Nekane Zinkunegi Barandiaran

Faxisten gorrotoa

Egunotan bete da mende erdia Joseba Elosegiren ekintza ikusgarritik. 1970ean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, bere buruari su eman zion eta bigarren galeriatik kantxara jauzi egin zuen. Munduko Pilota Txapelketa jokatzen ari ziren, eta bertan zen Francisco Franco diktadorea. Literalki sutan zela, harengana gerturatzea zen Elosegiren helburua, «Gora Euskadi askatuta» oihu egiten zuen bitartean, diktadoreari Gernika suntsitu zuen su kiskalgarria ikusarazi nahi zion. Hamazazpi egun izan zen hilzorian, eta zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Eta egun hartako NO-DOak, frontoiko irribarre alaiak eta giro lasaia baino ez zituen erakutsi.

Franco hil zen, haren gorpua atera zuten Erorien Haranetik, eta poztekoa da Frankismoan izandako berme gabeko epaiketak baliogabetzeko erabakia, berandu datorren arren. Edonola ere, Gernikan eragin zuten minak badirau. Eta badirau frankismoaren itzalak ere. Bestela, nola uler daiteke Voxek Espainiako Kongresuan aurkeztu duen proposamena, alderdi independentistak legez kanpo uzteko? Eta alderdi horiek jaso duten diru publikoa itzul dezatela eskatzea, nork eta diru publiko beretik jaten duten faxistek? Nola uler daiteke, ustezko demokrazian, proposamen horren aurka egin ordez, PPk eta Ciudadanosek abstentziora jotzea?

Gernika erre zuen su haren kea baino zerbait gehiago da Espainiako eskuin muturra. Gorrotoa oinarri hartuta, espainiarra ez den nazionalismo oro lurperatu nahi dute. Baina, hamarkadetan egin bezala, jarraituko du errautsetatik berpiztutako herri borondateak isilarazi nahi dutenen aurrean ahotsa altxatzen. •