Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Paraleloa eta beste paralelo bat

Bizitza paralelo hura (edo hau) hasi genuen une haiek ahaztu zaizkidala iruditzen zait batzuetan. Planeatu gabeko eguneroko errutina aldaketara ohitu nintzen, etxeko bulegoa dekoratu nuen, harreman transakzionalez betetako bilerez bete ziren nire egunak, benetan kritikoa zen horretan bakarrik lehentasunak ezarriz. Aurrez aurreko harreman guztiak aldatu genituen, eta Internetek lagundu zigun munduarekin kontaktuan jarraitzen. Telefonoak egunero bidaltzen didan mezu automatikoan aurreko astetik Interneten emandako minutuak gora doazela esaten dit, kezka sortzen hasteraino. Londresko kaleetako hutsunera ohitu nintzen; pubetara ez joatea normala bihurtu zen; ikuslerik gabeko futbol estadioak telebistan erakusten dizkigute, inteligentzia artifizialez programatutako zaleen soinuekin eta horretara ere ohitu naiz; deseroso sentiarazi gaituzte jatetxeetan, «ez du merezi joatea» esaten dugu. Hau al da hiri honen kosmopolita izaeraren amaiera? “The end”.

Hori dena egin genuen entrenamendurik gabe, inposizioak eskatzen duen erreakzio iraultzailerik gabe. Ezer kuestionatzeko denborarik gabe. Ez zegoen denborarik.

Eta, hori guztia gertatzen ari zen bitartean Brexitaz ahaztu ginen. Albistegietatik desagertu zen. Hori ote zen covid-19ak ekarri zigun alde positiboetako bat?

Covidak kutsatuko Brexita ez zuen inork aurreikusten, eta ekonomiak behera egin duenean, kezka zabaldu da, urduritasuna nabari da, krisia bikoiztu egingo dutelako, jendea gertutik hasi delako ondorioak sentitzen. Langabezia igo delako. Enpresak ez direlako ari kontratazio berriak egiten. Eta, berriro ere etxean sartzeko posibilitatea hor ikusten dugulako, bigarren aldiz. Baina ezin ahaztu, hauteskundeetan gehiengo eztabaidaezin hura lortu zuenean, Johnsonen alde bozkatu zutenek Brexitaren alde ere bozkatu zutela. Zeharka. Beraz, orain covid-19aren ondoren hainbaten egoera ekonomikoa okertu delako, ezin da negar egin. Koherentzia, lagun. Onean eta txarrean.

Sei pertsonatik gorako taldeak debekatu dituzte aste honetan. Eta, arau hori hausten ari den norbait ikusten badugu kontaktatzeko eskatu digute. Salatzeko. Konturatu ere egin gabe, Stasi eiteko parlamentu bat bihurtzen ari da hau. Edo, ez da egia, beste errealitate bat da hori?

Bitartean, bestelako mezuak iristen ari zaizkigu Parlamentutik. Brexita kontrolpean dagoela. Baina, Johnson Europarekin joko arriskutsu batean hasi berri da: aurretik hitzartutako hainbat akordio errespetatu gabe, legeari gor eginez; Brexit “gogor” batekin aurrez aurre, sokaren gainean, balantzaka. Europar Batasunari egotzi dio errua Johnsonek, ez dela intentzio onez negoziatzen leporatuz. Covid-19aren eta Brexitaren konbinazio lehergarria eztanda egitear dago. Tik-tak. Tik-tak.

Zein da Johnsonen erregelarik gabeko bizitza paralelo hori?

Atzo Johnsonek esan zuen egunean 10 milioi test egiteko gaitasuna izango dutela urritik aurrera. Ironikoa, test sistemaren azpiegiturek porrot egin dutenean eta egunean 200 mila test baino egiteko gai ez direnean. Logistikoki ezinezkoa dirudien egoera bat proposatu digu eta konfiantza eta lasaitasun osoz bota du. Eta, dantzan jarri ditu denak, albistegiak, egunkariak.

Alienatu gaitu berriro ere. Zer da lortu nahi duena joko taktiko horrekin? Hainbat egoera paralelo kontrola galduta dauzkagu. Arazoari seriotasuna kentzea da akaso nahi duena. Okerrena da, ordea, ez dakigula zein izango den bere xake partida partikularreko hurrengo mugimendua. Peoi, gaztelu eta zaldi guztiak beharko ditugu erasoari aurre egiteko. Nonbaitetik kendu behar baldin bada, gakoa hor dago, jakingo genuke nondik! •