronabirusak ekonomian izan duen eraginaren ondorioz, eta horrek herrialdearen atzeraldirik okerrena ekarriko du, non eta independentziatik Asiako hego-ekialdeko finantza zentroa izatea lortu duen herrialde txikian.

«Per capita» munduko barne produktu gordin altuenetakoa izan arren, luxuzko hotelez eta punta-puntako ikerketa zentroz betetako nazioak ere desberdintasun handiak ditu, Gini indizea 0,452koa baita, azken urteotan hobera egin badu ere. Desoreka hori lehen ministroaren soldatan ere islatzen da, munduan gehien kobratzen duen agintarietako bat baita, urtean 2,2 milioi dolar singapurtar (1,5 milioi dolar edo 1,3 milioi euro).

Joan den uztaileko hauteskundeetan oposizioak gora egitea lortu bazuen ere, egoera ez da asko aldatuko. Izan ere, oposizioak gora egitea lortu zuen, baina ez zuen Herri Ekintzako Alderdia boteretik kentzea lortu, 1965ean independentziaz geroztik hiri-estatua gobernatzen duen alderdia, alegia.

Lee Hsien Loong lehen ministroak hauteskundeak aurreratu zituen, Gobernuak agindu sendoa izan dezan koronabirusaren pandemiari aurre egiteko, eta atzeraldi ekonomikoari aurre egiteko. Oposizioko alderdi nagusiak, Langileen Alderdiak, azken hamarkada luzean izandako emaitza onenak lortu zituen. Langileen Alderdiak (sozialdemokrata) botoen %11 eta 10 eserleku lortu zituen, eta Herri Ekintzako Alderdiak, botoen %61 eta 83 eserleku.

Alderdi hegemonikoa

1957an sortua, Singapur oraindik britainiar kolonia bat zenean, Langileen Alderdiak ez du inoiz lortu Herri Ekintzako Alderdia kontserbadoreari nagusitasuna kentzea. Herri Ekintzako Alderdia hiru urte lehenago sortu zuen Lee Kuan Yew egungo lehen ministroaren aitak, aditu guztien arabera Singapur modernoaren sortzaileak.

2015ean hil zen Lee Kuan Yew, eta, hiri-estatuaren independentzia lortzeaz gain, «Hirugarren Mundutik Lehen Mundura» eraman zuen Singapur burdinazko eskuarekin, bere arrakastaren gakoak azaltzen zituen liburuko tituluan jaso zuen bezala. Hiri-estatuak munduko per capita errentarik handienetakoa izateko oinarriak eraiki zituen liberalismo ekonomikoa eta autoritarismo politikoa uztartuz.

2004tik agintean den Lee Hsien Loong ez da aldendu aitak ezarritako bidetik, eta Herri Ekintzako Alderdia boterean mantentzea lortu du, oposizioak Gobernuari nepotismoa, gardentasun falta eta komunikabide nagusiak kontrolatzea leporatzen dion bitartean. Legea ahots kritikoen adierazpen askatasuna mugatzeko erabiltzea ere egotzi dio oposizioak.

Era berean, kontuan izan behar da Singapurreko hauteskunde-sistema, britainiarrean inspiratuta dagoena, alderdi handiak bultzatzeko diseinatuta dagoela. Ildo horretan, Asia hego-ekialdeko parlamentari eta diputatu ohiek osatutako gobernuz kanpoko erakunde batek nabarmendu duenez, nahiz eta hiri-estatuan iruzurrik eta hauteskunde irregulartasunik ez egon, «hauteskundeak ez dira bidezkoak» Herri Ekintzako Alderdiaren nagusitasunagatik. «Boz guztiak irabazi ditu Herri Ekintzako Alderdiak Singapurreko autogobernutik: prozesu osoa bere alde diseinatuta dago neurri handi batean», azaldu du Teddy Baguilat giza eskubideen aldeko Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko (ASEAN) parlamentariak.