> Elebitasunaren onurak

Bi hizkuntza modu aktiboan hitz egiteak galera kognitibotik babesten du. Halaxe ondorioztatu dute Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) eta Pompeu Fabra Unibertsitateko (UPF) zientzialariek ikerketa batean. Hartara, elebitasun maila handiagoa duten Alzheimerdun pazienteen kasuan galera kognitiboa modu mantsoagoan gertatzen dela ikusi dute. Ondorioztatu dutenez, bi hizkuntza aktiboki erabiltzeak onura neurologikoak ekartzen dizkigu eta zahartzearekin lotutako narriadura kognitibotik babesten gaitu.

“Neuropsychologia” aldizkarian argitaratu duten lan batean, ikertzaileek ondorioztatu dute bi hizkuntza hitz egiteak –eta bizitza osoan hitz egin izanak– erreserba kognitiboan laguntzen duela eta atzeratu egiten duela kognizioa okertzearekin eta dementziarekin lotutako sintomak agertzea.

Aurretik egindako lanen arabera, bizitza osoan zehar bi hizkuntza edo gehiago erabiltzea funtsezko faktorea izan zitekeen erreserba kognitiboa areagotzeko eta dementziaren hasiera atzeratzeko; baita oroimenaren eta funtzio exekutiboen mesedetan ere.

Bartzelona inguruko jendea aztertu dute, bertan elebitasun maila handia baitago. Ikertu dutenez, bi hizkuntza hitz egitea eta sarritan batetik bestera aldatzea bizitza osoan egiten dugun garunaren entrenamendua da eta horrek mesede egiten dio garunaren kontrol exekutiboari.

> Samuel L. Jacksonek Trumpi: «Zoaz popatik hartzera»

Birala egin da Samuel L. Jackson aktoreak Donald Trump AEBetako egungo presidente eta berrautatzeko hautagai errepublikanoa «popatik hartzera» bidali duen bideoa. Hamabost hizkuntzatan grabatu du Washingtongo aktoreak Twitter bidez zabaldu duen mezu labur bezain argia; besteak beste, euskaraz, hizkuntza horretan adierazten baitu lehenik esaldia; gero katalanez ere bai.

Jacksonek HeadCount ekimena babesten du. Erakunde horrek ez du bere burua alderdikoitzat jotzen, eta musikaren indarra erabiltzen du boto emaileak erregistratzeko eta demokrazian parte hartzea sustatzeko.

> Zientzia eta teknoko bideo lehiaketa gazteentzat

Zientzia eta teknologiako proiektu edo esperimentu baten inguruko bideo lehiaketa jarri du abian Elhuyarrek 2020ko urrirako, Zientzia Azoka ekimenaren barruan. Datorren urriaren 1etik 31ra, gazteek bideo zientifiko eta teknologikoak aurkezteko epea zabalik egongo da. 12 eta 18 urte bitarteko gazteak banaka zein taldeka aurkez daitezke, eta sariak Estatu frantseseko Futuroscope parkera taldeko kide guztientzako hiru bidaia izango dira.

Gaia librea da: zientzia ikerketako proiektuak, teknologikoak, esperimentuak… Bideoek bost minutu baino gutxiago iraun behar dute. Izena emateko formularioa eta parte hartzeko oinarri guztiak Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude (https://zientzia-azoka.elhuyar.eus/eu/albisteak/bideo-lehiaketa).

> Jurgi Ekizaren eta Itziar Ituñoren arrazoiak, AEKrekin

Itziar Ituño aktorea eta Jurgi Ekiza musikaria parez pare jarri ditu AEK-k; izan ere, biak AEK-ko ikasle izan ziren bere garaian. Euskara ikasi edo berrikasteko arrazoiak kontatu dituzte bideo batean.

Ekizak, Willis Drummond musika taldeko kideak, ama hizkuntza du euskara, baina auzoko eskolan hasi zenetik, zazpi urterekin, hizkuntza galtzen hasi zen, eskolan frantsesez irakasten baitzuten. Euskarazko musika aditzen zuen etxean, eta ez zuen ulertzen, baina sentitzen zuen horren parte zela. Horregatik eman zuen izena AEKn, 17 urterekin.

Itziar Ituño aktorearen ama saiatu zen Basauriko ikastola bakarrean matrikulatzen alaba, baina ez zuen lortu. Ez zegoen tokirik. Eskola publikoan, A ereduan ikasi zuen, gazteleraz. Ez zegoen besterik. Ohartu zen ez zela gai euskaraz esaldi bat esateko, eta ikasteko premia sentitu zuen. 19-20 urterekin eman zuen izena AEKn.

> Peru Sasia, Europako Banku Etikoen Federazioko buru

FEBEAk, Europako Banku Etiko eta Alternatiboen Federazioak, joan den irailaren 2an egin zuen batzar birtualean, kontseilu berri bat, 11 erakundek ordeztua, eta beste hiru urterako presidentea aukeratu zituen. Peru Sasia bilbotarra izango da presidente berria.

Federazioa 29 erakundek osatua da, eta agintaldi berriaren atarian Peru Sasiak adierazi duenez, «gaur inoiz baino gehiago esan dezakegu giza jardueraren hainbat arlotan (ekonomikoa, politikoa, kulturala, teknologikoa) garatzen ditugun tresna guztiek benetako balio etikoa eta legitimitatea neurtzen dutela, guztion ongia eraikitzeko lan horretara bideratzen diren neurrian».