Amaia Nausia Pimoulier

Okupa

Kontatu didatenez, ezagun baten lehengusuaren ikaskide ohiari gertatu zitzaion oporretara joan zela eta itzultzerakoan okupa batzuk sartu zitzaizkiola bere etxean. Orain ezin ditu etxetik kanporatu eta bera gurasoen etxera itzuli da. Zertarako hipoteka bat ordaindu? Merkeago ateratzen da etxebizitza bat okupatzea. Gezurra da, noski, dena asmatu dut, telebistan, irrati eta sare sozialetan egiten ari diren bezala.

Belaunaldi honek ezagutu duen krisialdirik handienaren erdian, zerbitzu publikoak arriskuan dauden honetan, azken hilabetean komunikabide eta sare sozialen kezka nagusia bilakatu da okupazioa. Baina, gerta dakiguke gure etxea okupatzea? Berez datuek ez dute hori esaten, errealitatea etxebizitza sozialaren falta eta etxebizitza eskuratzeko bermerik eza da. Beraz, gerta daiteke beharra duten pertsonek etxebizitza okupatzea, baina, oro har, etxebizitza hutsak edo abandonatuak dira, eta bankuen edo finantza etxeen esku daudenak, ez partikularren etxeak. Horrela esaten dute gaiaren inguruan adituak diren epaile eta abokatuek. Zer ari da gertatzen orduan? Mekanismoak honakoa dirudi: covid-19aren krisiak iragartzen duen bezala, bankuek dagoeneko badute susmoa jende asko larri ibiliko dela bere hipoteka ordaintzeko; horrenbestez, legea gogortu nahi dute baliabiderik gabe geratzen diren familien kaleratzea errazteko; beraz, euren interesekin lerrokatuak dauden komunikabideak martxan jarri dituzte, okupazioaren inguruko alarma soziala pizteko; horrela, zuk, etxea ordaintzen amaitu gabe duzun horrek edo alokairuan bizi zaren horrek, kanpaina erosten diezu komunikabideei; hala, alerta sozialaren aurrean, legea aldatzen dute, etxegabetzeak errazteko; zu, alarma irentsi zenuen hori eta “Desokupa”-koak defendatu dituzun pertsona bera, langabezian geratuko zara, ezingo duzu hipoteka ordaindu eta lege berriari esker etxegabetu egingo zaituzte; azkenik, zuk eta zure familiak non bizi izan dezazuen, bankuek espekulatzeko hutsik dituzten milaka etxeetatik bat okupatuko duzu; eta asmatu orduan zer? «Tok, tok!», Desokupakoak dira zure atea jotzen.

Kanpaina horren atzean, etxegabetzeak errazteko legea aldatzeaz gain, nire susmoa da etxebizitzaren kontzeptua bera ulertzeko bi ikuspuntuak dabiltzala borrokan; lehenik eta behin, ikuspegi kapitalista, etxebizitzan salerosketarako, espekulaziorako eta aberasteko bitarteko bat ikusten duena; eta, bestetik, ikuspuntu soziala, etxebizitza lehen mailako premia gisa ikusten duena. Niretzat, ezagutzen ditudan gainerako langileentzat bezala, etxea zaintzarako eta elkarbizitzarako espazioa da, bertan eraikitzen dira harremanak eta bizilagunen arteko loturak ere. Behar bat da, noski, lehen mailako beharra.

Koronabirusaren eta konfinamenduaren krisiak agerian utzi ditu etxebizitza merkatuaren miseriak, gaur egun oraindik herritar askok dituzten gabezia larriak ere ikusi ditugu; horretan ere bagaude pribilegiatuak langileen artean, batzuk espaziorik gabe, osasun neurririk gabe bizi behar izan dutelako egoera latz hau. Okupazioaren kontrako legea gogortu eta etxegabetzea errazteko legea indartu beharrean, etxebizitzaren jabetza eta alokairuaren prezioak arautu beharko lirateke. Are gehiago, bizitzeko, eta ez espekulatzeko diren etxebizitza guztien gutxieneko kalitatea bermatuko lukeen legea, espazioari eta osasungarritasunari dagokienez, egin beharko litzateke. Baina ez, jarrai dezagun pentsatzen ogia erostetik bueltan gure etxean aurkituko ditugunak okupak izanen direla eta ez direla izanen poliziak, bankuaren salaketaren ondorioz epailearen autoa eskuetan dutela. •